Antzerkia nerabezaroan

2004-07-01

Ikastaro honetan egingo dugun lan guztia, nire irakasle izandako Jaques Lecoq antzerki gizonak urte askotan garatutako antzerki teknikan oinarrituko da. Teknika hau hainbat arlotako profesionalek erabiltzen dute gaur egun beren lana aurrera eramateko: aktoreek, eszena zuzendariek, antzerki idazleek, eszenografoek, arkitektuek, irakasleek, psikologoek eta abarrek.

 
 

Nik proposatzen dudana bidaia bat egitea da, bakarka hasi eta taldean bukatuko dugun bidaia bat. Bidaia honen abiapuntua, guztiok jolasteko dugun gaitasuna berreskuratzea izango da, adinarekin praktikatzeari utzi ondoren gaitasun hori herdoilduta geratzen baitzaigu askori. Jolasten hasteko, oinarria aurkitu behar dugu. Landuko dugun jolas-tresna gure gorputza bera izango da. Berau aktibatzeko lagun izango ditugun ariketak izango dira jorratuko ditugun lehenak. Maskara neutroa: espresiorik gabeko maskara honen bidez, aurpegiekin ahaztu eta gorputzak ikusten hasiko gara. Bakoitzaren ohiturak, keinuak eta gabeziak analizatuko ditugu. Gero, hainbat mugimendu landuz (gorputzaren posturak…) maskarak bizitza nola hartzen duen jabetuko gara. Gorputza jolasean hasteko puntuan izango da jada.

Bidaiaren hurrengo geldialdia naturaren adierazpide diren elementuak izango dira: argia, elementuak, materiak, koloreak… Horien bidez, jolaserako elementuak beharrezkoak ez direla konturatuko gara. Bi hatzez baliatuz, haurrek bakeroetara jolastu dezaketen bezala, gu basamortuan, itsasoan, oihanean murgilduko gara, lekuz aldatu beharrik gabe.
Inguratzen gaituzten gauzei begiratzeko jakin-mina piztea da nire intentzioa. Horrela, izozkailu edo garbigailu batek nola funtzionatzen duen begiratuta, jolaserako egoera ugari sor ditzakegu.
Egingo dugun lan guztia taldeetan burutuko dugu. Irakasle lanean daramadan denboran, ikusi ahal izan dut, adinean aurrera joan ahala, neskak eta mutilak elkarrekin lan egitea zaila izaten dela. Elkarrekin jolasten baino ohituago gaude elkarren kontra lehiatzen. Antzerkian ez da inoiz aurka jolasten, elkarrekin baizik. Ariketa guztietan behar da laguna zerbait kontatzeko.
Ikastaroari amaiera emateko, istorioak 2x2-ko espazio batean kontatzeko dagoen teknika batekin lan egin nahi nuke. Ekitaldiak egiteko lekuak dauzkaten zentroak badaude, baina beste batzuk ez dituzte. Antzerkia egiteko leku askoren beharrik ez dagoela erakutsi nahi nuke. Lantxo bat aurkeztuz bukatuko dugu ikastaroa.
Programan ikasleak arropa erosoa eraman dezatela jartzen nuen. Nahiago nuke arropa hau beltza izango balitz, lanerako beharrezkoa izango zaigu eta.
Ikastaroa luzea ez izan arren, trinkoa izango dela ziur naiz eta parte hartzaileek, gauza asko deskubritzeko aukera izango dutela. Bidaia ahaztezina eta abentura berriz josia.