Kronika

1998-11-01
 
 
Gipuzkoako 27 Haur Eskola kezkati
Urriaren 17an milatik gora lagun manifestatu ziren Donostiako kaletatik. Gipuzkoako Haur Eskolen koordinakundeko guraso, irakasle, haur, lagun eta sindikatuetako ordezkariek hartu zuten parte bertan.
Haur Eskolek Jaurlaritzaren babesa eskatu zuten, Foru Aldundiak urtez urte geroz eta dirulaguntza txikiago ematen baitu.
Hezkuntza Saileko Lurralde Ordezkaritzan eta Eusko Alkartasunaren egoitzen aurrean geldialdi bereziak egin zituzten Hezkuntza Sailak Haur Eskolei zor dien babesa eskatuz.
Mobilizazioak LAB, STEE-EILAS, ELA eta CCOO sindikatuen babesa jaso zuen.
Eskaera nagusia Hezkuntza Saileko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ongizate saileko arduradunak elkartu eta Haur Eskolei irtenbide ekonomikoa eman diezaioten.
Aldundiaren dirulaguntzak geroz eta txikiagoak direnez, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak beregain hartu beharko luke, LOGSE legearen arabera sail honi baitagokio etorkizunean Haur Eskolen ardura.
Konponbiderik ez balego, egoera ongi aztertu eta aurrera begira prest agertu dira greba deialdia egiteko.

Integrazioaren aldeko apustua
Hezkuntza arloko berrikuntza eta datuen artean, Javier Markotegi Nafarroako Hezkuntza eta Kultura kontseilariak behar bereziak dituzten ikasleen integrazioaz hitz egin du hilabete honetan. Ikasle hauek Haur eta Lehen Hezkuntza ikastetxe arruntetan egiten dituzte, eta Nafarroan Bigarren Hezkuntza ere bermatuko zaie, EAEn bezalaxe. Markotegik azaldutakoaren arabera, ikasle hauen integrazio orokorraren aldeko neurriak hartuak dituzte, integrazio hau ikasleen beharren eta inguruko errealitatearen arabera burutzeko. Honek azpiegitura eta baliabide materialak zein giza baliabideak eskatzen ditu. Hori bermatzeko DBHko ikastetxeetan baliabide horiek ezarriak daude. Helburua ikasle hauei euren gaitasunetara eta konpetentzia mailara egokitutako curriculuma eskaintzea da, beti ere azken jomuga ikasle hauek gizartean eta lan munduan integratzea delarik.

Ikasle frantsesen udazkena
Aurtengo urria ez dute berehalakoan ahaztuko lizeotako ikasle frantsesek. Ikaskuntza ertainetan bizi dituzten nekeak eta arazoak plazaratu asmoz manifestaldi jendetsuak burutu dira Parisen eta gainontzeko hiriburuetan. Urriaren 15eko manifestaldian 25.000 ikasle ibili ziren Parisko kaleetan. Baionan 2.500 bildu ziren eta Maulen 300. Urriaren 20an egin manifestaldian, berriz, 350.000 manifestari inguru kaleratu ziren estatu osoan.
Ez dira istilurik gabe iragan, gainera. Parisen 150 atxilotze inguru egon ziren azken manifestaldian eta 45 pertsona berehala auzipetu zituzten.
Ikasle hauek ikasteko baldintza hobeak eta baliabide gehiago eskatzeko irten dira karriketara. Lizeoetako ikasleen koordinazio nazionala eratu dute eta Claude Allegre Hezkuntza ministroarekin egotea lortu dute protestaldien ondoren. Ministroarekin izandako bileran, honek aurkeztu duen erreforma plagintzaren berri jaso zuten.
Plangintza hau lau ardatzetan oinarritzen da: lizeoetan demokrazia suspertzea; lizeoaren baitan hobeki bizitzea; etorkizunerako lizeoaren eraikitzea eta pedagogia arloko erreformak bultzatzea. Neurri hauek aurrera eramateko lau miliar liberako mailegu bat jarriko da Eskualde Kontseiluen eskura, hauen gain baitago ikastetxeen eraikitzea, eraberritzea eta mantenua. Horrekin batera, 14.000 lanpostu berri sortuko dira lizeoko ikasleen artean animazio lanak egiteko, ikasleei laguntzeko, diziplina zerbait bermatzeko eta ikastetxeetako bortizkeria eragozteko.
Dena dela, klaseetako ikasle gehiegikeriari ez zaio berehalako erantzunik emango, nahiz eta 1999. ikasturtetik aurrera 35 ikasle baino gehiagoko talderik ez izateko konpromezua hartu duen ministroak.

Seaskaren kolegio berria Ziburun
Ziburuko herrian ireki ditu ateak Seaskako kolegio berriak. Jaialdi batekin eta festa giroan ospatu zen kolegioaren estreinaldia. Azpiegitura guztiz berriturik duen ikastetxe honetara joaten diren neska-mutilek ikasketak euskaraz egiteko aukera izanen dute, Seaskako gainerako zentrotan bezala. Seaskako arduradunak eta gurasoak oso pozik agertu ziren estreinaldiko jaialdian. Kolegio berri honekin euskal hezkuntzak aurrerapauso garrantzitsua eman duela adierazi zuten arduradunek.
Beste aurrerapauso bat ere bada, Iparraldeko seigarren mailako ikasleek (11 urtekoek) historia-geografiako euskarazko eskola liburua izanen dutela hemendik aurrera. Ikas-Bik argitaratu du liburua Eusko Jaurlaritza eta Pirinio Atlantikoko departamentutik jasotako diruarekin.
Liburua frantseseko edizioaren itzulpena da, 304 orrialdekoa, koloretan eta euskaraz. Seaska, Ikas-Bi eta Euskal Haziak elkarteetako ikasleei doan eskaini zaie.
Dena dela, Ikas-Bik bere kontutik egin duen ekimen hau ez dute denek ongi ikusi. Izan ere, azken urteotan Ikas pedagogia taldea ibili da material pedagogiko kudeatzen. Talde honetan Seaska, Ikas-Bi, Euskal Haziak eta AEKko irakasleak biltzen dira. Horregatik, denei ez zaie ongi iruditu Ikas-Bik bere kabuz argitaratzea liburu hau.