IKASLE ENPIRIKOA

2017-01-01

Hezkuntza hitza entzun eta burura datorkidan lehenbiziko gauza eskola da, hezkuntza erakunde maximoa. Bertan zibilizatzen gaituzte eta bertan irakasten omen digute bizitzan beharko ditugun tresnak sortzen eta erabiltzen. Oroitzapenetan arakatzen ibili naiz eta onartu behar dut gehiago ikasi dudala kalean hezkuntza erakundeetako lau pareten barruan baino. Zoaz unibertsitatera, esan zidaten, eta unibertsitatera joan nintzen Kirol Zientziak ikastera. Egin master bat, esan zidaten, eta Bigarren Hezkun-tzako irakasle masterra egin nuen. Curriculuma dotore jantzia daukat, baina ikasi, hezi, hazi, aktualizatu… hau da, munduan baliatu ahal izateko behar izan dudan hori guztia, munduan zehar egiten ditudan bidaietan ikasten dut, hezkuntza erakundeetako lau paretetatik at.

Egia esan, Kirol Zientzen ordez, Geologia ikasi nahi nuen nik, egunen batean hitzaldiren batean plaka tektoniko hitzak erabiltzeko, beti iruditu zait esternokleidomastoideo hitza baino dotoreagoa. Tamalez ez nintzen ona Fisika eta Kimikan eta letretatik jo nuen latina, grekera eta filosofia ikastera. Onartu behar dut ostegun gauetako ordu txikietan filosofia gehiago ikasi nuela Batxilergoan baino, baina Floren, eskerrik asko zure pazientziagatik eta zure jakituria gurekin konpartitzeagatik.
Bizitzaren unibertsitatean ikasi duela jartzen du askok bere Facebookeko profilean eta izan ere ez diogu sekula ikasteari uzten. Bizitzak egunero eskaintzen digu lezioren bat. Nik behintzat horrela ikasten dut ondoen, bizitzak eskainitako lezioei kasu eginez. Eta zein jakintsua den bizitza, lezioa ondo ikasi ezean behin eta berriz jartzen gaitu egoera berean. Entsegua-errorea. Suak erretzen duela behin eta berriz entzun arren, nire azalean sentitu arte ez naiz lasai geratzen. Ikasle enpirikoa naiz ni.
Ez dut hezkuntza-sistema oso leku onean utzi egia esateko. Ematen du ikastolan eta uniber-tsitatean ez nuela ezer ikasi. Ez da hainbesterako ere. Irakurtzen ikasi nuen, zenbakiekin jolasten, guraizeekin marratik atera gabe mozten edo nire ingelesezko lehen hitzak ere ikastolan ikasi nituen. Baina zalantzarik gabe gehien gustatzen zitzaidana lagunekin jolastea zen. Baloi errea zen nire jolasik gustokoena, oso iaioa nintzen baloia saihesten eta.
Hemen kontatutakoa egiaren zati bat baino ez da, itsuen eta elefantearen ipuinean bezala, nik jasotako errealitatearen zatitxo bat. Lagun batek irakurri zuen errealitatearen zatitxo hau, eta ez zegoen batere ados nire ikuspuntuarekin. Berak elefantearen beste atalen bat ukituko zuen ziurrenik…