Kronika

2002-05-01
 
 
Udabiltzak 18.030 eurotako diru laguntza emango dio Baionako Bernat Etxepare lizeoari . Diru hori lizeoko hornidura berria bermatzeko erabiliko da, hau da, Internet sarea osatzeko, Dokumentazio Zentroa antolatzeko eta sareari lotzeko...
Udalbiltzako Batzorde Eragileak aditzera eman duenez, Euskal Herriak ez du oraindik hezkuntza sistema propiorik, eta Udalbitza Euskal Herriko lehen administrazio nazionala izanik, hezkuntza propioa zehazteko bidean hainbat urrats egiten ari da. Proposamen ugari aztertu dituzte, eta horietako bat izan da Bernat Etxepare lizeoarena.
Lizeoko zuzendariak euskarak teknologia berrietara jalgi eta Europan behar duen tokia aldarrikatzeko beharra azpimarratu zuen, eta Udalbiltzak emandako dirua horretara bideratuko dutela.


Lanbide Heziketaren aldeko apustuarekin darraite administrazioek
Lanbide Heziketako ikasle kopurua handitu doa eta lan munduarekiko lotura gero eta sendoagoa da. Hori da, bederen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi dutena. Administrazio biek Lanbide Heziketaren aldeko apustua egiten jarraitzeko asmo irmoa agertu dute.
Jesus Laguna Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak azaldutakoaren arabera, Nafarroan Lanbide Heziketako titulua ateratzen duten hamar ikasletatik bederatzik lehen urtean lortzen dute lana. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta Enplegu Institutuak elkarrekin egindako azterketa bateko datuak dira. Beronen arabera, lana aurkitzeko espezialitate egokienak Jarduera Fisikoak, Ibilgailuen Mantenimendua eta Ekoizpenen Zerbitzuak eta Mantenimendua dira. Alderantziz, lana gehien itxaron behar izaten dutenak Dekorazioa eta Argazkigintza eta Kultur eta Gizarte Zerbitzukoak dira.
Lagunaren hitzetan "azterketa honetako datuek baieztatzen dute merkatura egokitutako eskaintzak egiten ari garela Lanbide Heziketan, hau da, industriatik jasotzen diren beharrak betetzen ari garela".
Angeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aditzera eman du 2010. urtean egongo diren lan eskaintzak asetzeko ikasleen %70ak Lanbide Heziketa ikasi beharko duela. Etorkizunean lan egiteko modua erabat aldatuko dela azaldu du, lanpostuak mugikorragoak izango direlarik. Horrek oinarrizko formazio ona eta lan mundura egokitutako prestakuntza anitza eskatzen du, eta egun egiten den eskaintza ildo horretatik doala azpimarratu du.
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 30.323 gazte matrikulatu dira aurten Lanbide Heziketan, iaz baino 1.115 gehiago. Matrikulaziorik handiena izan duena Fabrikazio Mekanikoa izan da, eta horren atzetik Elektrizitatea eta Elektronika eta Administrazioa. Kopuru txikiena jaso dutenak, berriz, Ehungintza, Jantzigintza, Larrugintza eta Itsasoko eta Arrantzako Jarduerak izan dira.


Milaka lagunek eman diote ezetza Kalitate Legeari
Hezkuntza, geurea eta solidarioa lelopean milaka lagun elkartu ziren Bilbon maiatzaren 4an egin zen manifestaldian. Euskal Herriko hezkuntza alorreko eragile ia guztiek hartu zuten parte: EHIGE, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, Sarean, BIHE, Ikasle Abertzeak, EILAS, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak. PP ez beste gainontzeko alderdi politikoek ere bat egin zuten protestaldiarekin eta jende andarekin batera hainbat politikari bertaratu ziren: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Anjeles Iztueta, EAJko Josune Ariztondo, IU-EBko Osacar Matute, PSE-EEko Isabel Celaa, EAko Gorka Knörr, Batasunako Tasio Erkizia... Beste hainbat gizarte eragiletako kideek, gurasoek, ikasleek eta irakasleek ere Bilboko kaleak bete zituzten.
Hezkuntza, geurea eta solidarioa lelo nagusiarekin batera beste hainbat ere ikusi ahal izan ziren: Guk, geure hezkuntza" Uniformizaziorik ez; eta Euskal hezkuntza nazionala aurrera. Amaieran beste pankarta alternatibo bat zeramaten hainbat pertsona jarri ziren manifestazioaren buruan. Euskal hezkuntza sistema nazionala zeritzon pankartaren atzean zihoazenek "protestaldiaren lelo desnazionalizatuaren aurka benetako hezkuntza sistema euskalduna" aldarrikatu nahi izan zuten.
Manifestaldiaren deialdia egin zuten erakundeek aitortu zuten beraien artean ez dagoela erabateko adostasunik Hezkuntza ministroak aurkeztutako txostenaren edukia aztertzerakoan. Hala eta guztiz ere, guztiak kaltegarritzat jotzen dute PPk ezarri nahi duen lege berria eta inposizioaren, uniformizazioarne eta atzerakuntzaren kontrako adierazpen garbia egin dute. Horren aurrean, defendatu eta aldarrikatzen dutena da "kalitatezko hezkuntza, euskalduna, euskararen erabilpenaren normalkuntzan aurrera egin eta egungo elebitasunetik eleaniztasunera irekiko dena, desberdintasun sozialen gainditzailea, integratzailea eta parte-hartzailea, guri dagokigun gizarte eta kultur eremutik, Euskal Herritik, egituratu eta antolatutako hezkuntza".


Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko sare publikoko ordezko euskaldunak kexu dira datorren urteko Lan Eskaintza Publikoaren inguruan administrazioak hartu duen neurri bat dela eta. Hizkuntz eskakizunik gabeko irakasleentzat Iraleren deialdi berezia eskainiko du 2002-2003 ikasturtean, eta hori ondo ikusi dute. Aldi berean, ordea, baztertuak sentitu dira, beraientzat euskara maila hobetzeko R ikastaroa eskaintzeko neurri bereko esfortzurik ez duelako egin. Ordezkariek adierazi dutenez, "ados gaude erdaldunak Iralen sartu eta euskara ikasteko neurriak hartzearekin, baina HE2 (Bigarren Hizkuntz Eskakizuna) dugunoi ere, R ikastaroa eskaini beharko ligukete hizkuntza hobe dezagun. Euskal Herri honetan, sarritan, euskaldunak gara kaltetuta gertatzen garen bakarrak".
Sindikatuetako informazio iturrien arabera, gutxienez 4,7 milioi euroko gastua izan daiteke batere eskakizunik gabeko ordezkoak euskalduntzeko ekimenaren kostua (urte osoko liberazio bakoitzak 36.000 euro pasatxo balio du).
Bestalde, irakaskuntza pribatuan maiatzaren 17, 28 eta 29rako greba deialdia egin du ELAk. Arrazoia 2002ko hitzarmenaren negoziazio haustura da. Iazko abenduan hasi ziren hitzarmena lantzen patronalarekin, baina otsailaren hautsi ziren negoziazioak.
ELAren helburuak dira langileen lan baldintzen eta soldataren homologazioa lortzea; lanaldia laburtzea; hezkuntza bereziko laguntzaileen egoera hobetzea; eta Haur Hezkuntzako langileak hitzarmenean sartzea.