Ikusi eta ikasi

2006-04-01
 
 

- Baina... zu Andoni, ez zara metereologoa, ezta?

- Ez, ez. Ez metereologoa, ez eta meteOrologoa ere; alegia, ez naizela meteoroak aztertzeko unibertsitatera joan, 5 urte sartu eta lizentziatu moduan kalera atera diren horietakoa. Eta?
- Eta, zer...?
- Zer esan nahi duzu zehazki aipatu didazun horrekin?
- Ba..., ba... telebistan eguraldia emateko metere..., meteorologoa izatea derrigorrezkoa izan beharko lukeela uste dudala...
- Derrigorrezkoa hemen, mundu honetan, gauza bakarra omen, beste guztia... Ba al dakizu ni benetan ikasketaz zer naizen? Maisua. Gauzak irakastea, neuk ikasi eta gero erakustea gustatzen zait, izugarri gainera, eta telebistan horixe egiten saiatzen naiz egunero; nik dakidan apurra, besteei azaltzen ahalegindu.”
Hasierako erretolika horretan bildu dudana behin baino gehiagotan aipatu didate niri eta ez dut ukatuko zati batean arrazoi dutela, baina beste batean, agian, ez hainbeste. Has nadin, beraz, gauzak zehazten. Ikasi, ikasi, modu askotan ikas litezke edukiak bizitza honetan. Eskola, ikastola, unibertsitatea dira horietako batzuk, garrantzitsuak dudarik gabe. Baina gero, horiez gain, badira hainbat eta hainbat “jakin beharreko” inon irakasten ez dituztenak, norberak, sena edo jakin-mina erabiliz bereganatu beharrekoak.
Eta nik gaur dudan lanbidean, beste askotan bezalaxe, bigarren osagai horrek berebiziko garrantzia duela uste dut. Izan ere, garai batean “dena zegoen liburuetan” eta gaur egun “dena dago Interneten” . Informazioa erruz dago, meteorologo ahalguztidunek osatutako modela, mapa, datu bilduma, iragarpen eta txostenez josita dugu sarea; horiek guztiak interpretatzen eta gure Herri honi gehien egokitzen zaiona aukeratzen dago gakoa gehienetan. Galbahea nola erabili, hitz batean esateko.
Baina, beste alde batetik, ikasteko ikusi egin behar dela gogorarazi behar zaio askori. Ikusi eta... ikasi; tartean aztertu, hausnartu eta ondorioak ateraz. Ba al dakizue gure Herri honetako eguraldiaren katramila asko non ikasi ditudan: ingurukoekin hitz eginez, edadetuekin batik bat. Makina bat lezio eman zizkidan osaba Joanek amaren jaiotetxeko baserriko ikuiluan behiak jezten zituen bitartean. Eta Pellok, Pello Zabalak... bera ere ez da meteorologoa, baina zertzuk dakizki eguraldiaz! Bere ikasle izan garenok inoiz ez diogu eskertuko guri erakutsitako guztia.
Beraz ikasi, ikasi gazteok; aukeratu ondo zuen gogoko ikasketa. Baina gero ikusi, ikusi eta segi ikasten, bizitza bera bezalako web orrialderik ez baitu egundo inork asmatu Interneten ipintzeko.•