Kronika

2000-01-01
 
 
Arabarren adostasuna euskararen alde
Araban euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik handiena egin zen Gasteizen abenduaren 11n. PPk eta UAk daramaten hizkuntz politika salatzeko burutu zen manifestazioa, eta milaka lagunek erantzun zioten hainbat erakundek egindako deiari. Hauen artean zeuden EAJ, EA, EH, eta EB alderdiak, LAB, EILAS, ELA eta ESK sindikatuak, Kontseilua, EHE, AEK, Bagare, Euskaraz Bizi, GEU, IKA, unibertsitateko Euskal Adarrak, Jarrai, Urtxintxa eta Ikasle Abertzaleak.
Hauek guztiek hitzartutako manifestuan islatzen den bezala, euskarak adostasun zabala lortu du Araban, eta PPren eta UAren jokabidea salatu ere bai. PPk, Gasteizko Udala gobernatzen duen alderdiak, udal haur eskoletan hizkuntz eredu bakarra ezarri nahi du, Arabako gizartearen nahia beste bat denean. Gurasoak eta hainbat ikastetxe erabaki honen aurka agertu dira, eta euren seme-alabek euskaraz ikasteko duten eskubidea aldarrikatu dute. Gainera, eskubide hori ukatzeaz gain, eredu bakarra ezartzeak ez du inolako oinarri pedagogikorik, ez baitu bermatzen EAEn ofizialak diren bi hizkuntzak menperatzea.
Bestalde, hau gutxi balitz, Foru Aldundian Euskara Zerbitzua desagertarazi du PP-UA gobernuak. Ondorioz, Araban ez da euskararen aldeko tratamendurik izango, nahiz eta euskara hizkuntza gutxia izan.
Ez dira arabarrak eta Gasteizko haur eskolak arazoak dituzten bakarrak, ordea. Gipuzkoako haur eskoletakoak ere kalera atera ziren egun berean. Hauen arazoa ekonomikoa da. Datorren urteko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzak ez du haur eskola guztientzako dirulaguntzarik aurreikusi, udalen eskuetan daudenentzat bakarrik baizik. Ondorioz, Gipuzkoako haur eskola asko kinka larrian geldituko direla salatzeko irten ziren kalera.

Buru gaixotasunak gora egin du irakasleen artean
Buruko gaitzek eta nerbio gaitzek eragindako irakasleen gaixoaldi-baja igo eign dira azken estatistiken arabera. Ohikoak diren gripea eta katarroak baino gaixoaldi-baja gehiago eragiten dute, eta iraupena ere luzeagoa izaten da.
Nafarroako Hezkuntza eta Kultura Departamenduko Giza Baliabideen Zerbitzuko Lan Arriskuen Prebentzio sailak burutu ditu aipatu estatistikak 1998ko datuetan oinarrituz. Urte horretan 524 baja egon ziren arnas arazoak eraginda, 224 min osteomuskularrengatik eta 106 buruko gaitzak direla eta. Azken hauei, gainera, nerbio arazoek eragindako 41 gehitu behar zaizkie.
Sindikatu guztiak erne daude eta behin baino gehiagotan salatu dute buruko gaitzen kopuruaren igoera. Irakasleria gero eta heterogeneoagoa denez, depresioak pairatzen dituzten irakasleen kopurua igotzen ari da.


Nafarroako oposaketen istorioa
Uste baino zeresan gehiago ematen ari dira Nafarroako Lan Eskaintza Publikoa, administrazioa eta sindikatuak ez baitira ados jartzen. Azken berrien arabera, ikasturte honetan Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzako eta Hizkuntz Eskolako eta Arte Eskoletako oposaketak eginen dira. Lehen Hezkuntzakoak, berriz, 2001. urtean izango dira. Administrazioak eta CSIF, CCOO eta AFAPNA sindikatuek adostu dituzte azken aldaketa hauek. Aterako den plaza kopurua, ordea, oraindik zehazteke gelditu da, printzipioz 800eko kopuruaz hitz egin arren.
EILAS, ELA eta LAB sindikatuak oposaketen atzerapenaren aurka agertu dira, eta horrez gain, beren haserrea erakutsi dute datorren urterako Lehen Hezkuntzan euskarazko deialdirik egin ez dutelako eta gaztelaniazko deialdiarekin bat egiten duelako.
Administrazioko datuen arabera, euskal lerroan 214 plaza daude bete gabe, 8 lan utzialdian daude, eta 68 behin-behinean ari dira lanean. Ondorioz, 138 lanpostu bete behar dira estrukturalki.
Behar hori lehenbailehen bete beharra ikusten dute, D eta A ereduko matrikulazioak igoz baitoaz. 1988an ezarri zen Vascuencearen Legea, eta urte harekin konparatuz, %30 igo dira euskara duten ereduak.
Nahiz eta administrazioak urte hasieran Lan Eskaintza Publikoa egiteko asmo sendoa izan, aurtengoz hori zintzilik geldituko dela dirudi. Atzerapen hauen aurrean kalera atera zen Sortzen, eta jokaera honen atzean gutxi batzuen interesak daudela salatu zuen. Euskaraz ikasteko eskubidea berma dezatela eskatu zuen.

Euskaraz jostatze arratsaldeak euskararen alde
Urte berria Bai Euskarari erranez hasi dute Donibane Lohitzunen eta Baionan. Euskaraz jostatze arratsaldeak antolatu zituzten guraso zein seme-alabak euskarara hurbildu nahian. Ikas-Bi, Seaska, Euskal Haziak, AEK eta Uda Leku elkarteek antolatutako ekimena izan zen. Euskararen egoera larriaren aurrean burututako ekimenak izan ziren.
Arratsalde horietan haurrentzako joko eta animazio anitz prestatu zituzten. Eta bitartean, hurbildu ziren gurasoek irakaskuntza elebidunaz informazioa jasotzeko aukera izan zuten. Era honetara, bi gauza aldarrikatu nahi izan zituzten; batetik, euskararendako estatusa, eta bestetik, euskararen irakaskuntzaren ezagupena. Euskara promozionatzeko eta jendea motibatzeko parada ere izan zen.
Gaur egun Iparraldean haurren %20k baino ez du irakaskuntza elebiduna jarraitzen. Hegoaldean, ostera, %80tik gora da irakaskuntza elebidunan dabilena. Iparraldeko erakunde hauen helburua %20ko kopuru hori igotzea da.