Joxe Mari Auzmendiren hutsunea hezkuntzan, euskalgintzan eta gure bihotzetan

2020-03-01

EUSKARATIK ETA PEDAGOGIA
AURRERAZALEETATIK EUSKAL HERRIA JOSTEN SAIATU DA HIK HASI 

EGITASMOAREN ARIMA IZAN DEN IRAKASLEA. OTSAILAREN 13AN HIL ZEN.

 
 

E

gun on, ekipo!” Zeinen eguraldi ederra gaur; euria eta euria ari du eta hemen, bulegoan egoteko hau gozada bat da!

 

Egun on, ekipo! Zeinen eguraldi ederra gaur; eguzkia atera da, oinez etorri naiz eta hemen, bulegoan ederki gaude orain argitasun honekin”.

 

Egoera edozein izanda ere alde positiboa atera eta irribarre egiteko arrazoiak topatu izan dituzu beti, Joxe Mari. Horrelaxe ezagutu zaitut nik eta esango nuke ezagutzen dudan pertsonarik baikorrena zarela, eta gainera, baikortasun hori ingurukoei transmititzeko gaitasun ikaragarria duzula. Eta horregatik, une hauetan ere baikor eta irribarretsu irudikatzen zaitut, irudikatu nahi zaitut. Eta indartsu.

 

Hori idatzi zion Olatz Lasagabaster gure lankideak Picassenteko espetxetik Joxe Mariri gaixotu zela jakin zuenean, 2018ko uztailaren 21ean.

 

Baikortasunez, irribarretsu eta indartsu, horrela ikusten zuen Olatzek, eta berarekin lan egiteko aukera, zortea, plazera eta luxua izan dugun gainerako Hik Hasiko kideok ere bai. Ezagutu dugunok suerte handi bat izan dugu Joxe Mari gure bizitzen parte izan dugulako. Pertsona berezia zen. 

Hazi egiten zinen bere ondoan. Norbere barneko onena ateratzeko gaitasuna baitzeukan Joxe Marik, eta hori pertsona gutxik daukate.

Haren jakintzak hazi egiten zintuen. Asko zekien hezkuntzaz eta sen berezia zeukan, ikuspegi argia, bazekien, sumatzen zuen, hezkuntzak zer behar zuen, euskalgintzarentzat eta herrigintzarentzat zer izango zen baliagarri eta ekarpen. Eta egin egiten zuen. Jakintza eta bisio argi horrez gain, bera ezagutu genuen guztiok barneratu genuen beste bi ezaugarri zituen Joxe Marik, baikortasuna —guztiok blaitzen gintuen bere baikortasunak. Baikortasun sustraitua zen berea, ametsak egikaritu egiten zituen pasioz, indarrez, kemenez, ikaragarrizko grinaz— eta maitasuna. Joxe Marik bazekien jendea zaintzen. Eguzkia bezala izan da, barneraino sartzen zen Joxe Mari. 

 

Galera handia izango da Hik Hasiko familiarentzat Joxe Mari Auzmendiren heriotza, baina baita hezkuntzarentzat eta euskalgintzarentzat ere. Lan itzela egin du. Atzean beti, fokuetatik urrun. Orduak eta orduak eta kilometroak eta kilometroak, urte luzetan, azken unera arte. Euskaratik, aniztasunetik, adostasun bila, denontzako hezkuntza hobea helburu. Beneta pertsona inportantea galdu du Euskal Herriak.

 

Plazer bat izan da, Joxe Mari, zu gure bizitzen parte izatea!