Baionako Uda Leku elkartea hil ala biziko egoeran

2000-11-01
Ipar Euskal Herrian ikastetxeaz kanpoko euskararen erabilpenean dagoen eskasia estali nahian lan egiten du.
 
 
Uda Lekuk aurrera jarraitzea erabaki du. Botere publikoen laguntza ezak sortutako egoera larria, oso larria, izanik ere.

Uda Lekuk 17 urte daramazki Ipar Euskal Herrian haur eta gazte euskaldunei denbora librea euskaraz igarotzeko zerbitzuak eskaintzen. Gainera, euskalduntzea bezain garrantzitsua da heziketa mailan burutzen ari diren lana, definitzen duten egitasmo pedagogikoa.

Egun, Uda Leku Elkartea 203 familia eta 21 elkarte eta ikastetxek osatzen dute. Kopuruari erreparatzen badiogu, Iparraldeko zati esanguratsu bat zalantzarik gabe. Beraz, bere lanarekin gizartearen beharren parte bati erantzuten ariko litzateke.

Uda Lekuren sektore berdinean lan egiten duten elkarte edo erakunde guztiek botere publikoaren laguntza jasotzen dute. Egin kontu: gainontzeko hauek guztiek beren aurrekontuen ia erdia jasotzen duten bitartean, Uda Lekuk %1 jasotzen du.

Bere sorreratik euskarazko zerbitzu publiko bat eskaintzeko ardura beregain hartu du, eta bide hau kasik bakarrik, laguntzarik gabe egin du. Erakutsitakoa erakutsita, zilegi dirudi dirulaguntza publikoa jasotzea, bizirauteko ezinbestekoa zaio, behintzat.

Xirrista eta Kometa euskarazko haur aldizkari bakarrak dirulaguntza ezaz hiltzen ikusi genituen ez dela asko. Uda Leku desagertuko balitz, euskarazko denbora librearen munduan hutsunea sortuko litzateke, euskara eta erabiltzaileak umezurtz utziz.

Baliagarriak diren lan tresnen desagertzearen azpian lanerako jende eza, ideien agortzea edo ilusioaren itzaltzeak eta nekeak beharko lukete. Ziur gaude hau ez dela Uda Lekuren egoera. Eta hori erakusten du elkarteak aurrera egiteko hartu duen erabakiak.

Uda Lekuk ausardiaz jokatu du. Eta orain ausardi horrek erantzuna merezi eta behar du. Erantzuna txanponetan beharko luke, hori litzateke behintzat bidezkoena.

Ez dugu Uda Leku horrela hil dezaten utzi behar. Euskararen herrian guztiak ditugu beharrezko-eta!