Ahozko hizkuntza

2005-07-01

Jolas-tailer praktiko honetan sartu bezain laster ziur gauza batek harrituko zaituela: irakasleak ez duela hitz egiten. Ikastaroz nahastu zarela irudituko bazaizu ere, murgilduta aurkituko zaren komunikazio giro dinamiko eta erakargarriak geratzera bultzatuko zaitu eta zergatik ere argituko dizu: ahozko hizkuntzaren % 93 ez-ahozkoa delako.

 
 

"Mutu" fama irabazteaz gain, zer ondorio dakar estrategia didaktiko honek eskolan? Batetik haiek ere isiltzen direla. Beno, aldi bereko itzultzaileren bat salbu: "Altxatzeko esan du...". Bestetik, gorputz semiotika -ahozkotasunaren % 55, alegia- areagotzen dela: begiradaz, jarreraz, mugimenduz, mimikaz... elkar komunikatuz. Hau lasaitasuna haur isilena, eta berdin gero eta gehiago datozkigun atzerritarrena! Den-dena ulertzen dute. Ulermena ari gara lantzen. Ikastaldearen gidatze analogiko hau, gainera, oso eraginkorra da: keinuz, piktogramen bidez, gitarraz edo bloke logikoz praxia bukofonatorioak kodifikatuz batetik, eta taldegramez baliaturik bestetik, berehalaxe geratzen da muntaturik sozioegitura interaktiboa, hizkuntza hazteko laborategia, beraiek ere txandaz gida dezaketena.

Alabaina, trebeki mintzatzeko, sabeletik ahora hitzak dagien neurobidea ondu beharrean gaude, hots, neuroegitura logopediko prebentiboa gelarik gela, 3 urtetik 7 urtetara egunero eta sistematikoki jorratu behar dugu. Lau geltoki ditu ahozkotasunaren % 38 hartzen duen neurobidaia honek.
1. Arnas mekanismoa eta aireztatze neuroegitura . Jaio eta lehendabizi pizten zaigun mekanismoa da, harrezkero automatikoan jarri eta gutxi zaintzen duguna. Badugu, halere, alor honetan premiazko zereginik. Lehena higienea: zenbait jolas egingo ditugu sudurra maitatzeko eta garbi mantentzeko. Bigarrena sudur-arnasa eta sabeleko arnasa menderatzea. Horretarako, erlaxazioa kontaktuan landuko dugu batik bat, oso jolas bitxiak gozatuz. Hirugarrena putz egiten trebatzea da fonemak ongi aireztatzeko. Benetako zirkoa muntatzen da horrekin, materialek (turutak, burbuilak, txilibituak, haizagailuak...) hartara eramaten gaituztelarik.
2. Ahots mekanismoa eta neuroegitura fonikoa . Mundu zirraragarria da ahotsena. Aho itxiz (MMMM) eta aho irekiz (AAAA) fonobibrazioa orekatuko dugu burezurrak bat eginda, edo talde baten erdian kulunka edota dutxa foniko bat jasoz. Era berean, eta beti jolas interaktiboen bidez, ahotsaren kokapena arakatuko dugu. Kokapen propiozeptiboa gorputzean (inpostazioa) eta kokapen esterozeptiboa espazioan (proiekzioa). Horren ondorioz, ahots modulatua eta erakargarria izango dute gure haurrek eta, bide batez, guk geuk, irakasleok, ere bai.
3. Ahoskatze mekanismoa eta neuroegitura artikulatoria . Hauxe dugu, beharbada, gehien kostatzen zaigun trebezia. Funtsean hitzak ebakitzea ahoari mugak jartzea baino ez da, eta egungo familiok ez ditugu egiturazko mugak erabiltzen, ez omen dakigu EZETZ esaten. Testuinguru permisibo honetan, aerobic bizkorra eskaintzen diogu guk mihiari, ezpainei, masailezurrari eta masailei. Tonizitate ona (eutonia) hartzeko aurpegi masajea landuko dugu, binaka, hainbat materialekin (hatzekin, kremarekin, lastotxoekin, puxikekin, ping-pong pilotekin...). Oroitzeko eta gurasoak ere inplikatzeko, praxia-ipuinak eta praxia-irudiak eskainiko dira.
4. Entzute mekanismoa eta neuroegitura akustikoa . Haurrak bizi duen asetze akustikoa -normalean zazpigarrenean egiten digu kasu- deskolokatu egingo dugu feltrozko mozorroak jantzita soinu-iturriak kokatuz, bereiztuz eta sekuentziatuz. Radar bilakatuko gara, isiltasunaren jabe izaki. Ondorioz, belarri fina izango du haurrak hizki-kateekiko; ezinbesteko trebezia, ongi dakigunez, dislaliak disortografiak ez akabatzeko.
Arraioa! Hainbeste txorakeria analogikoren ondoren propio hitz egiten hasiko ote gara, bada? Hitz digitala nahi dut nik, %7. Lasai, ikastaro honetan hitzontzi ere bilakatuko gara, ahozko talde dinamikak barra-barra praktikatuz.
Lehenik, elkar ezagutzeko jolasak egingo ditugu, hizkuntz afektibo-emozionalaren poderioz elkarren arteko harremanak uztartuz. Mintzaera mota berezi hori mintzaira hunkiorra deitzen da.
Bigarrenik, elkarrekin jarduteko jolasak egingo ditugu, hizkuntz operatiboa dela medio auzolaneko ekintzak antolatuz. Mintzaira eraginkorraren aurrean gaude, eguneroko eskuzko betebehar kooperatiboak erregulatzen dituena.
Eta hirugarrenik, elkarrekin eztabaidatzeko jolasak, hizkuntz formala edo kontzeptuala (horren esperoan nengoen ni, alafede) bermatzen dutenak, argudioak kontrajartzen arituko garelarik. Mintzaira arrazoikorra dugu hori, gure barne lanabes mentala. Askok mentalés deitzen dutena.
Eta irakurri ez ezik, hori dena bizi nahi bazenu, ongi etorria. Ea denon artean frogatzen dugun ahozko hizkuntza, giza-hizkuntza naturala, eskolako arlo guztien euskarri eta lanabes dugula; harremana, jarduera eta pentsaera egituratzen duena, lehen garrasitik hitzaldira, eguneroko bizitzan bezalaxe.