Estresa irakaskuntzan

2004-07-01

Gaur egun inor ez da harritzen irakaskuntzan estresaren arazoaz hitz egiten entzuten duenean. Gauza jakina da osasun arazo hori edo parekoak -depresioa adibidez- jasateko arrisku gehien dituen lanbidetako bat irakasleena dela.

 
 

Ez da harritzekoa hala izatea abiadura handiz aldatzen ari den mundu honetan, aurkikuntzak etengabeak diren honetan eta balioen nahasketa handia den honetan; izan ere, ezagutza horien eta, hein batean, balioen igorleak gure gizarteko irakasleak dira.

Lehen, irakaslearen irudia boterearekin lotzen zen, errespetua eta begirunea sortzen zituen. Gaur egun, egoera beste muturrera igaro da; botereduna haurra da orain, zenbait kasutan benetako tirano bihurtu da gurasoen onespenarekin. Egoera horretan, irakaslea defentsarik gabe gelditzen da.
Badira estresa agertzeko giroa sorrarazten duten beste zenbait faktore ere.
- Laneko baldintza fisikoak eta ingurunekoak, batzuetan ez baitira osasungarrienak. Altzari, argi eta soinu desegokiek ere erosotasunik eta sosegurik eza sorrarazten dituzte. Irakasleak gutxitan ohartzen dira horretaz.
- Benetako lankidetzan oinarritutako harremanen gabezia da beste faktore bat. Horrek irakasleek benetako sentimenduak adieraztea oztopatzen du, bai gai pedagogikoen inguruan eta baita ikasleekiko, lankideekiko edota zuzendaritzarekiko harremanen inguruan ere.
- Hezkuntza sistemako etengabeko aldaketek segurtasun eza sortzen dute eta irakasleak galduta sentitzen dira.
- Gaur egungo gain-informazioak (Internet, telebista…) hauxe ekarri du: sarritan ikasleak irakasleak baino lehenago hartzea informazioa. Ondorioz, irakasleak bere rola eta esanahia birplanteatu behar ditu.
Faktore sozial eta profesional horiei pertsonalak ere gehitu behar zaizkie: bizitzako eskakizunei eta frustrazioei aurre egiteko, aldez aurretik nolako oinarrizko jarrera duen norberak. Batzuek besteak baino hobeto egokitzen dira estres egoeretara. Norberaren nortasunak eta balioen eta jarreren sistemak zerikusi handia dute.
Posible al da horri aurre egitea? Nola erantzun aipatu ditugun zailtasun profesionalei eta sozialei? Irakasleen arteko konfiantzak eta elkarlanak lagundu al dezake? Ba al dago estresari aurrea hartzen laguntzen duen metodorik edo ezagutzarik? Ba al dago galdutako ongizatea, oreka eta autoestimua berreskuratzeko metodorik edo ezagutzarik?
Hori landuko dugu ikastaroan. Gaur egun onarpen zabala duten joera psikologietan oinarritutako ezagutza teorikoak ezagutuko ditugu. Edonola ere, ikastaroa praktikoa eta bizipenetan oinarritutakoa izango da. Parte-hartzaileen esperientzien trukaketa bultzatuko da. Talde dinamikek konfiantza giroa sortzen lagunduko digute, eta horrela norberak estresaren aurrean izaten dituen jarrerak landuko ditugu. Eta baita norberak bere buruarekin eta besteekin duen erlazioa ere.
Oreka, erlaxazioa eta barne ongizatea errazten dituzten teknikak ikusiko ditugu, eta baita “bestea”rengana irekitzekoak eta entzutekoak ere. Eskolako gatazkaren kudeaketa positiboa eta kooperatiboa landuko dugu.
Bi egunetako ikastaroan ezin da aldaketa sakonik egin, baina posible da, alde batetik estres sindromearen ondoezaren oinarrian dauden zenbait gakoren kontzientzia hartzea; eta bestetik jarrera positiboagoa, baikorragoa eta atseginagoa hartzea irakaskuntza zereginerako.
Jendeak ondo pasatzen duen eta gozatzen duen ikastaroa da, eta erlaxatu egiten da; baina aldi berean, hausnarketarako eta kontzientzia hartzeko espazioa sortzen da.
Parte-hartzaileek ikasleekin praktikan jarri ahal izango dituzte landuko ditugun bizipenak eta teknikak.