Heriotza heziketan

2005-07-01

Gizarte hedonista eta nahigabea

 
 

Gizakiaren adimen emozionala, bizitza eta heriotza kontzientzia modura ulertzen ditut; hau da, gure bizitzan atseginean eta atsekabean gertatzen zaigunaren kontzientzia modura. Dena den, atseginaren aurrean gure hormonek irri egiten duten bezala, atsekabean beldurrak jota egon ohi gara.

Adimena esnatzeko akuilurik garrantzitsuenetakoa atsegina gerorako uzten jakitea da. Hobeto adierazten saiatuko naiz: txiklea ahoratzeko ogitartekoa jan arte itxaroten dakien neskatxak, badaki geroak ekarriko dion sarian konfiantza izaten eta itxaropena ere garatzen. Ahalegina baloratzen ikasten du eta lortu beharreko helburu batek ilusioa egiten dio. Hala, kasu batzuetan haurrek ulertzen dute igandea dela dendara joan eta litxarkeriak erosteko eguna. Jabetu gaitezen astegunetan litxarkeriak ez jatearen behin behineko frustrazioaren onarpenak suposatzen duen eragiketa mentalaz, ezetza barneratu duelako "tratuaren" parte bezala (beti bete behar den tratua da hori, itxaropena konfiantza izatean datzalako).
Esperantza itxaroteko gaitasun bezala ikusten badugu, ulertuko dugu gure gizartean bizi dugun ezinegona, atsegina berehala ez betetzeak sortua. Ezinegona nahia eta beldurra talka egitean sortzen den txinparta da. Beraz, bizi garen gizarte neurrigabeko hedonista eta kontsumitzailean, zer arraio egin nahigabearekin?
Zorionez, gizakiak mina gainditzeko sendagaiak garatu ditu, gure bizi kalitatea hobetu eta heriotza duina izan dezagun lagunduz. Saihestu dezakegun minak gure bidea arinduko du, kontua ez baita martiri bihurtzea jainkozko garbikuntza lortzearren. Dena den, nire ustez nahigabe emozionala ere gogoan hartu behar da, erradiografia batean ikusten ez bada ere; nahigabe hori izango da ondorengo azalpenen ardatza.
Adierazgarria da, nahiz eta ehunetik ehuneko fidagarritasunaz jakin hil egingo garela, nola ukatzen dugun heriotza, hilezkorrak bagina bezala. Trafiko istripuetako estatistikak, tabakoaren eraginaz gertatzen diren heriotzak... begiratu besterik ez dugu. Halakoak urrutian edota bizilagunari gertatzen zaizkiola pentsatzen dugu, baina inoiz ez guri. Garbi dago mingarria den zerbait saihestetik, haren izatea ukatzera pasa garela, eta horra hor non eraikitzen dugun tabua. Ez dirudi, bada, gure aldetik oso jokabide argia denik hilezkortasun aurreikuspenak sortzea, egokitzeko baliabideak gutxitzen baitizkigute (pertsonen garapenari lotuta datozen galerak eta hoztasunak barneratzeko beharrezkoak ditugunak). Nahigabea gure itzala da, jaiotzatik bultzatzen gaituena eta azken bidaian hartzen gaituena. Batzuen aburuz: "hondartzan hiltzean, itsasoan biltzen diren olatuak gara".
Dolu elaborazioetan izan dudan esperientzia profesionalean oinarrituta, ulertzen dut semea galdu duen guraso askoren helburua dela nahigabearekin bizitzen ikastea eta bizitzari zentzu berria aurkitzea. Gizarteak, ordea, ez du hain mingarria den nahigabea ulertzen, negar etengabea deserosoa egiten baitzaio, eta nahigabetua ondo ikusteko presa handia du. Zalantzarik gabe, norbere nahigabearen beldurra da sufritzen ari diren pertsonetatik urrunarazten gaituena.
Galera baten zentzuzko elaborazioak gaixoari krisiak gainditzeko gaitasuna eman diezaioke, pertsona hori desberdina eta indarberrituta ateraz. Dolu prozesuan zeharkatzen diren aldiak eta arimaren egoerak konplexuak dira lerro gutxi batzuetan jasotzeko, baina ausartuko nintzateke "koloreak argiaren sufrimenduak direla" esatera.
Gure nahigabearen kontzientzia hartzeak gure mugak onartzen erakusten digu, perfekzionismotik alde egiten, nork bere hutsunea onartzen... hilkorrak garela jakiteak gizatiarragoak egiten gaitu. Kontua ez da nahi dugun guztia edukitzea, daukagun guztia nahi izatea da gakoa. Beharbada, era horretan ulertuko dugu ez garela gure ametsetako erraldoia, baina ezta gure konplexuetako ipotxa ere.
Osasun psikologikoa barneko askatasun prozesutzat jo dezakegu; bere bidez egiten diegu aurre irudimenezko mamuen esklabo bihurtzen gaituzten haur beldurrei. Maitasuna ez da tolerantzia pasiboa, maitasunezko alderaketa behar dugu. Besteek guri buruz duten aurreikuspenen arabera hazi eta hezten gara. Gure bizitzak zentzua du ikuspegi horiekin bat badator, eta hala ez bada, krisi existentziala ematen da. Orain da garaia lotsatzen gintuen hura barneratu eta berreskuratzeko. Horrela soilik gaindituko dugu bide-zulo hau, jada gure maskarek ez dute balio. Gure benetakotasuna jokoan dago. Izan zaitez "gehiago bat" eta ez bat gehiago! Ez dago gure eskuetan atzera itzultzea eta ezbeharra aldatzea, baina eskura dugu nahigabeari aurre egiteko modua. Gure jarreraren arabera, lorez betetako zelai batean kaka piloa aurkitzeko gai den euliaren modura jokatuko dugu edota, bestela, simaur soro baten erdian lorea aurkitzen dakien tximeletaren moduan jokatuko dugu.
Gaur gure seme-alaben hezkuntzan huts egin dugu "dena libre" delako lege hondagarriarekin, eta horrek ziurtasun eza ikaragarria sortzen die, zeren... non daude mugak? Nola irten egozentrismo nartzisistatik? Zapuzketa edo frustrazioa jasateko gaitasunak etorkizuna ilusioarekin eraikitzeko aukera ematen du. Argi dago gure gizartean gehiegi banatu ditugula atsegina-nahigabea bikotea. Nire ikuspegitik, bi aldeak elkartzeko behar dugun hari eroalea itxaropena da; hasieran nioen bezala, "itxaroteko gaitasuna". Konfiantzak gure autoestimua handitzen du, gure pazientzia mantsotzen du eta, batez ere, benetan nahi dugunaz (merkantilismotik at) kontziente izaten laguntzen digu. Uneko frustrazioa gainditzen duen etorkizuna ikusten ikasten dugu eta, horrela, objektua lortzean intentsitatez eta sari kutsuaz gozatzen dakigu.
Gogoan dut Anthony Hopkinsen esaldi bat; "Tierras de penumbra" filmean agertzen zen (maitasunaren eta nahigabearen inguruan egina), eta horrela dio: "bizitzan bi aldiz suertatu zait erabakitzea: lehenengoa umetan, ama hil zenean, eta ziurtasuna aukeratu nuen. Orain gizona naiz eta nire kidearen heriotzaren aurrean nahigabea aukeratzen dut, orain bai baitakit gaurko maitasuna biharko nahigabearen zatia dela, hauxe baita bizitzarekin egiten dugun tratua".
Egin dezagun bizitzearen alde, eta ez bizirautearen alde!