Informatika hezkuntzan

1996-01-01
Nola lantzen da informatika gure eskoletan? Galdera honen aurrean, eskola bakoitzak eman dezaken erantzuna ezberdina izan daiteke. Alde batetik, bi bide daude informatika lantzeko: "gaia" bidea (informatika ikasgaia da: ordenadorearen atalak, sistema eragilea, testu tratamenduak...), eta "tresna" bidea (zenbait gai ikasteko programen erabilpena: atomoa, energia zinetikoa...)

Bestalde, erabiltzen den hardwarea oso ezberdina da: disko gogor gabeko ordenadoretik abiatuz, 486 multimediaz osatutako ordenadoreetara heltzen da tresneriaren gama.

Ez da ahaztu behar, azkenik, euskarazko softwareak jasaten duen egoera: oso programa gutxi daude, beste hizkuntzetan egindako programekin alderatzen badugu.

Faktore horiek kontuan harturik, informatikak gaur egun duen egoera aztertuko dugu
 
 
1."GAIA" BIDEA

Informatika gaia euskaraz ikasteko ditugun baliabideak aztertuko ditugu. Hona hemen horretarako egin dugun sailkapena:

1.1 Kaleratutako liburuak

1.2. Nola egin gure materiala.

1.3. Euskaratutako programak. Zuzentzaile ortografikoa.



1.1 Kaleratutako liburuak

Informatika gaia ikasteko kaleratu diren liburuak (euskaraz), oso gutxi dira eta MS-DOS ingurua lantzen dute; Windows inguruari buruz gure eskuetara ez da libururik etorri.

Azken bi urtetan Elhuyarren eskutik bi liburu agertu dira, MS-DOSen inguruan. Liburu horietan lantzen diren gaiak hauek dira: ordenadorea, sistema eragilea, "Assistant" paketea eta Logo lengoaia.

1.2. Nola egin gure materiala.

Liburuak erabili ordez, gure materiala sortu nahi badugu (apunteak), testu-tratamendurako aplikazio bat behar dugu: Word, WordPerfect, AmiPro...

Testu horiek osatuz gure informatikako apunteak biribiltzeko behar dugun tresna, pantailak hartzen dituen aplikazioren bat. Honela, gure testuaren osagarri izan daitezken grafikoak eskuratuko ditugu.

Pantailak eskuratzeko dagoen aplikazio garrantzitsuenetariko bat, Hijaak Pro da. Programa hau, Windows-en inguruan instalatzen da, baina Windows eta DOS inguruko pantailak hartzeko balio du.

Windows-en inguruan, pantaila osoa edo adierazitako area bat har dezake; MS-DOS-en inguruan, berriz, pantaila osoak hartzen ditu.

Testu eta grafiko hauetaz baliatuz, informatikako apunte interesgarriak lor ditzakegu.

1.3. Euskaratutako programak. Zuzentzaile ortografikoa.

Nahiz eta testu-liburu eta apunteak euskaraz egon, programak aldiz, gaztelaniaz egoten dira.

Programei buruz, gaur egungo egoera hauxe da:

* MS-DOSen inguruan, "Assistant" paketetik programa batzuk euskaratuta daude: Writing, Filing eta Reporting. Dena den, produktu hauek komertzialki lortzerik ez dago.

* Windows-en inguruan, Word 6.0 aplikazioa euskaratuta dago eta Windows-95en itzulpena amaitzear dago. Dirudienez Word 6.0 salmentan ez dago, momentuz.

* Windows-en inguruan, euskarazko zuzentzaile ortografikoa dago: Xuxen. Programa hau eros daiteke, eta bere funtzioa, idatzitako euskarazko testua zuzentzea da. Erosi aurretik, gure testu-prozesatzailearekin lan egin dezaken ala ez ikustea komeni da.

Beraz, Windows-en inguruan euskarazko aplikazioa erabiltzeko aukerarik ez dago. Itzulita dagoen Word 6.0 banatuko balitz, testu-tratamendurako programa euskaratua edukiko genuke.

Amaitzeko, esan behar da haurrentzat zuzendutako aplikazioak agertzen ari direla (Windows-en inguruan): "Creative Writer" testu-tratamendua eta "Fine Artist" grafikoak egiteko aplikazioak dira lekuko. Baina horrelako programak euskaratzeko asmorik ez dagoela dirudi...

2."TRESNA" BIDEA

Gero eta gehiago (eta erreformaren barnean honela kokatzen da) erabiltzen da ordenadorea tresna gisa, gaiak ikasteko.

Hemen ere, euskarazko programak jasaten duten egoera ez da oso ona. Dena den, programa batzuk agertu dira zenbait gaietan erabiltzeko.

Gaiak ikasteko dauden programen erlazio osatuena, Eusko Jaurlaritzak noizean behin kaleratzen duen "EIMA Hezkuntza- Softwarearen bilduma" da. Hor dago EIMA-3 deialdiaren barnean sartutako software guztiaren erlazioa (Windows eta DOS inguruetarako).

2.1. MS-DOS inguruan eginiko programak

MS-DOS inguruan eginiko programak duen metodo orokorra zera da: galderak egin, erantzunak jaso, emaitzak eman, eta ariketen emaitza azaltzea (zenbat galdera, zenbat erantzun zuzenak...) da. Hori dela eta, gai baten sarrera baino egokiagoak dira gaia ikasi ondoren kontzeptuak finkatzeko. Gure eskoletan erabilien diren programen artean "Orixe" proiektukoak dira.

Adibide gisa, hona hemen kimika ikasteko programa bat. Programak, erantzuna aztertu ondoren, ondo ala gaizki dagoen aztertzen du, erantzun zuzena eman eta asmatutako ariketen portzentaia adierazten du.

2.2 Windows-en inguruan dauden editore bereziak.

Gaien apunteak egiteko, askotan testu-tratamendurako aplikazio estandarrek ez dute funtzionalitate osoa ematen. Hori gainditzeko, editore "bereziak" agertu dira; adibidez, MathCad matematika lantzeko, ChemOffice kimikako egitura molekularrak lantzeko, etab.

Normalean, programa horietan egindako lanak txerta daitezke testu-tratamendurako programa estandarretan (Word, WordPerfect...).

Testu-tratamendu estandarrak eta editore berezi horiek konbinatuz, kalitatezko apunteak lor daitezke.

2.3. Hipertestuak

Windows-en inguruan, dokumentu-mota bat asko erabiltzen hasi dena hipertestua da. Hipertestua ez da testu edo dokumentu-mota arrunta edo "lineala"; hipertestuak hitz edo grafiko interaktiboak ditu: hor sakatuz gero, beste testu edo grafiko batera pasatuko da. Honela, gure interesak gidatzen du pantailan agertuko den dokumentua.

Hipertestua, multimedia aplikazioen elementu bat da, testu eta grafiko arruntak, animazioak, botoi eta kontrolak eta soinuarekin batera.

Hipertestuaren adibide bat, Windows-en agertzen diren laguntzak dira.

2.4. Animazioak

Askotan, gai bat hobeto azaltzen da mugimendu edo animazioaren bitartez. Animazio horiek, Windows-ek ulertzeko, "AVI" formatoan egon behar dute. Aplikazio asko daude animazioak egiteko: CorelMovel, Autodesk Animator...

Animazioaren bitartez, zenbait kontzeptu errazago ulertzen dira.

Animazioak, lehen adierazi dugun bezala, multimediaren elementu garrantzizkoak dira.

2.5. Multimedia aplikazioak sortzeko programak

Merkatuan, multimediako programak agertzen hasi dira. Programa horietan, animazio, soinu, hipertestu, testu grafiko eta botoien bitartez, edozein motatako gaiak azaltzen dira (tutorialak).

Nola egiten diren programa horiek?

Bi bide daude programa horiek egiteko:

1.- Programaketaren bitartez. Multimedia egiteko programa interesgarrienak hauek dira: Visual Basic, Visual C++ eta Borland C++. Esan daiteke multimedia egiteko bidea "zaila" dela: programaketa ezagutu behar da (Visual Basic, C++) eta liburutegiren bat (OWL, MFC).

2.- Egile-programaketa. Badaude programa batzuk multimediarako prestatuta eta erabil daitezkeenak programaketarik jakin gabe. Programaketa egiteko bide "erraza" da hau. Horretarako dagoen programarik ezagunena Multimedia Toolbook da. Programa hauek garestiak izaten dira (100.000 pezetatik gora).

Multimedia programak sortzeko beste faktore bat eduki behar da kontuan: oso programa luzeak dira eta, beraz CD-ROM formatoan sartzen dira. Honek zera esan nahi du, CD-ROMak grabatzeko tresnak eduki behar direla.

2.6. Windows inguruan eginiko programak

Windows inguruan programatzeko, Visual Basic edo C++ lengoaiak ezagutu behar dira. C++ lengoaia erabiltzen badugu (Visual C++, Borland C++ edo Symantec C++) komeni da liburutegiren bat ezagutzea, bestalde (OWL -Object Windows Library- edo MFC -Microsoft Foundation Classes-).

Honelako programaketak daukan zailtasuna, beraz, lehen programa lortu baino lehen ikasteko erabili behar den denbora da.

Hauek izan daitezke beraz, informatikak (gaur egun) hezkuntzari ematen dizkion ahalmenak (Internet-en inguruan datorren iraultza kontutan hartu gabe).