Ikas-estiloak eta estrategiak

2005-07-01

Zein da metodorik onena ezer ikasteko (hizkuntza bat, matematikak...)? Ala irakasteko?

 
 

Metodoaren kontzeptua izan da nagusi eduki ororen didaktikaren historian. Irakasleok, gaur egun, jakin badakigu arrakasta edo porrota ez dela bereziki metodo arazoa, pertsona arazoa baizik. Eta pertsona esaten dugunean, bere osotasunean ari gara: gaitasun, motibazio, nortasun, jarrera, ezaugarri kognitibo, estrategia... Azken batean, metodoa urrutiko lagungarri bat besterik ez da-eta. Hortik sortu dira ikerketa-bide berri batzuk, besteak beste, ikaslearengan ardaztutako irakaskuntza (Rubin eta Thompson, 1988; Oller eta Richards, 1973). Horrelako planteamenduek hainbat fenomeno hartu dituzte kontuan: adina, jarrerak, motibazioa, nortasuna, ikas-estiloa, ikas-estrategiak eta abar.

Candlin-ek (1991) azpimarratzen zuen garrantzi handiko honako galdera hau: nola eta zergatik lortzen dute ikasle batzuek ikastea, beste batzuek oso gutxi ikasten dutenean? Esan liteke, galdera honek kezkak aldatu egin dituela: edukien transmisio egokia bilatzetik, ikasleak ezer bereganatzeko behar dituen trebetasun eta estrategia egokiak bilatzera. Beraz, metodologiaren nagusitasunetik psikologia kognitiboaren nagusitasunera pasa gara. Eta ezer aztertzeko garaian, ikuspegi integrala izatea ezinbestekoa dela. Gure kasuan, ikuspegi orokor honetan bereziki arreta ipini diogu ondoko kontzeptuei: ikas-estiloei eta ikas-estrategiei.
Ikuspegi integralean kokaturik, ikerketa bat gauzatu nuen, bereziki bi erronka izan zituena: ikaslearengan ardaztutako irakaskuntza abiapuntutzat harturik, euskara-ikasle helduen artean H2 ikastean, ikas-estiloak eta ikas-estrategiak esplizituki aintzat hartzen zituen metodologiak zer-nolako eragina izan zezakeen ikaslearen motibazioan, autoestimuan eta euskararen erabileran aztertzea eta, bide batez, esku-hartze programa pedagogiko bat eraikitzea ikerketa honetako emaitzak kontuan harturik. Ikerketa honetako emaitzak aintzat hartuta, egoki ikusi dut bertako zenbait atal beste hainbat esparrutara ere zabaltzea, aplikagarri izan daitezkeelakoan, ez soilik hizkuntza-ikaskuntzaren esparruan.
Ikastaro honetan ez gara ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan aditu bihurtuko, ez baitago horretarako behar adinako tarterik. Hala ere, badugu asmoa bi esparru horien garrantzia ikusaraztekoa eta ikuspegi zabal samarra eskaintzekoa. Irakasle aditu askoren kasuan, aurrez ezagun zituen ideia eta susmoak berraztertuko dira, edota esperientziatik jasotako jakinduriari azalpen teorikoak erantsiko zaizkio. Bide batez, hainbat ariketa-eredu ere eskainiko dira, etorkizunean nork bere lanean egokitu eta burutu ahal izatekoak.