148: Jendarte kohesioan inor ezin delako bazter utzi

2010-05-01

Eskoletan, elkarbizitzaz, pertsona gisa eta herri gisa ditugun eskubideez eta denontzako jendarte bidezkoagoa berma dezaketen ereduez aritzen saiatzen ari gara. Jakinik, denok parte garen jendarte hau zerbait izatekotan anitza dela.

 
 
Euskal Herritar askok “Formación del Espiritu Nacional” jaso zuten beren ikasketetan. Izan ere, frankismo garaian, batxillergoan derrigorrezko asignatura zen.
Ebaluatu egiten zen, eta gainditzeko nahiko erraza omen zen; ezagutza baino gehiago neurtzen omen baitzen jarrera.
Formazio hartan, beste hainbat alderdiren artean, biktimekiko begirunea eta atxikimendua lantzen zen, eta, batez ere, borreroekiko gaitzespena.
Hala, euskal herritar askoren buru eta irudimen samurretan, komunistak, gorriak, deabruaren pareko izaki beldurgarriak bihurtu zituzten. Eta gorri, berriz, erregimenaren postulatuetatik at zegoen guztia. 
Herritar haietako asko frankismoaren basakeria krudela zuzenean pairatzen ari baziren ere, etxeko sufrimendua isiltzen eta ezkutatzen ikasi behar izan zituzten. Biktimek, eta haien senideek, diktadurak idatzitako izen-abizenak baitzituzten.
Garai haiek aspaldi atzean utziak genituelakoan geunden asko. Ordutik, besteak beste, munduak ere aurrera egin duelako. 
Eskoletan, elkarbizitzaz, pertsona gisa eta herri gisa ditugun eskubideez eta denontzako jendarte bidezkoagoa berma dezaketen ereduez aritzen saiatzen ari ginen. Jakinik, denok parte garen jendarte hau zerbait izatekotan anitza dela.
Gure jendartea mila sufrimendutan puskatuta dago; sufrimenduak, izan, milaka aurpegi baititu.
Hori zen eskolan orain arte indarkeriari legitimazioa kentzeko egiten ari ginen ahalegina. Gelan, indarkeria mota askotako biktimak baititugu: Espainiako Gerra Zibiletik desagertuta jarraitzen dutenen, fusilatu zituztenen, kartzelan eta erbestean daudenen, torturatuen eta baita ETAko ekintzak jasan dituztenen etxekoak ditugu. Langabetuen seme-alabak, lan istripuak pairatzen dituztenenak, tratu txarrak eta genero indarkeria jasan dituztenenak, baztertuta bizi direnenak…
Eta hori guztia kudeatzen dugu egunero, denok elkarbizitzeko ahalegina eginez. Zertarako? Jendarte kohesioan sakondu behar dugulako.
Horri guztiari izkin eginez, Hezkuntza arduradunek Indarkeriari legitimazioa kentzea eta bizikidetza demokratikoa (2010-2011) plana aurkeztu eta martxan jarriko dute, horretarako inposizioa erabili behar badute ere.
Kezkagarria, tamalgarria, tristea, larria da arduradun horiek eskoletan egiten den lanaren gainean zein ezagutza gutxi duten ikustea –edo gutxi axola zaielako da?–. 
Hezitzaileok ez dugu nahi aurretik probatuak diren eta inora ez daramaten bideak berregin. Bizikidetza demokratikoan sakontzen ari gara jada, eta bide horretan ezin zaio inori bere sufrimendua edo biktima sentimendua ukatu. Denak kontuan hartzen jarraitu nahi dugu, denen arteko elkarrizketak eta denen ikuspuntuak ahalbideratuko baitituzte aurrerako urratsak.