Ekainberri

 
 

 

Ekain, koba baino askoz gehiago

Hurbildu historiaurrera Ekainberrin! Ezagutu gure arbasoen bizimodua eta bihurtu Ekaingo familiaren kide! Bizi esperientzia berri eta oso bat zure ikasleekin!

Denbora batez, Goi Paleolitoaren bukaerako bizimoduan barneratu zaitezke, garai hartako gizakiak bizi ziren inguruan zehar ibili, duela 13.000-14.000 urte eginiko labar artea ezagutu eta beraien bizimoduan era praktiko eta aktiboan murgiltzeko aukera bikaina duzu. Ordu batzuetan zehar labar margoen artista bihur zaitezke, edo sua egiten ikasi eta Izotz Aroko neguak arindu, eta nola ez, Paleolitoko ehiztari bihurtu eta tribuaren biziraupena bermatu. 
Gelan lehen gizakiari buruz ikasitakoa osatu eta finkatzeko aukera paregabea da!

 

Eskaintza Didaktikoa    

Bisita gidatuen bidez, Ekaingo labar margoen kopia zehatzak ikusi eta ezagutu daitezke, jarduera Euskal Herriko labar artearen erakusketa gelan osatuz. 
Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino iristen den eskaintza didaktiko zabal eta malgua dago eskura, hezkuntza ziklo bakoitzera egokituriko bisita eta arkeologia esperimentaleko tailerrak uztartuz, beti gida baten zuzendaritzapean eta talde bakoi­tzaren beharretara egokitua.
Eskaintza didaktiko zabal hau aproposa da edozein talderentzat ere, egun desberdin bat igaro eta esperientzia paregabe bat bizitzeko aukera ematen duelako, gelan ikusitako gauzak bizitzeko modu ezin hobea da.
Ibilbidean zehar Ekaingo familiak lagunduko digu. Shaira, Loane, Naira, Narel, Kael eta Samai ezinbestekoak bihurtu dira Ekaingo gizakien bizimoduan barneratzeko. Hezkuntza ziklo bakoitzeko ikasleek beraietako bat izango dute laguntzaile eskaintza osoan zehar, euren egunerokotasunaren parte bihurtu eta abentura paregabeak bizitzera gonbidatzen gaituzte. Beraiek ikertzen dituen arkeologoa ere Ekainberrin dabil, Pello du izena eta lurpeak ezkutatzen dituen sekretu guztiak irakurtzeko gai da. 

 

Ordutegia
    Asteartetik ostiralera: 10:00 - 18:00

    Asteburuetan eta udan: 10:00 - 19:00

    Astelehenetan: itxita.

 

Oharra: Aparkalekutik Ekain­be­rri­rainoko bidea oinez egin behar da.