MONTORRE ikastetxea, Gautegiz-Arteaga: Planoa eskuan eta ibili munduan. Orienteering Arteagan zehar
harri koxkorrak botaz
itzulbidea gogoan
(Juan Kruz Igerabide)
Harri koxkorrak botaz ez, baina datuak bilduz eta begiak ederki zabaldurik ibili ziren Gautegiz-Arteagako haurrak iaz egin zuten ibilbide batean. Orientatzeko sena landu nahian, irakasleek ibilbide bat prestatu zuten Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako gaztetxoentzat. Erne ibiltzen ez ezik, inguruaz gozatzen ere ikasi zuten. Eta aurten ere berriz aterako dira; oraingoan bizikleta hartuta. Iazkoa, orrialde hauetan kontatuko digutena, esperientzia ona izan zen seinale.
Orientazioaren inguruko kirolek Eskandinavian dute jatorria. Hango inguruak elurrez estalita egoten dira urtearen zati handi batean, eta ondorioz, orientazioa zaildu egiten da eta erraza da galtzea. Horregatik, gaztetatik orientazio ezaguerak edukitzea oso baliagarria da eguneroko bizitzarako.
Aukera hori luzatu nahi genien gure ikasleei, eta aldi berean, Ingurumen Heziketa landu. Jakina, Ingurumen Heziketaren barruan arlo ugari landu daitezke, eta guk orienteering-arena aukeratu genuen. Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako ikasleekin esperientzia interesgarria landu dugu.
Gautegiz-Arteagako gure eskola txikia da eta adin ezberdinetako ikasleak daude gela berean. Hori ez da oztopo horrelako esperientziak aurrera eramateko; aitzitik, aberasgarria da.
Orienteering-a gela barruan zein kanpoan landu dugu eta aitzakia polita da diziplinarteko praktika didaktiko bat abian jartzeko. Izan ere, joko edo ekintza honek diziplinarteko lana eskatzen du, hainbat arlo ukitzen baitira: Euskara eta Gaztelania, Matematika, Ingurunearen Ezaguera, Plastika...
Irten aurretik
Hasteko, ikasleei inguruko herrietako planoak erakutsi genizkien. Planoen erabilgarritasunaz eta erabiltzeko moduaz eztabaidatu genuen. Ondoren, orienteering-aren jatorriaz eta ezaugarriez aritu ginen, eta gure herrian ibilbide bat egiteko aukera aztertu genuen.
Gernikatik Lekeitiorako errepideak bitan banatzen du gure herria, eta berau gurutzatzea arazo bihurtzen da. Horregatik, errepidearen alde batean burutu genuen gure ibilbidea, arazoak saihestearren.
Ibilbidearen hasiera eta bukaera eskolan kokatu genituen. Beraz, ibilbidea zirkularra zen. Planoan interes historikoa, monumentala, naturala eta afektiboa duten guneak seinalatu genituen.
Ibilbidea egiten hasi aurretik, hainbat kontzeptu landu genituen gelan:
1- Eskala
1- Hainbat eskala eredu ezagutu genituen, 1/1 eskalarekin hasiz. Ariketa bat honako hau izan zen: lehendabizi margo kaxa bat orri batean marraztu neurri errealetan, eta gero, orri txikiago batera pasa proportzioak mantenduz. Eskalaz aldatzeko beharra ikusi zuten.
2- Gelako objektuak hainbat eskalatan marraztu zituzten taldeka.
3- Taldeen artean trukatu zituzten egindako eskalak eta, eskala ikusirik, objektuen neurri errealak kalkulatu zituzten eta benetakoekin konparatu.
2- Planoa
4- Inguruko eraikinei begiratu genien goiko pisuko leihotik, eta hegazti batek goitik nola ikusiko lituzkeen irudikatu zuten.
5- Gelaren planoa egin zuten.
6- Talde txikitan banatuta, gelan zehar ibilbide batzuk prestatu zituzten. Lanak trukatu eta ibilbide horiek egin zituzten.
7- Aurrekoaren kontrako ariketa bat egin genuen: batek ibilbide bat egiten zuen, eta besteek plano batean markatu behar zuten hark egindako ibilbidea.
8- Arteagako planoan ikasleentzat erreferentzia diren puntuak markatu genituen: norberaren etxea, plaza, eskola...
9- Distantziak kalkulatu genituen Arteagako planoan eskala kontuan harturik. Planoan kalkulatutako distantzia eta errealitatekoa bat ote zetozen egiaztatu genuen.
3- Mapa
10- Interneten sartu ginen, www.bizkaia.net helbidean, eta ondoren: kartografia eta estatistika, Bizkaiko kartografia, 038, 03861/03862. Azken bi zenbaki horiek Arteagari dagozkionak dira eta gure herria bi modutara ikusteko aukera ematen digute: mapa batean eta ortofoto batean (airetik egindako argazkia). Bata zein bestea 1/5.000 eskalan daude. Mapa topografikoa landu nahi bada, saguarekin landu nahi den zatiaren gainean klikatzen da.
11- Euskal Autonomia Erkidegoko kartografiari buruzko CD-ROMa erabili genuen.
12- Mapa tematiko bat (geologikoa, klimatikoa, landaretzakoa...) komentatu genuen gainetik.
13- Busturialdeko eta Bizkaiko mapak landu genituen teledetekzioa lantzeko, hau da, istripu geografikoak urrutitik behatzeko.
14- Herriko mugak markatu genituen Gautegiz-Arteagako mapan.
4- Iparrorratza
15- Iparrorratza puntu kardinalak seinalatzeko erabili genuen.
16- Honako orientazio joko hauek egin genituen:
1. Jokoaren gidariak lau puntu kardinalak seinalatzen ditu, eta gainerakoak gelan zirkuluan mugitzen dira. Gidariak "geldi" esaten duenean, bakoitzak zein aldetara begira dagoen esan behar du.
2. Jokoaren gidariak puntu kardinalak seinalatzen ditu eta parte-hartzaileek seinalatutako puntuari begiratzen diote. Asmatzen ez dutenak kanporatu egiten dira. Jolasak aurrera egin ahala, abiadura handitu egiten da.
3. Objektu bat jartzen da taldearen erdian. Kartulina batean puntu kardinalak marrazten dira. Parte-hartzaileek zirkuluan mugituz jarraitzen dute, eta erdiko objektua erreferentziatzat harturik, zein egoeratan dauden esan behar dute.
17- Azkenik, interpretazioa landu genuen, hau da, paisaia bat zergatik den modu batekoa eta ez bestekoa. Horrela fenosistema eta kriptosistema kontzeptuak ezagutu zituzten. Fenosistema hautematen dena da, hots, biotopoak (bizitzarik gabeko euskarriak) eta biozenosiak (paisaian dagoen landaretza eta animaliak). Eta kriptosistema azpian dauden arrazoiak eta prozesuak dira, batez ere fisikoak, kimikoak, biologikoak, geologikoak eta abar. Ez dira ikusten, baina ikusten den paisaiari azalpena eta koherentzia ematen diote.
Gure behaketa beti ez da berdina, hainbat faktorek aldatu egiten baitute. Adibidez:
- Behatzailearen kokalekua: ez da gauza bera bailara baten barruan egotea eta 500, 1.000, 2.000, 3.000 m-ko mendi baten gailurrean egotea, hegazkin batean, lautada baten erdian, itsasertzean, itsaslabar baten gainean...
- Uneko baldintza metereologikoek ere eragina dute: euria, lainoa, hodeiak...
- Urte garaiaren arabera, eguzkia gorago edo beherago egongo da.
- Ordua: egunsentia, eguerdia edo ilunabarra izan, desberdina da.
Edozein modutan, beti egin liteke halako sailkapen orokor bat hautemandako paisaia sailkatzeko. Hiru maila bereiz daitezke:
1- Makroa: alderdi orokorrak eta urrunekoak. Paisaia eta geoforma handien interpretazioa. Teledetekzioarekin (prismatikoak, teleskopioak...) xehetasunak ikus litezke. Esate baterako, Gorbeiako gailurretik leku zabalak ikus daitezke.
2- Mesoa: lautadak.
3- Mikroa: gertukoa, paisaiaren xehetasun asko ikusten direnean: arroka baten kolorea eta ehundura, faunaren eta landaretzaren xehetasunak, itsaslabar baten oinarria...
18- Maketa: bisitatu behar genuen lekuaren maketa egin genuen.
Irteera prestatzen
Ikasleekin ibilbidea egitera atera aurretik, irakasleak egitea komeni da, interesgarriak diren lekuak atzemateko eta denbora kalkulatzeko.
Irakasleak ibilbideko seinaleak eta pistak jartzeko xaflak prestatu behar ditu. Guk 21x14 cm-ko eta 4 mm-ko lodierako xaflak egin genituen. Atzeko aldean honako hau idatzi genuen: "Kartel hau eskolakoa da. Geuk kenduko dugu. Eskerrik asko". Aurreko aldean ikasleek kopiatu beharreko esaldia edo esaera zaharra idazten genuen.
Ibilbidean zehar aukeratu genituen tokietan pistak jarri genituen. Ikasleek pista horiek bilatu behar zituzten planoaren laguntzaz, eta pista horietako bakoitzean zegoen esaldia edo esaera zaharra idatzi behar zuten.
Irteera
Ikasleak bi taldetan banatu genituen eta talde bakoitzean adin desberdinetako haurrak zeuden. Talde bakoitzarekin irakasle bat joan zen. Irteera ordua desberdina izan zen. Pista batetik bestera pasatzen zuten denbora apuntatu egin genuen, eta puntu bakoitzean bi taldeak bilduta, denok elkarrekin ekintza batzuk egiten genituen.
Puntu batean pultsazioak neurtu genituen; hasieran atsedenaldian zeudenean eta gero korrika saiotxo bat egin ostean. Ateratako datuekin grafiko bat egin zuten gelan hainbat gauza interpretatzeko: pultsazio maximoak, errekuperazio denbora eta abar.
Eguraldiaren iragarpena ere egin zuten, ibilbidean zehar fitxa batean tenperatura, hezetasuna, hodeiak, sentsazio termikoa eta antzeko datuak bilduz.
Materialari dagokionez, ikasle bakoitzak honako tresna hauek eraman zituen: karpeta (barruan planoa, pisten azalpena, Busturialdeko eta Bizkaiko mapa bana eta pistetako mezuak idazteko orri bat), iparrorratza, prismatikoak, metroa, arkatza eta ezabagoma. Irakasleok kamera digitala, termometroa, altimetroa eta naturako gida bat eraman genituen.
Ibilbidea
Ibilbidean zehar bederatzi pista zeuden. Artikulu honetan lau baino ez ditugu jarriko, zer motatako lana burutu genuen jakiteko nahikoak direlakoan.
Ikastetxetik irten eta hegoalderantz 150 m ibili ondoren elizaraino iritsi ginen. Han, hegoaldeko atearen aurrean, lehenengo pista aurkitu zuten.
1. pista:
- Elizaren zenbait ezaugarri aipatu ziren.
- Elizaren mendebaldean dagoen eraikinaren historia ezagutu genuen.
- Elizako atetik gertu, hegoaldera dauden zuhaitzei behatu genien: zer zuhaitz mota ziren, ezaugarriak, adina, sinbologia...
- Zin egiteko mahaiaren inguruan jarri eta haren funtzioaz hitz egin genuen.
- Argazkiak atera genituen.
- Teledetekzioa egin genuen: Busturialdeko eta Bizkaiko mapak erabiliz, zenbait leku ezagutu behar zituzten: Ereñozar, Oiz, Gorbeia eta Sollube. Mendi bakoitzaren norabide zuzena (I/H/E/M) kalkulatu zuten gradutan.
Elizaren iparraldeko aurpegira itzuli eta ekialderantz abiatzen zen bidea hartu genuen. Ipar-ekialdera maldan behera jaitsi eta Oleta baserrira iritsi ginen. Zubitxo baten gainean zegoen bigarren pista.
2. pista:
- Errotaren argazkiak atera genituen.
- Ba al dakigu nola funtzionatzen duen errota batek? Beheko errotarria ikustera hurbildu ginen, urak mugitzen duena.
- Energia hidraulikoari buruzko azaleko azalpen bat eman zitzaien ikasleei, urak bitarteko hidrauliko gisara duen funtzioaz jabetzeko.
Gero, hegoalderantz jo genuen. Oleta ibaiaren ezkerraldeko bidezidor batetik jarraitu genuen asfaltatutako bide batera iritsi arte. Zutoin elektriko batean zegoen hirugarren pista.
3. pista:
- Energia elektrikoaz mintzatu ginen.
- Paisaiaren kalitatea aztertu genuen. Ikusmen eta entzumen pertzepzioak landu genituen, eta baita ekosistema motak, eragin ekologikoak eta elementu artifizialak ere.
Hirugarren leku horretatik ekialdera jarraitu genuen Jaunsolo baserrira iritsi arte. Haren ezkerraldetik metro batzuk ibili ostean, pago baten ondoan gelditu ginen, laugarren pista zegoen lekuan.
4. pista:
- Pagoaren azterketa txiki bat egin genuen: enborra, hostoak, fruituak, forma orokorra...
- Ur andela bat dago handik gertu, eta ikerketa txiki bat egin genuen: lehen iturririk ba al zegoen leku horretan? Nondik dator ur hori? Zein altueratan dago? Norentzat da ura?
Ekintza batzuk ibilbidean bertan burutu genituen, baina beste batzuk gelara itzulitakoan. Horrez gain, beste batzuk ibilbidean bertan sortzen dira, eta hortik abiatuta, beste ekintza batzuk egiten genituen ondoren.
Irteeraren ondoren
Hasteko, ibilbidean zehar atera genituen argazkiak ikusi genituen. Horrek, ibilbidea eta egindako orienteering-a gogoratzeko balio digu. Memento hori oso egokia da ibilbidean zehar sortutako ekintzak gelan aurrera eramateko.
Ibilbidean zehar taldeek hitz berriak edo ezezagunak apuntatu zituzten: zundaketa lekua, marmola, fosila... Interesatzen zitzaizkigun hitzen esanahia bilatu genuen taldeka jarrita.
Aldi berean, ibilbidean zehar egindako ahaleginari buruzko grafikoak egin genituen, bihotzaren pultsazio aldaketak ikusteko.
Egindako ibilbidearen luzera ere neurtu genuen.
Ikasle bakoitzak egindako aktibitatearen laburpen txiki bat egin zuen irudi batekin eta norberaren bizipenen ebaluazio txiki batekin.
Azkenik, bi edo hiru kideko talde txikitan banatuta, ibilbide osoa pistaz pista laburtu genuen Power Point programarekin.
Ebaluazioa
Aktibitate hau progresiboa da, hau da, aurreratu ahal izateko aurreko edukiak barneratuta eduki behar dira. Bateratze lanean egindako ibilbidea errepasatzen dugu eta horrek ebaluazioa egiteko eta aurrera begirakoa birbideratzeko balio du.
Bukaeran eskolako beste ikasleei aurkezten zaie Power Point-en bitartez; pista bakoitza irudi batekin eta azalpen txiki batekin. Modu horretara, prozesu osoa errepasatzen da.
Esperientzia honetan parte hartu genuen guztiok positiboki baloratu genuen. Bukaeran askoz ere gehiago genekien: bai tresnei buruz eta bai ikuspegi kulturalari buruz, eta sentsibilizatuago geunden. Gainera, ibilbideaz gozatuz lortu genuen hori guztia.
Aurten Urdaibairen eskuinaldean egingo dugu ibilbide bat bizikletaz.
Helburuak
Proiektu honekin lortu ditugun hainbat helburu eta eduki irakasleok eta ikasleek elkarrekin definitu ditugu, ekintza garatu ahala. Hasteko, kartografiaren munduan murgildurik, eskalak, magnitudeen aldaketak, orientatzeko moduak, orientatzeko tresnak eta abar erabiltzen ikasi dute. Zenbait unetan egoerei edo arazoei aurre egin behar izan diete, eta modu naturalean hurbildu gara Lurraren Zientziara, Matematikara, Historiara, Geografiara eta abar.
Irakasleok beste zenbait helburu ere lortu nahi izan ditugu: mapa motak eta sestra kurbak ezagutzea, herri ondasuna baloratzea...
Esperientzia hau Ingurumen Heziketari lotuta dagoenez, beste zenbait helburu ere ukitu ditugu:
- Ikasleak beraiek izan dira protagonista beren ikasketa, globalizazio eta diziplinarteko prozesuan.
- Ingurunera hurbildu gara, gertutasun afektiboa eta konpromiso etikoa garatuz.
- Ingurunean dauden arazoez jabetu dira haurrak, eta garapen jasangarria lortzeko erantzun parte-hartzailea, arduratsua eta solidarioa eman litekeela ikusi dute.
-
Ingurumen Heziketa
Gizakia betidanik egon da ingurunearekin harremanetan, eta gutxiago edo gehiago, aldatu egin du. Ingurumen arazoak ez dira berriak, lehen ere egon izan dira, baina orain askoz ere azkarrago gertatzen dira aldaketak, modu masiboan, eta eraginak mundu osoan jasaten dira.
Horri lorturik, eskolan garrantzia hartu du ingurumen heziketak. Hezkuntzako berrikuntzetako bat dela esan liteke. Ingurumen Heziketaren abiapuntua ingurune batean murgilduta dagoen haurra da. Haurra ingurunearekin elkarreraginean dago, bai alderdi kognitibotik begiratuta, bai prozedurazkotik eta bai afektibotik begiratuta.
Edonola ere, ingurumen heziketa ez da gauza berria, lehendik ere bazeuden horrelako planteamenduak, nahiz eta beste modu batera deitu. Esate baterako, inguruneari irekitako mugimendu pedagogikoetan betidanik eman zaio garrantzia arlo horri: Irakaskuntza Libreko Instituzioan, Eskola Berriaren mugimenduetan, Freineten eskola modernoan eta haren mugimendu kooperatiboetan, Paulo Freireren pedagogian...
1960ko hamarkadatik aurrera humanitatearen garapen ereduak noiz arte iraungo ote duen galdetzen hasi ziren gizarteko hainbat sektore. Pentsamendu berri horretatik jaio zen Ingurumen Heziketa deituriko mugimendua. Hala ere, hasieran ez zitzaion garrantzi handirik eman, harik eta Unescok Ingurumen Heziketaren oinarrizko printzipioak bere egin zituen arte eta berau sartzeko plan bat egin zuen arte. Geroztik hainbat mugarri izan dira Ingurumen Heziketaren garapenean: Giza Ingurumenari buruzko Nazio Batuen Biltzarra (Stocholm, 1972), Ingurumen Heziketaren Nazioarteko Mintegia (Belgrad, 1975) eta Tbilisiko Konferentzia (1977). Azken honetan Ingurumen Heziketa ezartzen jarraitzeko jarraibideak eta estrategiak ezarri ziren. Konferentzia honetan zera azpimarratu zen: Ingurumen Heziketa gizarte osoari zuzendu behar zaiola, eta zentzu horretan, eskola funtsezko gunea dela.