Psikomotrizatatea

2004-07-01

Aucouturier Psikomotrizitate Praktikan guretzat oinarrizkoak diren zenbait ideia edo printzipio errepikatzen ditugu behin eta berriz: “Bizipenetik kontzeptura”, “Egitearen plazeretik pentsatzearen plazerera”.

Oinarritzat hartzen ditugun printzipioak dira, bai haurren hezkuntza prozesurako eta bai psikomotrizisten formazio prozesurako.
Zein da ikastaro honen zutabe diren bi esaldi horien esanahia?

 
 

>“Bizipenetik kontzeptura” hor amaitzen ez den esaldi bat da. Kontzeptu zirkularra da, hau da, etengabeko joan-etorriko prozesu bat adierazten du: bizipenak/emozioak, hausnarketak/sinbolizazioak, hitzak/kontzeptuak eta abar. Etengabeko joan-etorria dago bizipenen eta kontzeptu teorikoen artean, hainbat sinbolizazio mailatatik igaroz: emoziozko mugimendua, afektuen jolasa, bizitakoari hitzak jarri, idatzi, moldatu, marraztu, lagunekin komentatu… azkenean bizipen eta sinbolizazio horiei kontzeptuak eta eraikuntza teorikoak bilatzera iritsi arte.

“Sinbolizazio” hitza aipatu dugu behin eta berriz, eta horixe da ikastaro honen gaia: sinbolizazioak duen garrantzia haurraren hazkunde eta heltze prozesuan eta ikasketa prozesuan, hots, eskolako ingurunean.
Gure iritziz, haur txikiaren hezkuntza prozesuak bere heltze prozesu globala errespetatu behar du. Haurra gizaki osotzat hartu behar da, ez ikasletzat soilik, mugitzen, emozionatzen, erlazionatzen eta jolasten den gizakitzat baizik. Bere pentsamendua ingurunearekin dituen emoziozko ekintzen bitartez eraikitzen duen gizakia da.
Beraz, ez zaigu interesatzen haurrak bere ikaskuntzan proposatzen zaiona ongi egitea soilik (sinbolizatzeko eta adierazteko hainbat modu: marrazkia, musika, jolasak, hitzak, zenbakiak, koloreak, mugimendua eta abar). Badakigu ikasteko hainbat bide daudela, eta horietako batzuk ez zaizkigu egokiak iruditzen haurraren heltze prozesu globaletik begiratuta: hots, gizakia denez, bere garapenean errespetatu nahi baldin badugu, sortzailetzat eta benetako gizakitzat hartuko da (benetako self-aren zentzuan ulertuta, ez D. Winnicott-en self faltsuaren zentzuan1).
Zenbait mekanismoren bitartez haurrak helduak eskatzen diona erreproduzitzen eta imitatzen du, baina haurraren gizatasunean sustraitu gabeko ikasketak dira. Bere sortzeko, komunikatzeko, pentsatzeko eta pentsamendua eraikitzeko gaitasunetan oinarritu gabekoa da. Hori self faltsua da, eta haurraren emozioak estaltzen ditu. Ondorioz, bere benetako izatea inhibitu egiten du “behar dena” eta “zuzena dena” egiteagatik.
Eskolan hobeto onartzen den haurra ere badago, intelektualki ona dena eta beste alderdietako hutsuneak horrekin orekatzen dituena: “Pitagoras txikiak” dira, harremanetarako zailtasunak eta mugimenduetan blokeoak dituztenak: deskonpentsatuta dauden haurrak dira, eta euren blokeo emozionalak eta intelektualak alderdi motorearekin konpentsatzen dituztenak bezain deskonpentsatuta daude.
Haurrak bere bizipenetatik eta ekintzetatik abiatzeko aukera izatea defendatzen dugu, ekiteko aukera izan dezala eta hartua, entzuna eta erantzuna izan dadila. Horrela, sortzeko bidea irekiko zaio, “sakoneko berziurtatzearen” bitartekoak garatuz eta indartuz. “Sakoneko berziurtatzea” oinarrizko kontzeptua da Aucouturier Psikomotrizitate Praktikan, eta gizabanakoak sortzeko eta ekiteko duen gaitasunari egiten dio erreferentzia, bere ekintza sinbolikoetan (ahozkoak eta ahozkoaren aurrekoak) konpentsatuz heltze prozesuan sortzen diren estualdiak (norberaren galtzearen estutasuna, besteak galtzearen larritasuna eta abar); hau da, norbera eta bestea ziurtatzea, autonomoa eta heldua izateko beharrezkoa den banaketa eta indibidualizazio bidean.
Ekiteko aukera/gaitasuna edukitzea, ingurunea aurkitzen joatea (espazioa eta denbora, objektuak, besteak, ezagutzak eta abar), eta bere bizipenak, desioak eta interesak sinbolizatzeko eta adierazteko modu berriak aurkitzea defendatzen dugu. Modu horretan, bere ekintza motriza, emozioak eta pentsamendua barneratzen dituen haur baten aurrean aurkituko gara, eta horrek aukera emango dio harrari ikasketetara barneko eraikuntzaren ikuspegitik hurbiltzeko, eta ez errepikapen-imitazio bezala. Horrela, heziketa ibilbidean aurkitzen duen gauza berri ororen birsorkuntza eta berreraiketa egingo du.
Ikastaro honetan esperientzia txiki bat bizitzeko aukera luzatu nahi dugu, emozioak, mugimendua eta pentsamendua barneratuz. Horrela, azkenean kontzeptualizazioaren eremuan sartu ahal izango gara, baina bizitakoan, sentitutakoan, jolastutakoan, hitz egindakoan… oinarrituz eta sustraituz.

1 Ikus: ABADI, Sonia: Transiciones. El modelo terapéutico de D. W. Winnicortt. Lumen, III. zatia, 2. kapitulua, “El falso self”.