Kronika

2002-01-01
 
 
Nazio Batuen Erakundeak hizkuntza gutxituak babesteko eta horien irakaskuntza zabaltzeko eskatu dio Frantziari. Azaroan bildu zen NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordea eta bere kezka agertu zuen gai horren inguruan.
Frantziak Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideei Buruzko Ituna sinatu zuen 1990ean eta hainbat arlo ez dituela betetzen ikusi du aipatu batzordeak. Estatuaren batasunari eta herritarren arteko berdintasunari ematen dio lehentasuna, eta ondorioz gutxiengoen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak ez ditu betetzen.
Horregatik, HIzkuntza Gutxituen Ituna berrestea eta gutxiengoen kulturak eta hizkuntzak gordetzeko neurriak hartzea gomendatu dio Batzordeak. Irakaskuntza esparruari dagokionez, gehiago saiatzeaz gain, hizkuntza horien irakaskuntza bultzatzeko neurriak har ditzan eskatzen dio.


Euskal irakaskuntzarako proposamenak aztergai dira Nafarroako ikastetxeetan

Nafarroako euskarazko irakaskuntzarako proposamenak aztertzen eta eztabaidatzen ari dira herrialdeko ikastetxeetan. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek eta Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak erakundeek euskarazko irakaskuntzarako propoposamenak aurkeztu zituzten azaroaren amaieran egin zen batzar batean, eta han erabakitakoaren haritik, orain ikastetxeetan eztabaidatzen ari dira.
Proposamen horren jatorria Nafarroako Gobernua irakaskuntzarako prestatzen ari den araudian dago. Administrazioan euskara erabiltzeko dekretua onartu ondoren, irakaskuntzakoa prestatzen ari zela jakinarazi zuten sindikatuek, eta zirriborroaren berri ere eman zuten. Hezkuntza Departamentuak behin baino gehiagotan eman zuen aditzera zirriborroa lanerako tresna baino ez zela. Dekretua oraindik publiko egin ez bada ere, sindikatuek diotenez zenbait neurri hartzen hasiak dira euskarazko ikastetxeetan banaka-banaka. Horregatik, prestatu dute sindikatuek proposamen sorta hori. Horren aurkezpena egin ostean, beraz, aztergai dago orain ikastetxeetan.
Sindikatuen esanetan, Hezkuntza Departamentua hasi da ingelesa bitarteko hizkuntza gisa eredu guztietan sartzen. Sindikatuen iritziz hori oinarri zientifikorik gabekoa eta abiapuntu okerra izateaz gain, murgiltze eredua baldintza dezake. Beste neurri bat langile erdaldunak ezartzearena da, atezainei eta bulegariei ez baitzaie euskaraz jakiterik eskatzen. Horrez gain, hainbat ikastetxetara gaztelania hutsean bidaltzen dira komunikazioak administraziotik. Lanbide Heziketan eta unibertsitatean euskarazko eskaintzak murrizten jarraitzeko asmoa agertzen du Hezkuntza Departamentuak. Gaur egun %0,02k ikasten dute euskaraz. Aitzitik, DBHn %22 dira euskaraz ikasten ari direnak, eta horien beharretara egokitzeko plangintza egitea eskatzen dute sindikatuek. Unibertsitateari dagokionez, estatu ofiziala eta normalizazio plangintza eskatzen dute sindikatuek eta Sortzen-Ikasbatuazek.


0-3 etapa elkarlanean arautuko da datorren udaberrirako

Hezkuntza Sailak eta Haurraren Hezkuntza Eskubideen Aldeko Mahaiak Batzorde bat eratu dute 0-3 etapa arautzeko. Etapa hori arautuko duen dekretua batzorde horretan eztabaidatuko da. Administrazioak egingo du dekretuaren zirriborroa eta urtarrilaren 7rako jakinaraziko du edukia.
Mahairen aldetik batzordean hauek egongo dira: sindikatuetako ordezkari bana -ELA, LAB, EILAS, CCOO eta UGT-, Haur Eskolen Koordinakundeko ordezkaria eta Guraso Elkarteko beste bat. Eusko Jaurlaritzaren aldetik hiru sailetako ordez-kariak izango dira: Hezkuntza, Gizarte Gaiak eta Nekazaritza Sailak.
Haurraren Hezkuntza Eskubideen Aldeko Mahaia gustura agertu da Hezkuntza Sailaren jarrera irekiaren aurrean. "Gure iritzi eta ekarpenak kontuan hartuko dituztela esan ditugute, eta hori poztekoa da" Mahaiko kideek azaldu dutenez. "Horrez gain, Hezkuntza Sailak adin horretako haurren hezkuntza bere ardurapean hartzeko borondatea erakutsi du eta hori ere aurrerapausoa da". Izan ere,momentu honetan Gizarte Gaietarako Sailaren ardurapean dago etapa hori.
Haurraren Hezkuntza Eskubidearen Aldeko Mahaiak Hezkuntza Sailaren dekretuak hartu beharreko hiru puntu zein diren azaldu du. Lehenengoa haurraren gogoa eta hezkuntza eskubidea errespetatzea da. Haurraren bizimoduari eta ikuspuntuari ematen diote lehentasuna. Bigarren puntua zerbitzuen kalitateari buruzkoa da. Hori zaintzen bada, bizimodu osasungarria eta heziketarako egokia izango da. Horregatik, egoitza aproposak, haur kopuru egokiak eta irakasle talde kohesionatuak eskatzen dituzte, besteak beste. Eta azkenik, dekretuak eredu pedagogiko propioa bultzatu behar duela diote. Haur Eskolek orain arte egindako ibilbidea aintzat harturik, hobetzeko baldintzak behar dira. Haur Eskoletan ari diren irakasle taldeen esperientzian oinarriturik, eredu pedagogikoak honakoa hartu behar du kontuan Mahaiko kideen iritziz: egunerokotasunaz egiten diren ekintzak eta sortzen diren egoerak dira hezigarri, irakaslearen erantzunak integrala izan behar du, haurrekiko lanak pertsonalizatua izan behar du, senideekiko harremanek zuzenak eta sankonak izan behar dute eta abar.


EAEko Hezkuntza Saila hezkuntzako hainbat erakunderekin bilerak egiten ari da gauzak hobetze bidean. Horrela, sindikatuekin egiten ari den bileretan Lan Eskaintza Publikoa, langileen egonkortasuna eta ordezkoen zerrendaren kudeaketa aztertzen ari da. Eusko Jaurlaritzak eskaintza berria aurkeztu zien sindikatuei, baina horiek ez zuten nahikotzat jo. Langileen egonkortasunari buruzko proposamena hobetu arren, oraindik beste zenbait puntu ukitu eta aldatu beharra ikusten dute.
Hezkuntza Sailak esku artean duen beste lan bat Iraleren egokitzapena da. Erreforma osoa 2003-2004 ikasturtean egingo bada ere, ikasturte honetan zenbait aldaketak egingo dira. Iraleren aldaketa, besteak beste, ikastaroen modalitateari eragingo dio. Hau da, goi mailako ikastaro gehiago eskainiko dira, batez ere hizkuntz hobekuntzari begira. Bestalde, kupoa murrizteko aukera ere aztertzen ari da Hezkuntza Saila. EILAS sindikatuak emandako datuen arabera, 1981-82an, Irale martxan jarri zenean, liberazio kupoa 85ekoa zen. Hurrengo ikasturtean bikoiztu egin zen, eta gaur egun ia milakoa da kopurua.
Beste gai bati helduz, frankismo garaian ikastoletan ibilitako andereñoek laguntza jasotzeko aukera izango dute. EAJk, EAk eta IUk legezko proposamen bat aurkeztu dute Legebiltzarrean 1967-68 ikasturtera arte ikastoletan eskolak ematen jardun zuten andereñoen lana ezagutzeko eta diruz ordaintzeko. Aro zailetan egindako lana eskertzeaz gain, andereñoek urteetan Gizarte Segurantzan kotizatu ez izanaren ondorio kaltegarriei aurre egitea da legezko proposamen honen xedea. Ordainaren zenbatekoa 1967-68 ikasturtera arte emandako eskola kopuruaren arabera zehaztuko da.