Balia dezagun PISA

2017-01-01

PISA-K GABEZIA BISTARATU DU. ORAIN NOLA EMENDATU? ARDURAK HARTUZ. IKASLEEK ETA IRAKASLEEK EURENAK, BAINA BAITA GURASO ETA GIZARTE OSOAK ERE, KOMUNIKABIDE, ADMINISTRAZIO ETA ERAKUNDE POLITIKOEK.

 
 

Eta, bat-batean, denak hezkuntzaz hasi dira hizketan. Hezkuntzaz okindegian, igogailuan, eskola-atarian, irratietan eta etxeetan, mahaiaren bueltan. Zergatik? Bada, PISAgatik. Horixe gutxienez eskertu behar zaio OCDEk egiten duen txostenari: hezkuntza hizketa-gai, kezka-iturri, gogoetarako bide bihurtu du. Eta ez da gutxi.

Baina kritikan gelditu dira batzuk. Hatzari begira: PISAren filosofia neoliberala kritika-tzea gauza bat da, baina zenbaitek aldagai ekonomikoetan oinarrituriko balorazioak eta rankingak egiteko erabiltzen dutelako ezin da osoki errefusatu PISAren txostena. PISAk argazki bat atera du. Pertsonen garapen osoa bilatzen duen hezkuntza-ereduarentzako ere —konpetentzietan hezteko, pertsona gai eta baliagarri bilakatzeko bidean ere— nola gabiltzan erakusten duen argazki bat atera du. PISA adierazle bat da, beste bat, eta kanpo-ebaluazio baligarria da haren funtzio diagnostikoa probesten bada, hutsuneak ikusarazten dituen neurrian eta nola emendatu pentsarazten duen neurrian.

Hatza besterengana luzatu dute hainbatek. Erruak besteren etxean bilatzen lehenak arduradun politikoak izan dira. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikasleek atera dituzten emaitza txarren arrazoiak ematen hasita, ikasleak eta gurasoak aipatu zituen Cristina Uriarteren Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ikasleek teknologia berriak jolasteko erabiltzen dituztela, eta inpultsibitatea erakusten dutela eta gurasoen maila sozioekonomikoa jaitsi egin dela eta... Hatza besterenera luzatzea erraza da. Baina argazkira luzatu behar da hatza. Argazkiak dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleek gaitasun zientifikoa, matematikoa eta irakurmena ebaluatzen dituzten azterketetan duela hiru urte baino emaitza txarragoak lortu dituztela —Nafarroako ikasleek inoizko daturik onenak eman dituzte—. Arazo bat erakusten du argazkiak, tendentzia bat izan daitekeena.

Gabezia bistaratu du, bada, argazkiak. Orain, nola emendatu? Hasteko, ardurak hartuz. Ikasleek eta irakasleek eurenak, baina baita guraso eta gizarte osoak ere, komunikabideek eta administrazio eta erakunde politikoek. Zenbat inbertitzen da hezkuntzan? Zenbat murriztu da? Nola igo dira ratioak? Zer garrantzia ematen zaio etxean irakurtzeari? Zer-nolako saioak ditugu telebista-irratietan? Hezigarriak dira? Kalean zer-nolako balioak eta jokabideak goresten dira? Laguntzen al dute jokabide horiek eskolan? Irakasleek zenbat denbora galtzen dute isiltasuna eskatzen? Zer nolako garrantzia ematen zaio formazioari? Irakasleek zer nolako motibazioa daukate? Nolakoak dira guraso eta irakasleen arteko harremanak? Zer nolako autonomia eta erabakimena daukate zentroek eta irakasleek hezkuntza proiektuan? Eskola eurena sentitzen al dute? Gaurko hezkuntza egiturak laguntzen al du? Guztiak du isla PISAren emaitzetan.

Eta orain, bat-batean denak hezkuntzaz hizketan hasi diren garai honetan, denok, bakoitzak bere eremutik, hezkuntzaren gainean ditugun ardurez gogoeta egiteko baliatu behar dugu PISA. Hezkuntzaren garrantziaz hausnartzeko eta hezkuntzan sinesteko. Hezkuntzan inbertitzeko. Garden eta konfiantzaz jokatzeko garaia da, ikasleekin eta irakasleekin bereziki.