Haurrentzako masajea

2004-07-01

Laztanduak izan, sehaskan kulunkatuak izan, ukituak izan, masajea jaso: horiek guztiak haur txikien elikagai dira.

 
 

Haurra inguratzen duen giroak erabateko eragina izango du bere garunaren garapenean.

Gaur egun badakigu, jakin ere, jaioberria ez dela izaki pasiboa, eta haurraren gaitasunak lo egitearen eta jatearen mugak gainditzen dituela. Jaiotze-unetik beretik, baita lehenagotik ere, susmatu ezin diren gaitasunak erakusten ditu.
Jaioberriaren larruazal-sentimena ez-ohikoa da. Heldu batek jasotzen dituen sentsazioak jaso ditzake, eta hotz-beroak, goxotasuna eta gogortasuna, leuntasuna eta laztasuna, itsaskorra eta irristakorra, denak bereiz ditzake, baita presioaren xamurtasuna ere.
Haur baten ukimen-sentsazioaren suspergarririk hoberena larruazalaz elkar ukitzea da. Amak haurra, bere bularraren kontra jarrita, laztantzen duenean, berehala etorriko zaio haurrari lasaitasuna.
Haur bat laztandu, edo masajea emango badiogu, eskuaren presioan zenbatekoa izan behar duen ikasi behar dugu. Laztan eztiegiek jaioberria asper dezakete. Haurrek laztan leun baina energetikoak nahiago dituzte.
Reich-ek elkarrekiko mendekotasunaz dioenaren arabera, haurrak lehenengo masajeak umetokiaren barnean bertan jasotzen ditu; ukitzailea, aldi berean, ukitua da.
Ukimena da garatzen den lehenengo zentzumena (Ashley Montabu), eta, halaber, komunikazio bitarteko nagusia haurrarentzat. Haur guztiek sumatzen dute ukituak eta mugituak izateko modua. Haurrak sentsazio fisikoa lortzeko beharrezkoa den denbora hartzea gurasoek beren seme-alaba ezagutzeko modurik agerikoena da. Helduekin gertatzen den bezalaxe, pentsatzen eta sentitzen dugunaren zati handi bat gure eskuen bitartez adierazten dugu. Konfiantza eta segurtasuna modu irmo baina lasai batez helduz eta ukituz adierazten ditugu; aitzitik, segurtasunik eza eta antsietatea beso zurrunaz eta gogor helduz. Beren seme-alabekin ukimena garatzen eta kontaktu fisikoa lantzen duten gurasoek elkarrenganako aisetasuna sortzen dute hasieratik beretik, eta askoz ere zailtasun gutxiago dituzte ttipitxoa baretzen. Beti daude haurrarekin ukipenean eta horrek segurtasuna, konfiantza eta mendetasunik eza ematen dizkio haurrari, eta hori bere nortasunean eta besteekiko harremanean islatuko da.
Masajeak zirkulazio eta immunologia sistemak suspertzen ditu, eta, halaber, bihotz taupadei, arnasketari eta digestioari laguntzen die. Haurtxoaren garapena suspertzen du eta, indartzen eta bere koordinazioa hobetzen doan neurrian, oreka ezin hobea ematen dio. Era berean, giharren elastikotasuna eta erresistentzia areagotzen ditu, jardunean dagoenean, nahiz atsedenean dagoenean, erlaxatuta egoteko gaitasuna hobetuz.
Haurtxoari maiztasunez masajea emateak hura hobeto ezagutzeko, nola dagoen jakiteko, eta ezerosotasuna, mina nahiz tentsioa sorrarazi ohi dioten gorputz atalak ezagutzeko aukera emango dizue.
Haurtxoa lau hankatan edo oinez hasten denerako, masajea ematen zertxobait jakitea oso baliagarria izango zaigu haurtxoak hartuko dituen kolpeak eta ikarak modu azkar eta eraginkor batez arintzeko.
Nola egunez, hala gauez, txupeteak, manta bero eta leunek, eta haurrak besarkatzen dituen jostailuek beren balioa dute; baina, egia esan, giza ukipen bero eta xamurraren, eta haurrak beharrezkoa duen konpainiaren ordezko eskasak dira.
Praktikarekin, masajea zuen seme-alabekiko ukipen premiak asetzen lagunduko dizuen eginkizun intuitiboa bihurtuko da. Gainera, haurraren osasunari eta garapen fisiko zein emozionalari onura asko ekarriko dizkie.
Haurrak bere inguruarekiko izango dituen trukatze guztiak harremanen muskulatura ildaskatuan oinarrituko dira, eta horren arabera, gizakiak bere kortikalidadea egituratzen du (Arnold Cessel).
Muskulatura ildaskatu horretan, garapen batekiko bilakaera historiko osoa erakusten duen gihar babesa sortzen da. Wilhem Reich-ek garapen ontogeniko hori kontuan hartu zuen. Guk autoerregulaziorako eman zituen jarraibideak aztertuko ditugu.
Familia-ekosistema, oinarrizko prebentzioa, gorputzaren eskema, eta gorputz-kontrola aztertuko ditugu; hau da, psikomotrizitatearen oinarriak.
Ukitzea, sentitzea eta emaitza kokatzea landuko ditugu.
Ukitu + sentitu = Kokatu