Orioko gaztetxoak: eguneroko bizitzarako irtenbide praktikoak diseinatzen eta eraikitzen.

2006-12-02

Orioko herri ikastolan Iñaki Zarauz irakasleak ikasleen sormena piztu eta lanean jartzen du. Teknologiako irakasleak helburu bat jarri eta gaztetxoek helburu hori aurrera eramateko tramankuluaren diseinua egiten dute, ondoren eraikitzen hasteko. “Arazoak agertzen diren heinean konpontzen joaten gara. Hasieran teoria eskolak edukitzen ditugu, gauza bakoitza zer den ikusteko, eta ondoren, muntatzen hasten gara, teoria eta praktika tartekatuz”, esan digute Joseba Murgiondo eta Andoni Campos ikasleek.

 
 

Zientziaren Kutxaguneak antolatutako ExperimentAldian parte hartu zuten Orioko herri ikastolako DBH 4ko ikasleek, eta bertan, hainbat proiektu erakutsi zituzten: kanpoko estimuluei erantzuten dieten robot adimentsu autonomoak, itzalaren bidez gidatzen diren robot mugikor eta autonomoak, edota jarraitzeko gaitasuna duen bi askatasun mailako robot mugikor autonomoa. “Adibidez, robot honek mikroruptoreen bitartez kontaktu bat detektatzen du, eta orduan, gurpilek beste norabide bat hartzen dute”.

Robot horiez aparte, beste hainbat muntaia erakutsi zituzten, hala nola biribilak marrazten zituen boligrafo autonomoa edota igo eta jaitsi egiten den igogailu txiki bat. “Ordenagailu bidez programatzen ditugu, eta ondoren, beraiek bakarrik mugitzen dira. Errotulagailuaren kasuan, irakasleak jarri zigun helburua: errotulagailu batek orri txuri batean margotzea. Hortik aurrera, gu abiatu ginen muntaiaren diseinua egitera eta martxan jartzera, akatsak egin heinean zuzenduz”.IÑAKI ZARAUZ irakaslea: “Normalean bizitza errealarekin lotutako planteamenduak sortzen saiatzen gara”

 

Nondik abiatzen dira gazteak lanean hasteko?

Printzipioz, arazo bat planteatzen zaie, arazo erreal bat. Orduan, beraiek imajinazioa erabiliz ideia hori garatu behar dute, eta irtenbidea planteatu. Ikasleek diseinu propioak egiten dituzte, planoak eraiki, irtenbideak arakatu... Ondoren, diseinatutakoa eraiki eta prototipo bat sortzen da, hasierako arazoak bukatuz. 

Egiten dituzten asmakizun horiek bizitza errealarekin loturik al daude? 

Bai, normalean bizitza errealarekin lotutako planteamenduak sortzen saiatzen gara; adibidez, boligrafoa mugitzea. Ondorioak errealak izaten dira.

 

Nola moldatzen dira gazteak?

Hasieran zaila iruditzen zaie, zailegia izango den sentsazioa izan ohi dute. Horregatik, lan prozesuan zehar pistak ematen joan behar da. Ikasmaila guztietan prozesu edo metodologia bera erabiltzen dugu, nahiz eta zailtasun maila handitzen joaten den ikasmaila igo ahala. •