Kronika

2000-11-01
 
 
Urriaren 28 eta 29an elkartu ziren Okzitanian FLAREP federazioko kideak, Frantziako estatuko hizkuntza gutxituen irakaskuntza elebidun publikoak biltzen dituen federaziokoak, alegia. Tartean Ikas-Biko lehendari Thierry Delobelek hartu zuen parte.
Federazioaren XIV. jardunaldietan hizkuntza gutxituen egoeraz, pedagogiaz eta formakuntzaz hitz egin zuten. "Korsikar adibidea" aztertu zuten. Matignongo akordioaren arabera, Korsikako eskoletan korsikar hizkuntzaren irakastea sistematikoki proposatuko da. Thierry Delobelen esanetan "Errepublikaren historian horrelako zerbait proposatzen den lehen aldia da eta eredu izan daiteke". Izan ere, bere ustetan "uharte salbuespenaren harresiak gainditu beharko ditu".

Humanitateen erreformak zeresana ematen jarraitzen du
Jakina da Madrilgo Gobernuko Hezkuntza ministro Pilar del Castillo gutxieneko ikasgaien erreforma prestatzen ari dela. Orain dela aste batzuk entregatu zien lan tresna izan zen dokumentua PSOEri, CIUri eta Inaxio Oloveriri. Etorkizunean proposatuko dituen bi erret dekretuen oinarriak biltzen dira aipatu dokumentuan.
Gobernuak curriculumeko irakasgaien %55a berak zehazteko asmoa du berezko hizkuntza duten komunitate autonomoetan, eta gainontzekoetan %65a. Portzentaia horiek LOGSEk onartu aurretik, PSOEk komunitate autonomoekin hitzartu zituen eta horien eskuetan utzi zuen edukien antolaketa. Geroztik, komunitateek eurek egin dituzte beren curriculuak eta erret dekretu autonomikoen bitartez onartu izan dira.
Horixe da hain justu egungo Hezkuntza Ministeritzak aldatu nahi duena. Bere nahia estatu osoko ikasle guztiek eduki berdinak eta maila berdinetan ikastea da.
Aitzitik, ez dira politikariak soilik Humanitateen erreformarekin kezkatuta dabiltzanak. Hainbat intelektual ere gaiari bueltaka ari dira. Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan elkartu ziren urriaren azken astean Juan Pablo Fussi eta Jon Juaristi katedratikoak eta Juan Goytisolo eta Jose Maria Ridao idazleak. Guztiek bat egin zuten Hizkuntza eta Historia ikasgaiek Espainiako hizkuntz eta kultura aniztasunaren ikuspegi zabala eskaini behar dutela esaterakoan, betiere edonolako ikuspegi zentralista edota periferikoa ekidinez. Euren iritziz, nazionalismoek Hizkuntzan eta Historian sortzen duten sakabanatzea ikusirik, irtenbide bakarra nazionalismo espainolaren ikuspegitik atera eta Hizkuntzaren eta Historiaren hezkuntza "tolerantea eta inegratzailea" bultzatzea da.

NUParen politikak ez dio Nafarroako Hezkuntza sistemaren eskaerari erantzuten
Nafarroan euskarazko ereduetan ikasten duten ikasleak gero eta gehiago dira. 3 urteko haurren %28, 6 A ereduan matrikulatu da aurten eta %30,7 D ereduan. Ondorioz, irakasle euskaldunen beharra gero eta handiagoa da. E zdago euskaraz irakasteko gaitasuna duen irakasle nahikorik. Aurtengo ikasturtea gabezia horrekin hasi da Nafarroan, eta bereziki Bigarren Hezkuntzan.
Hori dela eta, bi bidetara jo du Nafar Gobernuak irtenbide bila. Lehenengo, lekualdatzearen eta birziklaisaren bitartez hainbat lanpostu bete dira. Ondoren, INEMera jo du falta ziren langileen bila.
Lehen Hezkuntzarako irakasle euskaldunak aurkitzea errazagoa da Bigarren Hezkuntzarekin alderatuz. NUPn Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak euskaraz burutu daitezke. Ez da hori gertatzen Bigarren Hezkuntzaren kasuan. Hezkuntza Sistemaren beharra ikusita, ikasle horiek eskolak euskaraz emateko gaitasunarekin irten beharko lukete unibertsitatetik. Baina gaur egun hori ez da gertatzen. Momentu honetan NUPeko hizkuntz normalkuntza plana gelditurik dago eta lege berri baten esperoan daude, zeina murriztailea izango den zabaltzailea baino gehiago. Iaz NUPen matrikulatutako ikasleen %4,75a D ereduan ikasitakoa zen eta maila guztietako 1.800 ikasle euskaldunetatik 452k EGA titulua zeukaten. Unibertsitatean hori zaindu eta lantzen ez bada, ordea, hizkuntz gaitasuna ez dute hobetuko eta galtzeko arriskua izanen dute.
Egungo eskaintza oso murritza da ikuspegi horretatik. Iazko ikasturtean 171 ikasgai eskaini ziren euskaraz, baina gehienak Lehen Hezkuntzako Irakasle ikasketetan, eta ez Bigarren Hezkuntzan irakasle izan ditezkeen litzentzatuen karreretan.

Irale programa aldatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari PP, PSE-EE, IU eta UAren botoekin onartutako legez besteko proposamenaren bidez. Irakasleak euskalduntzeko programa moldatu beharra ikusi dute alderdiok. Alde batetik, programaren "porrot handia" azterteko eskatu dute. Bestetik, azterketak kalifikazioaren erdia baino gehiago ez baldintzatzea nahi dute, eta horren ordez etengabeko ebaluazioa erabiltzea. Era berean, ikasturte bakoitzean deialdi bi egitea eta proben emaitzak argitara ematea ere eskatu dute.
EA eta EAJ aldaketa horiek egitearen aurka agertu dira. Horien ustetan, proposamen horiek euskal hezkuntza sistemaren kalitatearen eta izaera elebidunaren aurka doaz. Gainera, irakasleen ebaluazio jarraiak azterketen kalifikazioaren erdia baino gehiago balio izateak ez luke kalitatea bermatuko hauen iritziz. Halere, gaur egun etengabeko ebaluazioa indarrean dagoela aipatu zuten bi alderdiok.
Azken 20 urteotan irakasleen euskalduntzea %5etik %60ra igo dela adierazi dute alderdi horietako kideek. Hori ikusita, oposizioak aipatzen duen porrota ukatu egin dute eta egindako lorpena "historikoa" izan dela adierazi dute.