Betea elkartea. Ingeleseko irakasleen topaleku

2000-01-01
Betea (Basque English Teacher´s Association) Euskal Herriko Ingeles Irakasleen elkartea da. 1995ean sortu zen asmo trinko batekin: ingelesaren irakaskuntzaren inguruan ekintza ezberdinak garatzea, lan honetan ari direnak elkar ezagutzea eta ideiak trukatzeko gune bat eratzea.
 
 
Estatu espainiarrean horrelako elkarteak bazeuden lehenagotik ere; esaterako, Galizian, Katalunian eta Andaluzian. Hemengo ingeleseko zenbait irakasle elkarte hauek antolatzen zituzten topaketetara joaten ziren, eta Euskal Herrian ere antzeko zerbait sortzeko beharra ikusi zuten. Euskal Herrian ere ingelesaren inguruan esperientzia asko egiten ari zirela ikusten zuten, baina elkartu eta horretaz hitz egitea falta zela, egindako lanak eta proiektuak aurkezteko foro bat falta zela, azken finean. Ikastetxeetatik eta metodoetatik at, elkartuko zituen zerbaiten beharra somatzen zuten. Hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu zuten Betea elkartea, beraz.

Bultzatzaileetako bi elkarteko lehendakaria den Rosa Aliaga eta Gipuzkoako lehendakariordea den Gema Gurrutxaga dira. Hauekin batera, herrialde bakoitzeko lehendakariorde bana eta 250 bazkide daude. Bazkide izateko bete behar den baldintza ingeleseko irakasle izatea da. Beraz, alde batetik irakasle izatea, hau da, ikastetxeak ezin du bazkide izan, bazkidetza nominala baita; eta bestetik, ingelesekoa izatea.

Partaideak hezkuntza maila eta sare ezberdinetako irakasleak dira; Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak batez ere, unibertsitateko gutxi batzuk eta akademietako baten bat.

Beteak burutzen dituen ekintzen artean bi dira aipagarrienak: aldizkaria eta jardunaldiak.

Aldizkaria hiru hilabetero argitaratzen da eta bertan irakasleek idatziriko artikuluak, ikasleek burututako lanak eta abar aurki daitezke. Oxford University Press argitaletxeak argitaratu eta banatzen du bazkideen artean. Dena dela, agian ikastetxe guztietara banatzen hasiko dira.

Betearen bigarren ekintza moduan jardunaldiak aipatu ditugu, Ingelesaren Pedagogia Jardunaldiak. Urtean behin izaten dira jardunaldiok eta gai baten inguruan. Orain dela bi urte "Ingelesaren irakaskuntza inguru eleanizdunean" izan zen gaia, eta iaz "Edukietan oinarritutako irakaskuntza". Pil-pilean dauden gaiak aukeratu ohi dituzte. Orain arte erantzun oso ona izan dute jardunaldiok eta jendea pozik atera da.

Alde teorikoa zein praktikoa, biak lantzen dira jardunaldi hauetan. Teoria mailan hemendik kanpo dagoena azaltzen saiatzen dira kanpoko jendea ekarriz. Izan ere, Euskal Herria txikia da, eta oso ona dela uste dute beste lekuetan egiten dena ezagutzea, eta gauzak argitaratzen dituen, ikerketak egiten dituen eta esperientziak burutzen dituen jendearekin egotea. Teoriaren ataletik at eta esperientzia praktikoen kasuan, Euskal Herrian esperientzia berriak eta interesgarriak martxan dauzkan jendea ekartzen dute. Hemen egiten ari diren gauzak ezagutaraztea interesatzen zaie, nahiz eta kanpokoak ere ekarri.

Ekintza hauek denak lan orduz kanpo antolatzen dituzte Betea elkarteko kideek. Ez dago inor %100ean elkarteko zereginetara dedikatzen denik. Horregatik diote karguetan dauden Rosa Aliagak eta Gema Gurrutxagak zaila dela lan egiteko jendea topatzea. Jende gutxi omen dago egun osoko lanaren ondoren horrelako gauzetara dedikatzeko gogoz.

Bost urteko ibilbidearen ondoren karguetan jende berria sartzea beharrezkoa dela irizten dute, bai beraientzat eta baita elkartearentzat ere ona delako. Horregatik diote momentu honetan elkartea transizio garaian dagoela, eta jende berria sartzeak bide berriak urratzeko aukera ekarriko duela.

Orain arte elkartearen berri ahoz-ahoz zabaldu da batez ere. Ondorioz, ezagunak eta gertukoak dira partaide gehienak, baina poliki-poliki zabaltzen joateko asmoa dute. Horregatik, interesa duen orori eta elkartean parte hartu nahi duen edonori, harremanetan jartzeko deia luzatzen dizuete. Honakoa da Betea elkartearen helbidea:

Betea

Basque English Teachers Association



PO BOX 300

20080 Donostia

Tel.: 629 46 93 48

e-mail: betea@euskalnet.net



Ingelesaren irakaskuntza gure eskoletan

Gema Gurrutxagak 10 urte daramatza ingelesa irakasten Irungo Txingudi ikastolan. Rosa Aliaga, berriz, duela 15 urte hasi zen ingelesa irakasten, eta gaur egun Donostiako PATen ingeleseko teknikari lanetan dabil.



Zer iritzi duzue ingeleseko irakasleen prestakuntzaz?



Gema Gurrutxaga.- Hemen ingelesaren boom-a orain dela 13-14 urtetik hona sortu da. Garai hartan eskaera handia zegoen, eta ingeleseko irakasleen beharra izugarria zen. Hori dela-eta, maila ezberdineko jendea sartu zen. Alde batetik, Ingeles Filologia egindakoak. Ikasketa hauetan ingeles maila altua eskatzen da, eta kanpoan urtebete pasatzea ere bai -ikasketak egin aurretik, egin bitartean edo ondoren-. Bestetik, Magisteritza ikasketak egindakoak daude, ingeleseko espezialitatekoak eta beste espezialitatekoak (ingelesa ikasteko abilitazioa dutenak). Eta azkenik, badago beste multzo handi bat irakasle arrunta izan dena eta abilitazioa geroago atera duena. Hezkuntza Sailak ingeleseko abilitazioa ateratzeko antolatutako ikastaroetan lortu dute aipatu abilitazioa hauek.



Eta ikastaro horiek nahikoak al dira ingelesa irakasteko? Abilitazio horrek bermatzen al du irakasteko gaitasuna?

Gurrutxaga.- Ez kasu guztietan. Horrez gain, norberak bere kabuz ere lana egin behar du. Gaia lasaitasun minimo batekin irakasteko adina jakin behar da. Gainera, haurrak ere konturatzen dira, eta zer esanik ez DBHko ikasleak.

Rosa Aliaga.- Jakintza minimo hori ziurtatzeko Hezkuntza Sailari ikastaro trinkoen eskaerak luzatu egin dizkiogu. Baina hori baino gehiago behar da. Horregatik, ingeleseko Irale bat eskatu diogu, behar-beharrezkoa baita, nahiz eta Euskal Herrian ingeleseko irakasleen maila ona izan. Agian estatukoek baino maila hobea izango dugu, baina ez da nahikoa.

Gurrutxaga.- Ondo menperatzeko etengabe lantzen egon behar da. Klaseak ematerakoan lantzen dugu, baina hori hain da oinarrizkoa.

Aliaga.- Nik uste dut hutsune nabarmenena eta nabariena hizkuntz konpetentzian dagoela. Maila guztietan ezinbestekoa da denbora guztian ingelesez mintzatzea, hizkuntza tresna gisa erabili behar baita eta hor ikusten da bakoitzaren gaitasuna. Hor hutsune handia dago.



Ingelesaren boom-a aipatu duzue tartean eta horrekin batera gizartean ingelesa ikasteko dagoen motibazioa ere ez da ahaztu behar. Motibazio hori somatzen al duzue zuek?

Gurrutxaga.- Bai, eta motibazio hori areagotzen eta gehitzen ari dela esango nuke nik.

Aliaga.- Lehen euskararen kezka zegoen eskolan, eta ingelesarena ez. Gainera, motibaziorik ez egoteaz gain, gaizki ikusia zegoela esango nuke, oztopo bezala ikusten zelako euskararentzat. Baina nik uste dut beldur guztiak desagertzen ari direla.

Gurasoen motibazioa ere izugarria da, erabat motibatuta daude. Eskolan eta eskolatik kanpo motibazio handia dago, eta horrek asko laguntzen dio ingelesari.

Gurrutxaga.- Egia esan, nahiko fenomeno berria da ingelesarena. Hasieran 12 urtekoekin hasi ginen eta ez da denbora asko 8 urtekoekin hasi ginela. Ikastoletan orain dela urte batzuk hasi ziren 4 urteko haurrekin, eta eskola publikoetan aurten. Beraz, nahiko prozesu motza darama eta motibazio maila gehitzen ari da. Duela 10 urte 14 urterekin ingelesa ikastera Ingalaterrara joatea arraroa zen, eta gaur egun jende askok pasatzen du uda Ingalaterran edo Irlandan. DBHko 4. mailan, 16 urterekin, EEBBtara joaten den asko dago.

Joera hori areagotu egiten da adinean aurrera egin ahala, eta unibertsitateko ikasturteren bat kanpoan egiten dutenak ere asko dira.

Lan munduan ere, zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe. Ingelesa edozertarako eskatzen dute gaur egun. Gurasoak kontziente dira horretaz, eta ikasleak ere bai.



Motibazioaren gehitzeaz gain, zer aldaketa antzeman dituzue urte hauetan ingelesaren irakaskuntzan?

Aliaga.- Aldaketa nabarmenena metodologian gertatu da. Ni lehendabizi gramatika irakatsiz hasi nintzen. Adibidez, gaur lehenaldia tokatzen da, ireki liburua eta ariketa hauek egin. Horrela hasi ginen denok, liburuarekin eta gramatikarekin.

Hurrengo pausoa gramatika utzi eta funtzioen bidez irakastea izan zen. Ez genuen iragana, etorkizuna, partizipioa, artikuluak eta abar landuz ikasten, baizik eta funtzioen bidez; hau da, jatetxean, geltokian, erosketak egiterakoan, festetan, euria egiten zuenean eta abar behar zena ikasten zen. Testuinguru guztiak egoeraren arabera lantzen ziren.

Geroago ikuspuntu erabat berria sortu zen: proiektuaren bidez. Helburua azken produktu bat ekoiztea da, eta horretarako aurrez ekintza desberdinak planifikatzen dira, baina beti finalidade batekin (ikasleek ekintzak zertarako burutzen ari diren jakin behar dute). Ikasleengandik oso hurbil dagoen gaia aukeratzen da eta ikerketa lan bat burutzen da. Bukaerako produktura iristeko, ordea, pauso batzuk jarraitu behar dira, eta bide horretan hizkuntza lantzen da. Esaterako, hasieran inkesta bat egin daiteke gai baten informazioa jasotzeko. Horretarako galderak egin behar direnez, galderak lantzen dira. Gero grafiko bat egin behar da erantzun guztiekin, eta ondoren ondorioak azaldu jendeari, ingelesez, noski.

Honekin batera Content Based delakoa dago. Aurrekoaren antzekoa da, baina ez da proiektu bat soilik, proiektu batean edukiak sartzea baizik. Ikasgai ezberdinen edukien konbinaketan eta lanketan oinarritzen da. Adibidez, grafikoa egiteko eta datuak interpretatzeko matematika behar da. Beraz, matematikako edukiak lantzen dira ingelesez. Konparatiboak eta superlatiboak, esaterako, munduko laku eta ibaien dimentsioak alderatuz ikas daitezke.

Gurrutxaga.- Hizkuntza erabileran oinarrituta ikasten da, hau da, tresna bezala erabiltzen da, eta ez gramatika esplikatzeko. Nor-nori-nork irakatsi beharrean eskulanak egin ditzakegu eta bitartean ingelesez hitz egin: emaidazu kola, gainetik itsatsi, moztu... hori guztia ingelesez esaten dute.



Content Based irakasteko eredu hau zabalduta al dago? Hots, zentro guztietan erabiltzen al da metodo hau?

Gurrutxaga.- Badaude metodo hau lantzen urteak daramatzaten zentroak, eta beste batzuk orain dela gutxi hasi dira. Beti daude puntako bat edo bi, horrelako gauzak egiten hasten lehenak direnak, baina gero zabaltzen joaten da ongi funtzionatzen duela ikusten bada. Eta gaur egun gero eta gehiago dira metodo honetan murgiltzen ari diren irakasleak eta eskolak. Hemendik hamar urtera denok horrela funtzionatuko dugula uste dut.



Baina modu honetara irakasteak beste irakasleekin koordinazio handiagoa eskatuko du, beste ikasgaietako edukiak lantzen direlako.

Gurrutxaga.- Dudarik gabe, hori litzateke ideala eta gauzak erraztu egiten ditu, gainera. Natur Zientzietan uraren zikloa lantzen ari baldin badira eta nik ingelesean ere hori landu nahi badut, ikasleak aurretik kontzeptu batzuk ezagututa etorriko dira, eta horrek gauzak errazten ditu. Adibidez, eman dezagun Euskaran sukaldeko errezeta bat nola egin lantzen dutela eta Gaztelanian ere bai. Bada, Ingeleseko klasera iristen direnean ez zaie errezetaren formula nola planteatu esplikatu behar, hori badakite, eta izugarrizko aurrerapena da. Kasu honetan hiru ikasgaietako irakasleek elkarren berri jakitea funtsezkoa da. Hala ere, koordinazio hori lortzea ez da hain erraza leku guztietan.

Aliaga.- Dena den, horrelako proiektu bat egiten baduzu, tutorearengana joatea, azaltzea eta gai horren inguruan zerbait egin duten galdetzea besterik ez du eskatzen. Informazioa trukatzea da, azken finean, tutoreak jakin dezala ingeleseko klasean zer egingo dugun, eta hori ordubeteko bilera batean planifika daiteke. Hala eta guztiz, bide hoberena amankomuneko planifikazioa egitea da, hots, etapa edo zikloko irakasleen arteko programazioa egitea: tutoreak eta ezpezialistak (ingelera, musika, soin heziketa...). Baina horretarako denbora eta beste baliabide batzuk funtsezkoak dira.



Adina eta mailaren arabera zer da planteamendu edo metodo honetan aldatu behar dena?

Gurrutxaga.- Metodologia aldatu beharrik ez dago. Gertatzen dena da irakasten den edukiak eta materialak ez direla berdinak, DBHn askoz gehiago direla, alegia.

Aliaga.- Adibidez, 4 urteko haurrekin euskaraz eta gaztelaniaz egiten den gauza bera egiten da ingelesez ere: antzerkiak, ipuinak, dantzak, jokoak, abestiak...

Baina urteak pasa ahala konpetentzia linguistikoa poliki hazten da, eta ahalmen kognitiboak azkarrago. Astean hiru ordu izaten baitira ingeleserako, eta gainontzeko edukietarako gehiago. Horrela, edukien ikasketaren erritmoa ez doa ingelesaren ikasketaren erritmoarekin batera. Honekin zera esan nahi dut: Matematiketan edo Natur Zientzietan hainbat gauza lantzen ari baldin badira, Ingelesean helburua ez dela eduki horiek irakastea 4 urterekin gertatzen zen bezala, baizik eta eduki horiek lantzean ingelesa erabiltzea. Arte Hezkuntzan edo Soinketan erabil daiteke ingelesa denbora guztian eta eduki guztiak azaltzeko, baina aipatu ikasgaietan ez.



Maila ezberdinak aipatzen ari garelarik, zein da hauetako bakoitzean ingelesa irakasteko dagoen ordu kopurua?

Aliaga.- Eskola publikoetan gutxieneko ordu kopurua ezarria dago. 4 urtetik 8 urtera astero ordu bat eta erdi irakasten da, ordu erdiko hiru saiotan. Lehen Hezkuntzan astean ordubeteko hiru saio. Bigarren Hezkuntzan ere hiru ordu izaten dira, eta zortea duten lekutan lau ordu lortzen dituzte.



Nahikoa al da ordu kopuru hori?

Gurrutxaga.- Nik DBHn lau ordu beharko liratekeela uste dut. Zeren zer gertatzen da errealitatean? Ingelesarekin egingo dutelako topo leku guztietan: unibertsitatean, lanean, informatika munduan, interneten... Astean hiru ordu gutxi direla iruditzen zait, eta gainera, teorian hiru izan arren, praktikan kopuru hori murriztu egiten da askotan ordu eta hiru laurdenetakoak izaten direlako klaseak eta ez ordubetekoak, edo jolas-garaiaren ondorengoak, azken orduak eta abar. Beraz, minutuak kendu eta kendu, azkenean...

Hala ere, ingeleseko orduak gehitzeko, beste ikasgai bati kendu behar zaizkio, eta hor sortzen dira zailtasunak.

Aliaga.- Kontua ez da ordu kopuruarena, ordu hauekin zer eta nola lantzen dugunarena baizik. Denbora asko eman diezaiokegu ingelerari eta emaitzak oso pobreak izan daitezke (euskara eta gaztelaniarekin berdin) Koherentzia bat eman behar zaio hizkuntza trataerari eskolan etekinak onak izateko. Dena dela, 4-8 urte bitartean ordu bat eta erdiko kopurua oraingoz ondo dagoela iruditzen zait. Euskara ere hor dago, eta ingelesa motibazioa eta ulermena lantzeko soilik da urte hauetan, eta beste hizkuntza bat ere hor dagoela konturatzeko. Beraz, sarrera bezala ongi dago.

Lehen Hezkuntzan dagoen kopurua ere ongi dagoela deritzot, hasieran aipatu dudana kontuan harturik.