Ezagutu ditugu Reggio Emiliako (Italia) 0-6 udal haur eskolak

2005-04-01
 
 

Ikusmin handia zegoen Reggio Emiliako udal haur eskolen inguruan, eta horren isla da Elkarrekin Hik Hasi jardunaldietan ia 300 lagunek parte hartu izana. EHUko Ibaetako campuseko I. M. Barriolako auditorioa lepo bete zen martxoaren 11 eta 12an.

Lehendabiziko egunean bideo bat ekarri zuten Reggio Emiliakoek eta herria eta haren historia ezagutzera emateko baliatu zuten. Italia iparraldean dagoen hiri horrek 150.000 biztanle ditu. Udal haur eskolen historia orain dela 31 urte abiatu zen, Loris Malaguzzi pedagogoa gidari zela.

Bigarren eguna emankorragoa eta interesgarriagoa izan zen. Sandra Piccinini Reggio Emilia Instituzioko lehendakariak antolaketaren inguruko gora beherak izan zituen aipagai bereziki. Udalaren barnean dago aipatutako instituzioa, baina autonomoa da, aldi berean. Udal haur eskolen inguruko guztiaren antolaketaz arduratzen da. Sandrak udalaren, eskolan eta hiritarren arteko harreman estua azpimarratu zuen. Hori da, bere ustez, ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Hiritarrek eskolak bere egin dituzte, eta halaxe sentitzen dute. Hezkuntza proiektua, herriko proiektua, proiektu politikoa eta proiektu kulturala bat eginda daude.

Maddalena Tedeschi pedagogoa eskola barruko zereginetaz aritu zen. Beraien udal haur eskolak bitan banatuta daude: 0-3koei habiak deitzen diete, eta 3-6koei haur eskolak. Haur talde bakoitzarekin bi hezitzaile egoten dira eta uneoro haurrek egiten dutena behatu eta apuntatzen dute. Garrantzi handia ematen diote dokumentazio lanari, hori baita gero euren prestakuntzaren oinarri. Haurrekiko harremanari eta eurekin lantzen duten pedagogia motari dagokionez, laburbilduz, ezaugarri hauetan oinarritzen dela esan daiteke: haurra subjektu adimentsu eta gaitutzat hartzen dute, eta hitz eginarazi egiten diote. Izugarrizko garrantzia ematen diote eztabaidari, pertsona bezala aberasteko bide baita. Hezitzaileekin batera parte hartzen dute garbitzaileek eta sukaldariek, eta baita taileristak ere. Pertsona horrek beste ikasketa batzuk ditu eta beste ikuspegi bat emateko dago, hezitzaileenarengandik desberdina den ikuspegia. Irakasleen lana "izorratzeko" dago, harridura sortzeko.

Hirugarren hizlaria Alfredo Hoyuelos izan zen, Iruñeko udal haur eskoletako adierazpen tailerretako koordinatzailea. Iruñean Reggio Emiliako eredua jarraitzen dute, nahiz eta udalaren aldetik italiarrek adinako babesik ez izan azken urteotan, esku pribatuetan uzteko ahaleginak gero eta handiagoak baitira. Iruñeko udal haur eskoletako esperientzien berri eman zuen irudiz lagundurik. Reggio Emiliako esperientzia beste lekuetan ere praktikan jar litekeela erakutsi zuen, ez dela utopia, alegia.

Reggio Emiliara bidaia

2006ko udazkenean Hik Hasik bidaia bat antolatuko du Reggio Emiliara, udal haur eskolak bertatik bertara ezagutzeko. Aukera paregabea izango da munduan erreferente den eredua ikusteko.