193. editoriala: Gure komunitatean “idiotarik” nahi ez dugulako

2014-12-01

Reggio Emilian etengabeko elkarrizketa, elkarlana eta negoziazioa dago familien, eskolaren, instituzioen, elkarteen eta gainontzeko agenteen artean. Akordioa egina dute: “Haurren heziketa eta ongizatea denon ardura da eta lehentasun osoa du”. Itun horren aurrean erabateko batasuna du komunitate osoak.

 
 

Hezkuntza kontu politikoa da. Argi eta garbi utzi ziguten hori Italiako Re­ggio Emiliako haur-eskoletako profesionalek azaroaren 14an Bilbon eta 15ean Donostian, Hik Hasik antolatutako jardunaldietan. Haurren kultura hiri-kudeaketaren erdigunean jarri dute han. Haurtzaroa ikusgarri bilakatzen saiatzen dira, umeen eskubideak defendatzen eta haurren gaitasunak sustatzen. Haurrei, familiei eta profesionalei zentralitatea ematen dien hezkuntza-politika saretuz joatea esan nahi du horrek, gertuko gestioan oinarritzea, komunitatearen inplikazioa bilatzea ­eta hiriko hainbat agente ezberdinen —eskola, familia, udala, kultur elkartea…— arteko elkarlana bideratzea.

“Politika” hitza latineko “politicus”-etik dator, eta hori antzinako grezierako “πολιτικός”-etik. 4.000 urte baino gehiago dituen kontzeptua da, hortaz. Hiritarrei interesatzen zaizkien gaiez arduratzea esan nahi du politikak, gai publikoak tratatzea eta ongizate komuna bermatzea. Nolako etxebizitzak eta non egin erabakitzea, saneamendu-sarea egitea, gaztetxea eraikitzea, kultur elkartea dinamizatzea… hori guztia da politika. Baina nolako eskola nahi dugun pentsatzea ere politika da, baita haurrei entzutea eta erabakimena ematea ere, edota haurtzaroan inbertitzea gizarte osasungarriago bat egiteko.
Maila berean jartzen ote ditugu, ordea, herriko hirigintza eta haurren heziketa? Ez al zaigu lehena denon interesekoa iruditzen eta bigarrena norbere ­etxekoa edo eskolakoa? Gauza batzuetan esku-hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugun bitartean, beste batzuk ez al ditugu delegatzen? Finean, ez al diegu gauza batzuei balio publikoa ematen ­eta besteei pribatua?  
Reggio Emilian etengabeko elkarrizketa, elkarlana eta negoziazioa dago familien, eskolaren, instituzioen, elkarteen eta gainontzeko agenteen artean. Akordioa egina dute: “Haurren heziketa eta ongizatea denon ardura da ­eta lehentasun osoa du”. Itun horren aurrean erabateko batasuna du komunitate osoak. Estatu mailako organoetatik datorren agindua datorrela ere, markatua dute norabidea eta badituzte baliabideak euren hezkuntza-politika ­josiz joateko. Argi dute eskola ezin dela ulertu jakintza eraikitzeko eta pentsamendua lantzeko eremu bat bezala, baldin eta ez badago elkarrizketan oinarritua. Jakintza hori komunitatearekin elkarrizketan jarri behar dela diote, alegia, eskolak eta komunitateak oso lotura dinamikoak eta etengabeak aurkitu behar dituztela elkarrekin hazi ahal izateko. Hortaz, Reggio Emiliako instituzioak eta hiritarrak ez dira hezkuntza lehen planoan jarri eta eskolarekin inplikatzen diren bakarrak; alderantziz ­ere berdin gertatzen da. Eskola komunitatera irekia dago,  hirian inplikatzen da eta beste erakundeekin sinergian dago. Eskolak ere kontu publikoetan, denen interesekoak diren auzi horietan —alegia, politikan— parte hartzen du.
“Politika” bezalaxe, “idiota” hitza ­ere antzinako Greziatik datorkigu (ἰδιώτης, idiōtēs). Kontu publikoez arduratzen ez zen hiritarrari deitzen zioten horrela, pertsona indibidualistei eta egoistei, hau da, politikan parte hartzen ez zutenei. Geroztik beste erabilera batzuk hartuz joan da hitza. Baina jatorrizko esanahia gaur eguneko errea­litatera ere bikain egokitzen da. Gure artean nahi ote dugu, baina, bere buruaz soilik arduratzen den jenderik? Auzi publikoak, hau da, guztion intereseko kontuak axola ez zaizkien pertsonak nahi ote ditugu gure inguruan? Finean, norbere burua “idiota” izatera kondenatzeko arriskua duen komunitateko kide izan nahi al dugu?