CHOKLER, Myrtha Hebe:

2002-01-01
Myrtha Hebe Chokler izena psikomotrizitatearekin lotu behar da, ezbairik gabe. Psikologian eta Fonoaudiologian doktorea den emakume argentinar hau Fundari (Umeen Eskubideen Aldeko Fundazioa) erakundeko zuzendaria da. Kargu bera du Buenos Aireseko (Argentina) Psikomotrizitate Eskolan eta Catamarcako Unibertsitate Nazionaleko Umeen Garapenaren Arreta Goiztiarraren ikasketetan.

Psikomotrizitatearekin eta haurraren garapenarekin lotuta dauden beste hainbat nazioarteko erakundetako partaide ere bada, eta zenbait unibertsitatetan eskolak ematen ditu. ASEEFOP (Psikomotrizitate Prestakuntzako Eskolen Europako Elkartea) erakundean ere ikastaroak ematen ditu.

Munduan zehar harat-honat ibiltzen delarik, Euskal Herrira etortzeko abagunea ere izan du. Aitzakia Bergarako UNEDeko Psikomotrizitate Eskolak eman dio. Ezen, eskola horrek Psikomotrizitate Praktikako V. Jardunaldiak antolatu ditu Gasteizen, eta bertan parte hartu du hizlari gisa Myrtha Hebe Choklerrek.
 
 
Haurraren garapenean autonomiak duen garrantzia aipagai izan duzu jardunaldi hauetako lehen hitzaldian. Kontzeptu horiek modu batean baino gehiagotan uler daitezke. Zure abiapuntua zein da?

Nire abiapuntua errealitatean dagoen sakoneko eztabaida bat da. Haurraren garapenaz edo haurraren garapen psikologiaz mintzatzen diren askok haurra abstraktuki planteatzen dute. Garapenak zein etapa jarraitzen dituen aipatzen dute. Baina errealitatean zera planteatu behar dugu: zer subjektu motari lagundu nahi diogun hazten. Zeren haurra ez baita zerbait abstraktua.



Nolakoa da haurra?

Nik bi subjektu mota bereizten ditut. Bata librea, autonomoa, bere barneko segurtasunetik abiatuta harreman bat konpartitzeko gai dena, erlazio bateko partaide dena eta integratua sentitzen dena. Bestea esanekoa, sozialki egokitua edo egokitu gabea (presiozko giroa ukatu duelako bere interesei, beharrei eta ahalbideei erantzuten ez dielako). Haur bat bera den bezala, bere aukera eta mugekin, ulertzen ez duen eta kontuan hartzen ez duen giro batek presionatua sentitzen bada, bi erreakzio mota baino ez ditu. Lehenengoa urduritasuna, hiperaktibitatea, agresibitatea; horiek dira oposizioa eta asaldatzea adierazteko moduak. Ez dago prestatua bere inguruak eskatzen dizkion gauzetarako, ez da gai horretarako, eta erreakzio horiekin erantzuten du. Batzuetan patologikoa bihurtzen da eta beste batzuetan ez. Bigarren erreakzioa men egitea da, berarekin nahi dutena egin dezaten onartzea.

Orduan, subjektu autonomo eta libre baten aldeko apustua egiten dugu, bere ahalbideen eta mugen kontziente den subjektuaren aldekoa, bere interesak berarentzat eta berarekin dagoen helduarentzat interesgarriak direla kontziente den subjektuaren aldekoa. Zeren ez dugu ahaztu behar haurrarentzat gauzak interesgarriak direla helduarentzat ere hala direlako eta honek baloratu egiten dituelako. Horrela izan behar du, eta ez alderantziz; helduarentzat interesgarria delako ez du zertan interesgarri izan behar haurrarentzat.

Horrenbestez, subjektu autonomo, aske, kritiko eta segurua hazi nahi badugu, egoerak sortu behar ditugu. Zeren hori ez baita jaiotzetikoa, ez da edozein baldintzatan lortzen.



Zein egoera sortu behar ditugu subjektu autonomo bat hazteko eta hezteko?

Baldintza subjektiboak eta objektiboak. Batzuk barrutik eragin beharrekoak dira, eta beste batzuk ingurumenak bultzatu behar ditu, haurra gero eta autonomia maila handiagoa hartzen joan dadin.



Zein dira haur batek autonomo izateko eskuratu behar dituen baldintza subjektibo horiek?

Derrigorrezko baldintza bat segurtasun afektibo eta emozionala da. Barneko segurtasun hori inguruan dituen helduekiko duen loturen kalitatearen araberakoa da. Segurtasun lotura hori, ulertzen, laguntzen eta babesten duen helduak ematen dio, ez beti gehiago lortzera bultzatzen duen helduak. Adibidez, horrelako helduek esertzeko esaten diotenean, ez da nahikoa izaten eserita egotea, geldirik egon behar izaten du; gelditzen denean oinez ibili behar izaten du; oinez ibiltzen denean hitz egin behar izaten du, eta abar. Hau da, inoiz ez du lortzen helduaren desioa betetzerik. Haurrak lorpenak erdiesten ditu, baina inoiz ez dira nahikoa helduarentzat. Honek beti azterketak jartzen dizkio, probak egiten dizkio ea gai den edo ez ikusteko, ea irabazten duen edo ez ikusteko... Horrela, haurra bere buruarekin eta helduarekin zalantzati senti dadin lortzen du. Ez du nota txarra ateratzen beretzat gaizki egin duelako, baizik eta besteen aurrean onarpena eta afektua galtzen dituelako.

Guri ere gauza bera gertatzen zaigu lanean norbaitek zerbait gaizki egin dugula esaten badigu. Ez da objektiboki ondo egin ez dugun zerbait soilik, horrez gain ezgai, baliogabetuak eta irainduak sentitzen gara. Are gehiago haur baten kasuan, tresna askoz ere gutxiago dituelako egoera horrek berekin dakarren alderdi emozional hori irudikatzeko.

Horregatik, autonomoa izateko lehenengo egoera harreman eta loturen bitartez ingurumenak emandako segurtasun emozional nahikoa izatea da. Harreman horiek bere buruarengan konfiantza izan dezan ahalbidetzen diote haurrari, autoestimu gradu bat ematen diote. Horrela, zera pentsatuko du haurrak: "okertu naiteke, baina horregatik ez dut arriskuan jartzen besteekin dudan harremana, lotura, eta onartua izaten jarraitzen dut".

Beste elementu garrantzitsu bat gorputzaren askatasun eragilea da, hau da, norbera bere gorputzaren jabe izatea eta tresna bezala erabiltzea lortu nahi diren proiektuetarako. Bakoitza bere gorputzaren jabe dela sentitzea autonomiaren elementu garrantzitsua da. Zeren norbait seguru eta orekatua egoteko eta bere gorputza maneiatzeko eta menperatzeko gaitasunik gabe sentitzen bada, ez da seguru sentitzen emozionalki. Eta beraz, ez da autonomoa. Gorputzaren emozio segurtasun gabeziari lotuta sentitzen da.



Segurtasun emozionala edukirik eta gorputzaren jabe izanik, nolako ekintzak burutuko lituzke haur batek?

Ekintza proiektuek, hots, norberak bere buruari ezartzen dizkion eginkizunek edo zereginek norbere buruari eta inguruneari buruz duen ezagutzarekin dute zerikusia, bai haurren kasuan eta bai helduen kasuan. Adibidez, niri ez zait burutik pasa ere egiten 20 metroko tranpolin batetik salto egiterik beldurrak akabatzen naizelako eta segurtasunik ez daukadalako. Beraz, ez dut horrelakorik planteatu ere egiten. Haatik, norbaitek horretara bultzatzen banau eta nire bizitza horren arabera dagoela esaten badit, seguraski arriskatu egingo naiz. Baina ekintza bera gaizki egingo dut, segurtasunik gabe egongo naiz...

Modu horretara nirea ez den proiektu bat gauzatzen ari naiz, nire gaitasunekin eta aukerekin zerikusirik ez duena. Beste baten proiektua da, beste batek baloratua.

Haurren kasuan gauza bera gertatzen da. 6-7 hilabeteko haur bat igerilekuaren ertzean jartzen badugu eta objektu bat uretara botatzen badiogu, haurrak objektua nahiko du eta eskua luzatuko du. Ez da gai uretara eroritakoan zer gertatuko zaion aurreikusteko. Bere adimenak ekintza bat soilik ahalbidetzen dio: eskua luzatzea objektua dagoen lekura. Beraz, nahiz eta uretara erori, ez da nahi duelako erortzen, ez du uretara bota edo ez botaren artean aukeratzen. Hortaz, ez da autonomoa. Eta are gutxiago helduaren irribarreak erakarri eta liluratzen badu. Ondorioz, helduak konfiantza eta segurtasuna emateko ordez zailtasunen aurrean jartzen du haurra.



Jar iezaguzu beste adibide bat.

Beste adibide bat jarriko dizuet. Nekez ibiltzen den haur bat, oraindik bere gorputzaren oreka mantendu ezinik dabilena, hormaren kontra jartzen du helduak, eta bera metro bateko distantziara jarriz, haurrari beregana hurbiltzeko esaten dio. Haurrak kalkulu mordoxka egin behar ditu: norantz mugitu behar duen gorputza hanka behar duen lekura mugitzeko, distantzia hori ibiltzeko nola koordinatu behar duen, erortzen bada zer gertatuko zaion... Esfortzu itzelaren ondoren pauso bat ematen du, eta normalean heldua beste horrenbeste atzeratzen da. Haurrak berriz ere gerturatzeko antolaketa espazial bat egin behar du bere buruan, distantziaren araberakoa eta ez erortzeko orekaren araberakoa. Haurrak sentitzen du helduak lagundu egin beharrean baldarra dela esaten diola. Pentsatu, antolatu eta kalkulatutako guztian okertu egin dela uste du. Horrelako ekintzetan haurrak bere gaitasunekiko konfiantza galtzen du. Izan ere, berak pertzepzio bat programatzen badu eta helduak egoera ezagupenean jartzen badu, bere buruarenganako konfiantza izateko aukerak galtzen ditu progresiboki. Orduan, dependentzia prozesu bat sortzen edo indartzen hasten da, eta beti helduak zer esaten dion itxaroten egongo da. Ezingo du bere kabuz erabaki.

Gu oso ohituta gaude iniziatiba sortzailerik ez duten haurrak ikusten eskolan, edo agresibitate handia dutenak ere bai. Agresibitate hori erreakzio bat da. Zerena? Bere proiektuak entzun eta baloratu ez izanarena.



Zein dira autonomo izateko baldintza objektiboak?

Haurraren inguruak osatzen du alderdi objektiboa. Helduak haur bakoitzaren adinera egokitutako proiektuak prestatu behar ditu, egokitu egin behar ditu. Haur bakoitzarentzako arropak, jostailuak, giroa eta ekintzen iraupena ez dira berdinak.



Haurra autonomo izan dadin, zer egin behar du helduak? Nola lagundu behar dio? Zein da helduaren funtzioa?

Haurrari hezten lagundu behar dio, eta horretarako, lehendabizi haurra ezagutu behar du. Haurra ez da abstraktua eta ezta liburuan agertzen den 4 urteko haurra ere. Izena duen haur konkretua da, historia jakina duena, bizipen batzuk dituena, gogo, beldur eta irrika jakinak dituena, gustatzen zaizkion eta gustatzen ez zaizkion gauzak dituena.

Haurraren ezagutza sakona izan behar du, ez azalekoa. Hori da irakasle, hezitzaile eta haurrekin lana egiten dugun guztiok dugun desafioa. Eñaut, Alaitz eta Anerekin egin behar dugu lan, eta ez hirugarren mailako ikastaldearekin.

Familiek beraiekin jokatu izan duten bezala jokatzen dute haur hauekin. Nolanahi ere, profesionalek ez dute hori egin behar. Ikuspegi profesionaletik garrantzitsua iruditzen zait haur bakoitzarekin dugun proiektua zehaztea. Adibidez, esaneko haur baten proiektua baldin badaukat, haur horrek nik nahi dudana, nik nahi dudan bezala eta nik nahi dudanean ikas dezan nahi badut, nik irakasten dizkiodan ikaskuntzak indartuko dizkiot eta bere kabuz ikas dezakeena baztertu eta baliogabetu. Ostera, haur autonomo eta ikertzaile baten proiektua baldin badaukat, haur horrek bere potentzialtasunak, trebeziak eta gaitasunak ahalik eta hobekien zein baldintzatan erabil ditzakeen ikusiko dut. Esate baterako, 6 hilabeteko haur batek jostailuekiko kuriositatea eta arreta izan dezan, berari egokitutako jostailuak eskaini behar zaizkio. Jostailu handiegiak eskuratzen bazaizkio, beldurtu egingo da eta ez ditu erabiliko.



Jostailuei zenbateko garrantzia ematen diezu?

Handia. Garrantzitsua deritzot bat-bateko ekintza oinarritzat harturik eta bat-bateko jolasak haurrentzat duen aberastasuna kontuan harturik, jostailua errealitateko objektu batean nola eraldatzen den ikusteari. Adibidez, hodi bat haurraren jolasean etxe bateko ate bihur daiteke. Metamorfosi hori nola gauzatzen den azaldu dut nire hitzaldian.

Haurrak eraldaketa horiek egiteko aukera ematen duten jostailuak erabili behar ditu autonomo izan dadin. Gaur egun, ordea, jostailuak errealitateari oso itsatsirik daude eta ez dute pentsatzeko balio, ez baitira eraldagarriak. Haurrak ezin du metamorfosirik egin egungo jostailuekin, ez diote horretarako aukerarik ematen.

Beraz, eraldaketa edo metamorfosi horiek haurrari arreta mailak garatzen ahalbidetzen badiote, egungo jostailuekin hori eten egiten da.

Horrela bada, jostailu egokiak erabili behar dira, eta horretarako helduak haurraren garapenaren etapako ezaugarriak eta gaitasunak ezagutu behar ditu. Zeren horren arabera ezarriko baitira hurrengo etapara pasatzeko oinarrizko elementuak.



Dena dela, helduaren esku-hartzeak nolakoa izan behar du? Hau da, haurrari tira egin behar al diogu ala bere kasa utzi?

Nik ez dut uste tira behar denik. Are gehiago, eredu pedagogiko bat baino gehiago daudela uste dut, eta nik metafora bat erabiltzen dut eredu horiek azaltzeko.

Eredu bat haur bati bultzatzen dion traktorearena da. Bultza eta bultza egiten dio atzetik, eta haurra bultzada horri ahal duen moduan erantzuten saiatzen da.

Beste eredu bat azenarioarena da. Hezitzaileak azenarioa erakusten dio eta haurrak jarraitu egiten dio. Uste du berak nahi duena egiten duela, baina benetan hezitzaileak nahi duena egiten du, berak mugitzen du azenarioa nahi duen lekura.

Beste eredu bat arrantzalearena da, tira egiten du ateratzeko eta aurrera eramateko.

Eta beste eredu bat lorezainarena da, guk erabiltzen duguna. Maite dugun landare bati hazten laguntzeko lur egokiena bilatzen dugu, zein ongarri behar duen ikusten dugu, zenbat ur behar duen, eguzkitan egon behar duen ala ez, kanpoan egon behar duen ala ez... Ez litzaiguke bururatuko adarretatik edo hostoetatik tiratzea hazten laguntzeko. Horrenbestez, baldintzarik egokienak bilatzen ditugu hazi horrek ahalik eta fruiturik onenak eman ditzan.



Bigarren hitzaldian esan zenuen momentu honetan hiperaktibitatea eta arreta defizita eskoletan eta haur klinika psikiatrikoetan gehien eztabaidatzen diren arazoak direla. Zerk eragiten du arazo horiek sortzea?

Nik esango nuke azken urteotako ingurunearen antolaketak eta gizarteak sortu duela horrelako subjektua. Ez da atsedenetik sortu, baizik eta modu horretara estimulatu eta bultzatu dituen giro eta gizarte batetik.

Nahiz eta medikuek botikak errezetatu arreta arazoetarako -zenbait kasutan beharrezkoak dira- benetan arreta arazoak dituzten haur hiperaktiboak haur horiek ulertzen ez ditugulako eta baldintza subjektibo eta objektibo egokiak eraikitzen laguntzen ez diegulako sortzen dira. Baldintza horiek edukiz gero, haurrak gai izango lirateke bere mailako gauzak ikasteko, bere interesekin eta denbora guztian arreta mantenduz. Ordea, egokiak ez diren baldintzak eraikitzen baditugu, hau da, izugarrizko zarata, egokiak ez diren erregistroak eta haurra etengabe asaldatuta mantentzen duten egoerak, ez gaitu harritu behar hilabete bateko, hiru hilabeteko, sei hilabeteko, urtebeteko, 2 urteko edo 6 urteko haur hiperaktibo, agresibo eta arreta defizita duen batekin topo egiteak.



Haur horiek hazten diren heinean, nola ikusten duzu beraien egoera?

Arazoa da gehiegi exijitzen zaiela. Egoera horretan, neska-mutil batzuk, helduagoak direlako-edo, gai dira eskakizun horiei modu egokian erantzuteko. Beste batzuk ere erantzuteko gai izango dira, baina kostu psikiko eta pertsonal hain handiarekin, non momentu batean krak egiteko eta puskatzeko arriskua duten. Modu oso behartuan erantzuten diete eskakizunei eta itxuragabetuta gelditzen dira. Agian intelektualki adimentsuak izango dira, baina emozionalki oso hauskorrak dira, beti arrakasta lortu nahian ibili direnez, atsekabez betetako bizitza dutelako. Horrek porrot sentimendu handia sortzen du, eta ez da eskola porrota soilik, bizitzako porrota baizik. Ezen, gero ezingo baitute lanik egin eta sozialki deskalifikatuta geldituko baitira. Ez da, beraz, eskola mailako deskalifikazioa soilik.

Gazteen psikopatologia maila hain da handia (estresa, eskizofrenia...) non hausnartu egin beharko genukeen zein den hori sorrarazten duen gizartea. Psikopatologia lehen ere bazegoen, baina beste ezaugarri eta portzentaia batzuk zituen, apalagoak. Momentu honetan elementu asaldatzaileen zabaltze handia dago.



Zer egin dezakegu arazo horren aurrean hezitzaileok?

Hainbeste eskola porrot baldin badaukagu, zer egin ez dakiten hainbeste gazte baldin badaude, zer egiten jardun garen aztertu eta planteatu behar dugu. Haurrak ongi eta zoriontsu ikusiko bagenitu, ez genituzke planteatuko Bernard Acouturierren praktika psikomotriza edo beste korronteen proposamenak, ez eta osasuneko eta hezkuntzako profesionalek egindako beste hainbat hausnarketa ere. Ordura arte egindakoa errepikatu besterik ez genuke egingo.

Aitzitik, ez da hori gertatzen. Haurrek bizi duten errealitate soziala eta hezkuntza errealitatea eraldatzeko beharretik sortzen da hausnarketa eta praktika psikomotriza. Zeren, orain arte bezala jarraitzen badugu, arazo sozial garrantzitsuak sortzen dizkigun subjektu mota fabrikatzen jarraituko dugu.

Horrenbestez, ez dugu hausnartu behar eskola edukiak zein metodo pedagogikorekin ikasiko dituzten hobeto jakiteko, baizik eta haurra subjektu autonomoa izateko baldintzak babesteko eta zaintzeko. Gure eginkizuna prebentzio lana egitea da. Gutxienez, aipatu arazoak ez dituzten haurrak hazten saiatu behar dugu•