Albaola elkartea eta larruzko belaontziaren proiektua

2010-05-01

Euskal itsas ondarea babesteko eta berreskuratzeko asmoz sortu zen Albaola elkartea. Horretarako, baina, ezinbestekoa du gazteen parte hartzea, eta hori dela eta bultzatu zuen larruzko belaontzia eraikitzeko proiektua. Pasaiako badiako gazteek eraiki zuten ontzia, Albaolako ontziolako teknikarien zuzendaritzapean. Trintxerpeko Gaztelekuko gazteak hasi ziren ontzia eraikitzen, eta, ondoren, Pasaia-Lezo Lizeoko HEZE taldeak eman zion jarraipena. 

 
 
Pasaia-Lezo Lizeoko taldeak Historiaurrekoak bezalako larruzko belaontzi bat egiteaz gain, bazituen beste hainbat helburu proiektuan murgildu zenean: arraunean ikasi eta itsasoaz gozatzea, batetik, eta euskal itsas ondarea gehiago ezagutzea, bestetik. Larruzko belaontzia eraikitzeko, asteazkenero joaten ziren ikasleak Donibaneko ontziolara. Eta gainerako egunetan, eskolan bertan euskal itsas ondareari buruzko hainbat lan teoriko egiten aritu ziren. Besteak beste, larruzko kanoek Euskal Herrian izan duten presentzia aztertu zuten, Andres Urdaneta itsas gizonaren irudia landu zuten, Pasaiako badia zaintzeko dekalogoa osatu zuten, eta Txanpa aldizkarirako proiektuaren txostena ere idatzi zuten. 
Baina zergatik hartu lan hori guztia? Bada, proiektua polita izateaz gain, asko ikasteko baliagarria ere izango zitzaiela uste zutelako: lantegi batean lan egitea zer den ikusteko, lanerako tresnak ongi erabiltzeko (behar bezala zainduz, bere lekuan utziz), talde lanean ongi aritzeko, ardurak hartu eta garaiz betetzeko, arraunean ikasteko, lanean gozatzen ikasteko, Pasaiako badia beste ikuspuntu batetik ezagutzeko…. Oro har, kanoaren proiektuarekin bi irakaspen nagusi jaso zituzten ikasleek: “lana hobeto egiten ikasi zuten eta alboan dugun itsaso hori hobeto ezagutu zuten”.
Ikasleek zazpi metroko luzera eta lau tosta dituen larruzko belaontzia eraiki zuten, zura, larrua eta soka baliatuz. Iturri arkeologikoei erreparatuta egindako diseinuaren arabera, lehenik eta behin, berotasuna aplikatuz zura itxuraldatu eta okertu egin behar izan zuten, itxura kakotua emanez. Ondoren, gila, karela eta saihets nagusiak lotu zituzten. Gero, larrua josi eta egiturara lotu zuten. Eta, uretaratu aurretik, larrua ongi tenkatuta zegoen ziurtatu zuten eta koipea eman zioten ontziari. Lan guztiak txukun-txukun bete ostean, iazko ekainaren 20an ontzia Pasaiako badian uretaratu zuten. 
Hiru protagonista
Ekimenak, parte hartzaile ugari izanagatik ere, hiru protagonista nagusi ditu. Ane Miralles, Pasaia-Lezo Lizeoko irakaslea eta Albaola elkarteko kidea, Markos Sistiaga, Albaolako kidea eta abenturazalea, eta Mike Newmeyer, zailtasunak eta behar bereziak dituzten nerabeekin lan egiten duen ontzigilea, hain zuzen.
Markos Sistiaga
“Xabier Agote pasaitarrak duela hamaika urte sortu zuen Albaola elkartea. Itsasoaren inguruko hainbat kezka zituen, eta AEBko Maine estatuan ontzigintza ikasketak egin zituen. AEBetan, itsasontzi edo batel klasikoen eskolan, Euskal Herrian baino tradizio eta indar handiagoa dute. Euskal Herrira itzuli zenean, euskal itsas ondarearen gaineko elkarte bat sortzea bururatu zitzaion. 
Hasteko, traineru bat eraikitzea otu zitzaion. Hemen ez zuen laguntzarik izan, eta AEBetan, euskal etxeen laguntzarekin, euskal diasporaren opari gisa, eraiki zuten trainerua, hango ikasleekin. Gero, Euskal Herrira ekarri zuen trainerua, eta horrela jarri zen abian Albaola elkartea Pasaian bertan. 
Pixkanaka, Oarsoaldea agentziaren bidez, besteak beste, aurrera egitea lortu zuen. Horrela, elkartea ezagutzera eman eta proiektua indartzeko asmoz, Bilbotik Pasaiarako bidea egin zuten herriz herri traineruarekin. Une horretan bertan, Ane eta biok Hiru pauso hiru norabide espediziorako entrenamendua egiten ari ginen, eta hara non ikusi genituen Xabier eta kideak traineruarekin olatuetan gora eta behera. 
Elkartearekin bat egin eta hainbat proiektutan parte hartu genuen gerora Anek eta nik Albaolako kideekin: Urdina Itsasoari, Galiziatik Pasaiara arraunean eta Gure Ibaiak proiektuetan, esaterako. Giro horretan, ontzi zaharrak berritzen eta berriak egiten ere aritu gara. Hurrengo erronka, Pasaian bertan Hondartxo Itsas Ondarea babesteko eta lantzeko zentroa abian jartzea da. Hezkuntza proiektu sendo batekin gai horren inguruko transmisioa egiteko”.
Ane Miralles
“Ontzigintzari buruz ikasitakoa Pasaia Lezoko Lizeoan jarri dut abian. Izan ere, hango irakaslea naiz DBHko lehendabiziko bi mailetan. Hainbat zailtasun dituzten ikasleekin tutore lana egiten dut ordu batzuetan. Ikasle horiek motibatzea oso zaila izaten da, eta aurreko batean sukaldaritza landu zuten ildo beretik, hiruhileko batean ontziolan zerbait egitea proposatu nien. Lantegira joan ginen, ikasleei beraiei zein lan egin zezaketen galdetu genien, eta denen artean gauzatu zuten larruzko kanoaren proiektua”. 
Gelako lana ontziolako proiektuarekin uztartuz, larruzko ontzi tradizional bat egin zuten ikasleekin. “Proiektuaren helburu eta erronka nagusia ikasleak lanerako motibatzea eta uste dutena baino gehiago egiteko gai direla erakustea izan zen. Eta, era berean, talde bateko partaide izateak dituen onurak baliatzeari garrantzi handia eman zitzaion. Euren buruan sinetsiz gero, gauzak, hasi eta bukatu, arrakastaz egin daitezkeela ikusarazi nahi nien ikasleei. Izan ere, zenbaitetan ikasleek sinetsi egiten dute ez dutela ezertarako balio, eta dituzten gaitasun guztiak lantzen lagundu behar lieke eskolak”. 
Ontziaren itsasoratze ekitaldia arrakastatsua izan zen herrian, eta ikasle-irakasle taldearen lan eskerga aitortzeko modu ezin hobe bilakatu zen.
Mike Newmeyer
Bretainian bizi den estatubatuar honek ere itsasontziak egiten ditu. Albaola elkartekoekin hainbat irteera eta elkarlan egindakoa da, eta euskal itsas ondarearen gaineko interes handia du. Xabier Agote Albaola elkartearen sortzailearen ikaskidea izan zen Mainen (AEB), eta gerora harremanari eutsi diote. Newmeyerrek hainbat hezkuntza proiektu gidatu ditu AEBko ontziola zaharrenean. 
Askotariko zailtasunak eta beharrak dituzten nerabeekin egiten du lan, bereziki. Bizitzan euren tokia aurkitzen eta lanbide bat ikasten laguntzen die. Itsasoari eta ontzigintzari esker norabide bat bilatzen laguntzen die. Nantesko (Frantzia) 16 neraberekin egin zituen lehenengo integrazio lanak, 1996an. Gazte horiekin lau ontzi eraikitzeko proposamena jaso zuen, eta oso proiektu arrakastatsua izan zen. Ederki pasatzeaz gain itsasontziak egiten irakatsi zien. Proiektuaren helburu nagusia nola lan egin behar zuten erakustea izan zen, hau da, gazte horiek bizitzarako prestatzea.
Experiencial Education, learning by doing izena zuen proiektuak; hau da, Esperientzia bidezko hezkuntza, eginez ikasten. Newmeyerrek ziurtatzen duenez, lan eginez ikasi egiten da, eta ardurak hartuz pertsona indartzea lortzen da. “Pertsona bakoitzak dauka bere buruaren ardura, eta hortaz ohartzen direnean, ikasleek, gehienetan, zailtasunetatik irteteko adorea biltzen dute”. 
Proiektu horren arrakasta eta onurak ikusita, proiektu berri batean murgildu zen: Atlantic Challenge. Hasierako ekimen hartan bezala, zailtasunak dituzten nerabeei itsasontziak egiten erakutsiz egiten dute lan berak eta Pierre Pinon bere lagunak. Mission Local elkartea sortu eta urtean 45 ikasle inguru izaten dituzte. Hamasei eta hogeita bost urte bitarteko gazteekin ari dira lanean; guztiak hezkuntza sistematik kanpo egoten dira. Ikasle horiei prestakuntza eta lanbide orientazioa eskaintzeaz gain, gizarteratzeko hainbat irteera proposatzen zaizkie. 
Lehenengo urtean ikasle gehienek lana lortu zuten, eta beste batzuek trebakuntza ikastaroetan eman zuten izena. Egun ere, ia ikasle guztiak bideratzea lortzen dute. Ikasle horien jarraipena egitea lan erraza ez den arren, askok lan egokia topatu eta familia bat osatzea lortzen dute. Horixe da sari ederrena Newmeyerrentzat.
Orain, Albaolako Xabier Agoterekin batera bere eskola propioa sortu nahian dabil. Europa osorako proiektua izango da, eta kokalekua Pasaiako Hondartxon izango du. Nazioartean itsasontziak egiten jarraitu nahi dute, nabigazio tradizionala irakatsi eta nerabeekin gizarteratze programak egiten segi; baita behar bereziak (gurpildun aulkian daudenak, esaterako) dituzten ikasleekin ere.