Irakasleak asko egin dezake

2006-11-02
 
 

Aurreko artikuluan adierazi moduan, euskararen indarberritzean eragiteko hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten esparru guztiei erreparatzea ezinbestekoa da. Oraingo honetan, eremu kurrikularrean subjektu eragilea den irakaslea hartuko dugu aintzat eta aztertuko bere irakasle lanetan euskararen indarberritzean eraginkorra izateko (erabilera eta kalitatea) zer-nolako irizpideen arabera jokatu behar duen.

Honako galderari erantzuten ahaleginduko gara. Zer egin dezake irakasleak euskara indarberritzeko ahaleginean? Euskarara erakarri ikasleak, euskararekin liluratu.  Irudiaren gizaldian bizi garen honetan, komunikazioaren aroan, irakasleak ezagutzaren igorle huts izatetik, zirikatzaile izatera pasa behar du.
Eta nola egiten da hori? Horretarako, adin tarte desberdineko ikasleari erabilgarri eta motibagarri zaizkion estrategiak, zeinak sinesgarriak behar duten, jarri behar zaizkio eskura. Ikaslearen interesgunea errespetatzetik hasi behar dugu irakasleon interesgune bihurtu arte. Garbi dago ikasle kopuru handi batentzat euskara ez dela interesgunea, ez dagoela modan, ez baita modernoa, euskara antzinakoa da, tradizioa besterik ez da. Beraz, oker gabiltza euskararen erreferentea usadioari, iraganari soilik lotzen badiogu. Gaurkotasunari lotu behar zaio. Egungo gizartean zirkulazioan egon daitekeela eta egon dagoela zenbait gunetan erakutsi behar dugu. Gure ikasleek gaztelania aukeratuko dute baldin eta euskara bizitza egoera anitzetarako erabilgarri ere badela sinestarazten ez badiegu. Ezin gara konformatu euskaraz irakastearekin, ikasleek euskara erabiltzea hartu behar dugu helburu, horretarako. Helburu dugun eginkizun horrek berak markatuko dizkio irakasleari bere jokoaren arauak:
- Lehenengoz, gela barruko jardun akademikoa zaindu beharko du. Batetik, hizkuntz eredu onaren jabe izan behar du. Alegia, hizkuntza formala eta ez-formala menperatu eta hizkuntza egokia eta eraginkorra erabiltzeko gai izan. Bestetik, ikasleen hizkuntza erabilera elikatu behar du, honetarako material kurrikularraren ildo metodologíkoari erreparatu eta gauzatze didaktikoa zaindu. Denbora-pasatzat hartu izan diren zenbait jardunbide eskolako egiteko ere bihurtu behar ditugu: kantuan aritzea, bertsotan aritzea, antzerkia egitea, komunikatzeko kode anitzak lantzea (txat-a, sms-ak,…), etab.
- Bigarrengoz, ohartu curriculum mailako jarduna bezain inportantea dela beste edozein jardun osagarri, zehar lerro modura txertatua izan litekeena, aisiarekin zerikusia izan dezakeena (jolasaldia, txangoak, ospakizunak,...) edo beste. Izan ere, gune horien testuinguruan sortzen baitira egiazko harremanak ikasleen artean eta irakasle-ikasle artean. Beraz, hizkuntzari ematen zaion erabilera funtzionala da, eta honenbestez, sinesgarria. Hori horrela izan dadin, gela barrutik atera behar ditugu bestelako hedapena emanaz goian aipatu ditugun ez ohiko jardunbideak. Esan nahi da, eskola barruan nahiz gizartera begira antolatutako emanaldi, lehiaketa eta edonolako ospakizunek aukera ezin hobea eskaintzen digutela hizkuntzaren erabilera funtzional, praktiko eta motibagarri honetarako.