Bertsotarako karta sortak, Karta-jolasa, bat-batean aritzeko

2021-02-01

Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek karta jolas bat atera dute ikastetxeetan eta bertso eskoletan erabiltzeko. Materialaren bidez bertsotan modu ludikoan egiteko aukera sortu nahi izan dute. 6 karta-sortaz osatuta dagoen jolasa da eta bakoitzak ariketa ezberdinen bidez haurrak bat-batean aritzea ahalbidetzen du.

 
 

Haurrak bat-batean egiteko karta jolasak sortu dituzte Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek. Ikastetxeei eta bertso-eskolei zuzendutako materiala da eta bertso-eskolako irakasleek lagunduta erabiltzeko da. Haurrek, beti ere bertsotan dakien heldu baten laguntzaz, 6 karta-sorta ezberdin dituzte eskura eta bakoitzak ariketa ezberdinak proposatzen ditu. Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko kidearen esanetan, “karta-jolasaren helburua ikasleekin ikastetxeetan bertsolaritza lantzen denean, haurrek bat-batean bertsotan egin dezaten edo bertsoa sortzeko prozesuan lagungarri izateko aldamiajea eskaintzea da. Bat-bateko bertsoen sormen momentu horretarako makulu bezala erabili daitekeen materiala da”.
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 229 herrietan erabiltzen dute ikasturte honetan karta-jolas hau. LH4tik LH6ko ikasgeletan erabiltzen da normalean eta ikasturte honetan 511 ikastetxetan erabiltzen ari dira, tartean kristau eskolak, Eskola Publikoko zentroak eta baita Ikastolen Elkartekoak daudelarik. Guztira, material hau erabiliz 29.500 ikaslek parte hartzen dute proiektu honetan, Bertsozale Elkarteko 53 irakasleren laguntzarekin. “Bertso Eskolako 53 irakasle hauek ikastetxe hauetan gelaz-gela joaten dira bertsolaritza lantzera ikasturtean zehar. Normalean euskara eskolak baliatzen dira bertsolaritza lantzeko” dio Eizagirrek.
Karta-jolasak eskaintzen dituen ariketak bertso eskoletan oso ohikoak dira bat-batean aritzeko, “zentzu horretan ez dugu ezer asmatu, eduki aldetik ariketak ohikoak direlako. Baina geletan lantzerakoan ikusten genuen haur bakoitzari txartel bat ematearena ideia ona zela, gelako eta taldearen antolaketarako aukera ematen duelako. Horregatik azkenean karta-jolas forma eman genion proiektuari”, azaldu du Bertsozale elkarteko kideak.
Sei karta-sorta ezberdin sortu dituzte eta horietako bakoitza sei modutara erabili daiteke:
1- Lehen puntua emanda. Puntuari erantzuteko oinak ere ematen zaizkie laguntza gisa.
2- Azken puntua emanda. Azken puntua eta oinak emango zaizkie, bertsoa edo kopla osa dezaten.
3- Oinak emanda. 4 edo 8 oinak emanda, puntuan edo bertsotan aritu daitezke.
4- Errima kartak. Errimatzen duten 4 kartak lortzea izango da erronka. Behin eskuratuta, 4 oin horiekin berbaldia sortu dezakete: ipuin laburra asmatuz edo puntutan, kopletan edo bertsotan eginez.
5- Gaia sortzeko. Hiru karta altxa eta zoriak sortuko du gaia. Konbinatzeko 3 elementu eskainiko ditu karta sorta honek; pertsonaiak, egoerak eta emozioak.
6- Pasa Hitza. Jolas honetan aurkezleak puntua abestuko du, hitz ezkutuaren pista emanez. Hitz hori zein den igarri beharko dute. Erantzun zuzenak errimatu egiten du, lehen puntuaz.
Bertsotan bat-batean aritzeko material ludiko hau Bertsozale Elkarteko irakasleen lantaldeak sortu zuen. “ Herrialde ezberdinetako irakasleak elkartu ziren, azken finean beraiek ziren ikasgeletan klaseak ematen zituztenak eta klase horiei begira sortu genuen karta-sortaren materiala”, azaldu du Eizagirrek.
Baina ez dira mugatu ikastetxeetara, bertso-eskoletara ere helarazi dute proiektua, bakoitzari bilduma bana oparituz: “Bertso-eskola guztiei oparitu diegu bilduma bana, guztira 111 herrietako Bertso-eskoletara iritsi dira. Bertan 1300 haurrek eta 430 helduk parte hartzen dute, 122 irakasleren laguntzarekin. Guztira 1800 partaide biltzen dituen mugimendua da Euskal Herriko 7 herrialdeetan”.
Honetaz gain, PDF bertsioan igo dituzte bertsoeskola.eus atarira eta beraz gaur egun nahi duenak eskuragarri ditu karta-jolasak, bertatik deskargatuta edo pantailatik zuzenean jolastuz. Nahi duen orok gozatu dezake baina Eizagirrek azpimarratzen du haurrei lagunduko dien heldu horrek, pixka bat behintzat, bertsotan jakin behar duela: “Gerta daiteke bertsotan ez dakien heldu batek ez jakitea nola lagundu bertsotan bat-batean egiten jolasten ari den haurrari. Haurrak agian ez du jakingo zein doinu erabili edo ariketa batean trabatzen bada edo zailtasunen bat badu ezin laguntza ematea. Beraz, horrela pentsatuta dago jolasa, bertsotan dakien heldu baten laguntzaz aritzeko ariketak dira”.
Orain arteko harrera oso ona izaten ari dela dio Bertsozale Elkarteko kideak, “oso-oso gustura aritzen dira karta-jolasarekin. Haurren munduko gai ezberdinez osatutako materiala da eta modu ludikoan buru ariketa egiten laguntzen du. Atera aurretik ere probatu genuen karta-jolasa eta hasieratik oso harrera ona izan zuen”.
Aurrera begira karta-jolas honen proiektuarekin jarraituko dute hainbat ikastetxe eta bertso-eskolatan eta horrez gain, ikasturte berriari begira materiala berritzen lan handia egiten ari dira. Ikasgeletan bat-batekoa lantzeko metodologian sakontzen ari dira eta materialean berrikuntza handiak egingo dituztela azaldu du Eizagirrek: “Material berri honen barruan ikasliburu berria etorriko da eta karta-jolas gehiago sortuko ditugu. Ziurrenik ikastetxeei emango diegu erosteko aukera. Beraz, irailetik aurrera ikastetxeek erosteko aukera izango dute”.