Usurbilgo Udarregi ikastola: "Ihintza" aldizkari digitala

2009-11-01
Duela urte batzuk, Usurbilgo Udarregi ikastolak IHINTZA izena zuen aldizkaria argitaratzen zuen, paper euskarrian. Azken urteetan, berriz, ez zuen ezer argitaratzen. Orain, prentsa lantegia abian jarri dute, eta izen bereko aldizkari digitala argitaratzen hasi dira. 
“Argia” astekariak egin zien proposamena, eta ikastolak aukera aztertu, bideragarritasuna bilatu eta aurrera eramatea erabaki zuen. Ikasleek aldizkaria egiten duten bitartean kazetaritza lana ezagutzea da helburu nagusia.
 
 
Elkarlana bideratzen
Hasieran, “Argia”-ko kazetari bat joan zen ikus-entzunezko eta informatikako irakasleekin egitasmoa eta haren antolaketa partekatzera. Hiruren artean ikasleekin egin zitekeen plana diseinatu zuten. 
Horrela, DBH-ko 3. mailako ikasle taldearen banaketa egin zen, egutegia prestatu zuten, kazetariaren egitekoa zein izango litzatekeen zehaztu zuten, ikasturtean zehar zer laguntza eskainiko lukeen erabaki zuten… Eta, horrela, aldizkariaren ideia bideratzen hasi ziren. 
Hasieran, ikasleek saio bat egin zuten kazetariarekin. Alde batetik, hitzaldi bat antolatu zen, aldizkaria gauzatzeko ikasleen egitekoa zein izango litzatekeen komentatzeko; hau da, ikasleek kazetari gisa zer lan egin beharko zuten aztertu eta erabaki zuten. Azken finean, helburua ikasleak kazetaritzaren sisteman jabetzen joatea zen: artikuluak, berriak, erreportajeak, elkarrizketak… Nola egin, genero bakoitzaren ezaugarriak, epeak bete beharra…
Lau aldizkari argitaratzen dira ikasturtean
Gelakideak bi taldetan banatu dituzte. Talde batek ikasturtearen lehenengo erdian (irailetik urtarrilera) lantzen du gaia, eta bi aldizkari argitaratzen ditu. Beste taldeak, berriz, bigarren erdian (otsailetik ekainera) beste bi aldizkari argitaratzen ditu. 
Aldizkari horiek guztiak ikastolako web orrialdean zintzilikatuta daude, zehazki, www.ihintza.com  helbidean, nahi duenak ikus ditzan. 
Han ikus daitekeenez, albisteak, erreportajeak, elkarrizketak... jasotzen dira. Ikasleek erabakitzen dute zer idatzi, irakasleen eta kazetariaren aholkuak entzun ondoren. Horren ondorioz, ikasleentzat interesgarriak diren gaiak lantzen dira. 
DBH-ko 3. mailako ikasleek egina
Programa 3. eta 4. mailakoentzat dago prestatua, ikasleek idazteko eta antolatzeko gutxiengo trebeziak behar baitituzte. Kazetariaren aholkuei jarraituta, trebatzen joan dira, teknikak ezagutu dituzte pixkanaka… Baina, esan bezala, oinarrizko trebezia behar da. “Guk aldizkaria 3. mailara mugatu dugu, lehendik ere, ikus-entzunezko eta informatikako lantegiak maila horretan lantzen genituelako”, diote ikus-entzunezko Nerea Zinkunegi eta informatikako Joxerra Oiarbide irakasleek. 
Ikasle guztiek lantzen dute kazetaritza
Lantegi horiek ez dira libreak. Frantsesa ikasten ez duten DBH-ko 3. mailako ikasle guztiak aritzen dira bi lantegi horietan. Informatikako gelan, maketatzen ikasten dute. Ikus-entzunezkoan, berriz, idatziak, grabazioak, filmaketak eta horien muntaketa egiten ikasten dute. 
Talde bakoitzak hiru saio izaten ditu kazetariarekin: 
1.- Hasierako hitzaldia: kazetaritzaren gaineko hainbat arau eta gomendio. 
2.- Erredakzio bilera: gaiak zerrendatu, aldizkarian azalduko diren edukiak eta azala erabaki, lanak banatu…
3.- Itxierako bilera: egindako lanaren balorazioa egin eta aldizkaria itxi. 
Horrez gain, zalantzak eta aholkuak posta elektronikoz bideratzen dituzte. 
Helburu nagusiak
Ikastetxearen aldizkaria lantzen laguntzea da xede nagusia, ondorengo helburu pedagogikoak bultzateko: 
- Talde lanean aritzeko aukera, komunikazioa eta lankidetza lantzen laguntzeko. Bestalde, taldean helburu bakarra bilatzeak ikasleari bere lanaren garrantziaz jabetzen lagunduko dio, hartutako kompromisoak epearen barnean betetzeko, eta abar. 
- Hainbat kazetari erregistro ezagutzea, elkarrizketen bidez ikaslea jendearekin harremanetan jartzea bultzateko. 
- Interneteko informazioaren aukeraketa, ikaslearen sintesi eta analisi gaitasunak lantzen laguntzeko. 
- Hizkuntzaren lanketa, euskara sendotzeko. 
- Tresna informatikoen erabilera, aldizkaria lantzeko.