Waldorf eskolak. Haurraren garapen naturala
Utopia izan zitekeen, baina jada ez da. Euskal Herrian Waldorf eskolak zabaltzen hasi dira.
Munduan zehar asko zabalduta dagoen mugimendu pedagogikoa da Waldorf deritzona, eta Aramaion eta Gasteizen ditugu gure lehen esperientziak. Haurraren garapen naturala dute ardatz, eta horren arabera antolatzen da dena.ZER DA WALDORF PEDAGOGIA?
Rudolf Steiner da Waldorf pedagogiaren atzean ezkutatzen den izena. Filosofia eta Letretan doktorea zen Rudolf Steiner Austrian jaio zen 1861ean eta Suitzan hil 1925ean. Filosofoa eta zientzialaria, berrikuntza sozialaren mugimendu herritarraren gidarietako bat izan zen. Haren bizitzako zereginik entzutetsuena eta nagusiena Waldorf pedagogia gisa ezagutzen dena sortu izana da.
Lehen Mundu Gerra bukatu osteko (1919) giro politiko eta sozial nahasian Rudolf Steinerrek Emil Molt enpresariaren enkargu bat jaso zuen: Stuttgart-eko Waldorf zigarro fabrikako langile guztien seme-alabentzat eskola libre bat antolatzea eta zuzentzea. Proposamena onartu eta lehenengo irakasle taldea prestatu zuen, eta bost urtetan zuzendu zuen eskola. Pedagogia berri baten oinarri metodologikoak eta didaktikoak ezarri zituen: giza naturaren ezagutza sakonetik abiatzen da aipatu pedagogia eta gizakiaren eboluzioaren hainbat etapetara egokitzen da. Hezkuntza eredu bizia eta soziala izateko xedez sortu zuen. Haren ustez hezkuntza artelan baten moduan eraman behar zen aurrera, giro aske eta sortzailean. Hezkuntza benetako aldaketa sozialaren motorra zela uste zuen. Aldi berean, gau eskolak ematen zizkien fabrikako langileei eta bere eskolako irakasleak prestatzen zituen.Mundu osoan zehar hedatu da
Eskola berehala handitu zen eta 700 ikasle baino gehiago izatera ailegatu zen denbora gutxian, edozein fabriketako eskola baten mugak gaindituz.
Stuttgart-eko lehen eskola hark oihartzun handia izan zuen Alemanian eta inguruko beste herrialdeetan. 1923az geroztik jardunaldi pedagogikoak eta hitzaldiak ematen hasi zen Steiner, eta ondorioz, Waldorf Eskola gehiago ireki ziren Holandan, Ingalaterran, Suitzan eta Alemanian. 1938an alderdi nazional-sozialista iritsi zen boterera eta Waldorf eskola guztiak itxi egin zituen, ez baitzuen onartzen “askatasunerako hezten” zuen eta haur bakoitzaren garapen indibiduala azpimarratzen zuen pedagogiarik. Baina 1945ean egiaztatu zenez, ideia pedagogiko horrek klandestinitatean zabalduz jarraitu zuen. Gaur egun, munduko mugimendu pedagogiko libre garrantzitsuena da. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2.000 eskola baino gehiago daude eta Haur Hezkuntzako 1.900 zentro baino gehiago 72 herrialdetan barreiaturik, herrialde garatuetan (Suedia, AEB, Kanada, Australia) zein ez hain garatuetan (Brasil, Ekuador, Kolonbia, Peru). UNESCOren “Eskola kide”en barruan daude. Euskal Herrian dagoeneko bi ekimen daude abian: alde batetik Gasteizko Parsifal haur eskola; eta bestetik, Aramaioko ekimena. Azken hau Amets-Waldorf Elkarteko kide da. Esan beharra dago elkarte honek Gasteiz inguruan beste ekimen bat abian jartzeko asmoa daukala. http://www.amets-waldorf-euskadi.org/ ametswaldorf@netscape.netWaldorf pedagogiaren ezaugarriak
“Haur bakoitza pertsona bakar gisa hartu; elkarrekiko konfiantzazko harremana sortu harekin; haren gaitasunak eta potentzialitateak ikusten, hedatzen eta goresten utzi; hori da eskolaren zeregina. Edo halaxe ikusten du, behintzat, Waldorf Eskolen Nazioarteko Mugimenduak, eta horrela UNESCOk hezkuntza arloan egiten duen lanari eta hausnarketari lotzen zaio”.
Askatasuna oinarrizko baldintza da bizitza kultural sortzailea eduki nahi bada. Waldorf eskolak “eskola libreak” izendatzen dira, euren egiteko nagusia haurrak askatasunean heztea delako. Gizaki errespetutsuak izateko behar dituzten tresnak jasotzen dituzte eskolan.
Naturarekiko harremanak izugarrizko garrantzia du. Urtaroen erritmoa eta ezaugarriak gertutik bizitzen dituzte. Gizakiak naturarekin eta ingurunearekin duen harremanaren kontzientzia hartzeari garrantzitsua deritzote.
Haurraren erritmoa errespetatzen da. Haurrak bizitzako beharrei erantzuteko, haren erritmoa eta garapen naturala errespetatzen duen pedagogian oinarritzen dira. Aldi berean, hausnarketa lan bat egiten da garapenean sortzen zaizkion beharrei erantzuteko.
Haurra da ekintza eta une guztien erdigune. Haurraren heziketak helburu bat du: haren garapen korporalean, psikologikoan eta kognitiboan laguntzea autonomoa izan dadin, eta horrela, heldua denean iniziatiba edukitzeko eta libreki hautatzeko gai izan dadin. Beste modu batera esanda, bere inguruan sormenaz ekiteko gai izan dadin. Horregatik da haurra uneoro zentrua.
Ikasgaiak eta lan metodologia
Ez zaie ikasgai konkretuei soilik ematen garrantzia, baizik eta irakakaskuntzako arlo anitzetan garatzen diren trebezien ekintza bateratuari. Diziplina desberdinen arteko eraginak zera ahalbidetzen du: gaitasun psikikoak modu harmoniatsuan haztea eta garapen etapa desberdinetara ongi egokitzea. Zentzu horretan, Waldorf programaren asmoa da ezagutza intelektualak eta etengabeko praktika artistiko eta artisauen artean oreka lortzea. Helburua gizakiaren barruan dauden hiru indarrak orekatzea da: pentsamendua, sentimenduak eta gogoa.Waldorf eskoletako programazioa haurraren garapenaren arabera egiten da. Hau da, ikasketa planak haurraren garapen etapak eta inguruko errealitate soziala izaten ditu kontuan.
Eskola planak ezin du finkoa izan, uneoro berregin eta egokitu behar da haur bakoitzaren arabera. Eta horrek irakasleen etengabeko prestakuntza eskatzen du. Hori dela eta, Lehen Hezkuntza osoan talde berberarekin aritzen da irakaslea, eta horrek ikasleak sakonki ezagutzea errazten du. Irakasle horrek irakasle talde baten laguntza izaten du, eta horiek ikasgai artistikoak edo artisautzakoak ematen dituzte (euritmia, pintura, soin heziketa, zurgintza, forjaketa eta abar).Ordutegia
Waldorf eskoletan, Lehen Hezkuntzan, eguneroko zeregina organikoki egituratzen da. Haurrak erraztasun gehiago izaten du goizean lan intelektualak egiteko. Beraz, jakitea, ulertzea, pentsatzea eta prestatzea eskatzen duten edukiekin hasten da eskolako zeregina. Goizero, irakaslea ikasleen aurretik sartzen da gelara. Ikasleak etortzen direnean, banan-banan hartzen ditu, eskua emanez eta euren izena aipatuz. Horrela, irakasleak ikaslea nola datorren jakin dezake. Ondoren joko erritmikoak egin, abestu, txirula jo... Ikasle bakoitzak, gainera, irakasleak berari egindako poema deklamatzen du, bera jaio zen asteko egunean. Horrek guztiakgelan kokatzeko eta taldea batzeko balio du. Hiru-lau astetan arlo bera irakasten da lehenengo bi ordutan. Jarraian, txandaka, errepikapen erritmikoa eskatzen duten espezialitateak lantzen dira: atzerriko hizkuntzak, euritmia, soinketa, musika eta etika. Eskulanak, tailerreko lanak, lorezaintza edo esperimentu zientifikoak goizaren bukaeran edo arratsalden jartzen dira. Hau da, errepikapenean oinarritutako ariketak dituzten eskolak bukatu ostean, ezaugarri artistiko-praktikoa duten zereginetara pasatzen dira. Modu horretara, eskolako jarduna egunaren erritmo naturala jarraituz antolatzen da, eta ez irakaslearen gutiziaren eta erosotasunaren arabera. Maila xumeagoan, mugimendu hori errepikatzen da eskola edo klase bakoitzean. Oroimenari eta hausnarketari denbora gehiegi eskaintzen baldin bazaie, haurrak ahuldu eta nekatu egiten dira. Parte-hartze emozionalak eta gogo aktiboak, ostera, masailak gorriarazten ditu berriro. Ikasgaiak prozesuak biziz irakasten dira, naturaren legeak ikusiz eta munduarekiko, bizidunekiko eta gauzekiko interesa piztuz. Ikasgai guztien funtzioa trebeziak esnaraztea da. Orduan, irakasleak, edukiak irakasteko orduan, kontuan hartzen du haurraren garapen ebolutiboa.Ikasleek euren testu liburuak egiten dituzte ikasgai guztietan eta maila guztietan. Gelako liburutegia elementu nagusia da kontsultak eta irakurketa bultzatzeko.
Ez da notarik existitzen. Haurrak ez dira azterketekin eta errendimendu eskakizunekin presionatzen. Horren ordez, indibidualtasunean oinarritutako garapen kooperatiboa bultzatzen dute. Garrantzitsuena zera da: erizaina, intelektuala edo artisaua izan, bizitzan prestakuntza kultural zabal batekin kokatzea gazteak.
Irakaskuntzan bertan eta heziketan prozesu artistikoa ikusten dute. Modu horretara, ekintza pedagogikoa gizaki bakoitzaren ulermen, sormen eta erantzukizun sozialaren gaitasunak promozionatzean datza. Horrela, pedagogia gizaki bakoitzaren eta gizartearen parte-hartze sortzaile bilakatzen da. Mundua ona da 0-7 urteko haurrentzako leloa horixe da: mundua ona da. Garrantzitsua da haurrek hori ikustea eta hori transmititu behar zaie nagusitan konfiantza eduki dezaten. Gero ez dakigu ona edo txarra izango den, denetik baitago. Baina 7 urteko haur bat mundua ez dela ona pentsatuz eta beldurrez irteten bada, errukigarria da. Hala ere, ez da nahikoa kontatzea edo esatea, haurrak bizi egin behar du. Waldorf eskolak hori biziarazten saiatzen dira; haurrak bizi dezala mundua ona dela.Mundua ederra da
7- 12 urteko gaztetxoentzako leloa da. Mundua ederra dela sentitu behar dute. Mundua zerbait abstraktu moduan aurkezten bazaie, berotasunik eta erakargarritasunik ez da agertuko. Landu behar den oro modu bizian eta irudimentsuan aurkeztu behar zaie motibazioa eta interesa estimulatzeko. Horretarako tresna lan guztietan alderdi artistikoa garatzea da. Uneoro eta eginkizun guztietan artistikoari eman behar zaio lehentasuna, ez ikasgai artistikoetan soilik.Mundua egiazkoa da
13-18 urteko gazteei zuzendua. Jarrera zientifikoak garrantzi handia dauka garai honetan. Izan ere, zerbaiten gaineko iritzi independente batera heltzeko, beharrezkoa da jarrera zientifikoa; hau da, aurreiritzirik onartuko ez duen jarrera, emozioak alde batera utzita. Horrela bada, esperimentuek eta alderdi praktikoek garrantzi handia daukate. Bestalde, irakasleak bai profesionalki bai bere eguneroko bizitzan koherentea izan behar du; izan ere, gazteak kritikoak eta idealistak dira. Hori dela eta, eskolak sarritan elkarrizketez eta eztabaidez osatzen diraEguneko erritmoa
Pentsa dezagun biltegi handi bateko langile batek lanegun batean zeregin hauek bete behar lituzkeela:
8:30-9:20 Telefono deien harrera zerbitzua 9:30-10:20 Lurrin-dendan saltzen 10:30-11:20 Bulegoan fakturazioak egin 11:20-12:05 Bazkaldu 12:05-13:30 Aurrezko kutxetako maileguen kudeaketa 13:50-14:30 Garbiketa 14:40-15:30 Iragarki kartelen pintura 15:40-16:15 Programazio lanakInork ez lioke egunero horrelako lan nahasia eginaraziko: ez litzateke batere razionala izango. Aitzitik, ikasleei antzeko printzipio batean oinarritutako ordutegi kaotikoa inposatzen zaie.
Rudolf Steinerren iritziz, prozedura horrek haurraren kontzentrazio gaitasunean ikaragarrizko kaltea egiten du.ARAMAIOKO WALDORF ESKOLA
Itxuraz ez dago eskolarik Aramaioko auzoetan. Mendi kaxkoetan eliza eta laupabost baserri. Hori bai, paraje ezin hobean. Begira jarri orduko, ordea, mugimendu pixka bat antzematen da. Baserri bateko beheko leihoetatik haurren ahotsak entzuten dira: jolasean dabiltza batzuetan, kantari beste batzuetan. Tarteka kanpora ateratzen dira. Ez dago jolastokirik edo zaburik baserriaren inguruan, baina ez du axola. Eliza inguruko txokoak, zuhaitzak, aska, belardia... dauzkate, eta bada zerekin gozatua. Pozik eta gustura ikusten dira haurrak eta irakaslea, eta baita lehen eta azken orduan hurbiltzen diren gurasoak ere. Euskal Herriko Waldorf eskola bat osatzen dute. Eskola baten itxura baino, etxe baten itxura du, kanpotik bezala barrutik. Gelara sartzeko denek oinetakoak kendu eta etxeko zapatilak janzten dituzte. Gela goxoa da, egurrezko mahaia, aulkiak eta jostailuak, artilezko alfonbrak, harriak eta egurrak, landareak... Material asko ez dago, baina dagoena naturala da. Margoak ere argizarizkoak dira. Aurtengo ikasturtean jarri dute martxan eskola. 3-5 urteko 11 haur eta Miriam hezitzailea elkartzen dira egunero 9:00etatik 13:00etara. Zer egiten dute? Nolakoa da Aramaioko Waldorf eskolaren bizitza? Nolakoa da egun bat? Bi ildo nagusik markatzen dute eguneroko erritmoa: haurraren garapenak eta naturak. Lotura handia dute ingurunearekin eta urtaroen berezitasunak ikasi, ikusi eta bizi egiten dituzte.Eguneroko jarduna
Jolas librea: haurrak etortzen direnean Miriam hezitzailea ekintza bat egiten egoten da, eta ekintza urtaroari lotutakoa izan ohi da: udazkenean arto zuriketan, neguan sua pizten eta infusioa prestatzen, josten, gaztainak zuritzen, haurrentzat jostailuak egiten... etxean egiten diren ekintzak izan ohi dira. Haur batzuk berarekin hasten dira, eta beste batzuk bitartean jolas egiten dute. Hezitzailea ekintza bat egiten ari bada, haurrak ere zerbait egiten hasten dira. Eta hori da goizeko lehen ekintza honekin bultzatu nahi dena. Bestalde, egiten den ekintza orok beti du zentzua. Ekintzaren ondoren, lasaitasuna dator beti. Garrantzi handia ematen diote erritmoari. Kasu honetan, arnasa hartzen eta lasaitzen ikasten dute. Gero txiza egin, eskuak garbitu... Ekintza oso polita dela dio Miriam Txintxurreta hezitzaileak. Komun bakarra dute eta beraz, itxaroten eta txandak errespetatzen ikasi behar dute. Batek eskuak garbitzeko, beste batek palankari eragin behar dio. Horrekin elkarlana lantzen dute. Korroak: ondoren, urtaroarekin lotutako abestiak lantzen dituzte. Mugimendua eta hitza lotuta duten abestiak, olerkiak, errimak... Hamarretakoa: egunero prozedura berdina jarraitzen dute, haurrari errepikapenak izugarrizko segurtasuna ematen diolako, hau da, gero zer datorren jakiteak. Hori barneratu egiten dute eta lasai egoten dira, badakite hamarretakoa iritsiko dela eta ez dute presarik izaten. Hamarretakoa ekintza soziala, polita eta gustukoa izan dadin nahi dute. Mahai inguruan jarri eta atzamarrekin ipuin bat kontatzen du Miriamek. Normalean urtaroekin lotuta egoten da eta lau astetan zehar errepikatzen du. Ondoren abestitxo bat kantatzen dute eta gero eskerrak ematen dizkiete lurrari eta eguzkiari emandako jakiengatik. Denek elkarrekin jaten dute familian bezalaxe, eta hor ere gauza asko ikasten dituzte. Izan ere, egungo familietan asko bakarrak dira, edo asko jota bi, eta ez daude ohituta itxaroten, banatzen... Astean behin norbaitek etxean egindako zerbait ekartzen du gainerakoekin partekatzeko. Imitazio garaian daudenez, oso garrantzitsua da irakaslea lasai egotea, maitekiro, pazientziarekin, keinu suabeekin eta zabarkeriarik gabe. Ahal den neurrian janari biologikoa jaten dute. Naturarekiko harreman estua dutenez eta lurra zaintzen dutenez, euren gorputzak ere zaintzen saiatzen dira. Sarritan infusioa hartzen dute eta denen artean prestatzen dute: batzuk erromeruaren edo melisaren bila joaten dira ortura, beste batzuk ura hartzera... Ardurak banatzen dira, bakoitzak bere funtzioa edukitzen du, eta horrela borondatea landu eta erantzukizunak hartzen ikasten dute. Gela jasotzea: jolas modura planteatzen dute zeregin hori. Ez baita gauza bera, “ea, jaso dezagun gela” edo “gaur nor izango da kale garbitzailea?” esatea. Eskulanak: atzamarrak asko lantzen dituzte (“atzamar arinak, buru argiak” esan ohi da) eta baita ukimenaren zentzumena ere. Kanpora: zapatilak erantzi eta berokiak janzten dituzte. Eta nagusiek txikiei laguntzen ikasten dute. Jostailu gutxi daukate, hor bertan dagoenarekin moldatzen dira: lurra, makilak, hostoak, belarra, intxaurrak... garaian garaiko gauzekin asmatzen dituzte jolasak. Egunero ordu eta laurden gutxienez egoten dira kanpoan. Ipuinaren ordua: berriz barrura sartutakoan urtaroaren mahaian biltzen dira denak. Mahai hau urtaroko ezaugarriekin atonduta egoten da, eta Miriamek urtaroari dagokion ipuin bat kontatzen die; landu nahi diren balioen arabera, ongi hautatuko ipuina. Agurra: joateko garaia iristen denean irakasleak haurrak banan-banan agurtzen ditu. Jaialdiak: urtean zehar hainbat jaialdi ospatzen dituzte haurrek eta gurasoek denek elkarrekin, betiere urtaroen erritmoari jarraituz: iraila bukaeran uzta jasoketa, Santa Ageda eskea, udaberriaren hasiera, udako solstizioa...Nolatan sortu duzue Waldorf pedagogian oinarritutako eskola?
Jose Antonio Pagaldai.- Guraso batzuk gure haurrekin zer egin pentsatzen hasi ginen duela pare bat urte, zer-nolako hezkuntza nahi genuen. Zorionez, batzuek Waldorf pedagogia ezagutzen genuen eta horrelako eskola bat edukitzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. 6-7 haur prest zeudela ikusi genuen, eta Waldorf formazioa zuen hezitzaile bat ere bagenuenez, aurrera egitea erabaki genuen.
Idoia Beitia.- Nire kasuan, haurra eskolara eraman edo ez zalantzan nenbilen. Hala, Madrilgo Waldorf eskola bateko bideo bat iritsi zitzaidan eskuetara. “Horrelako eskola bat nahi dut nire semearentzat” pentsatu nuen. Baina, hemen ez zegoenez, ezer ez. Gero, ordea, asmo honen berri jakin nuen, eta bi aldiz pentsatu gabe erabaki nuen.Zer nahi zenuten bada, zuen haurrentzat?
Jose Antonio.- Gure seme-alabak zoriontsuak izatea nahi genuen. Noski, hori denok nahi dugu, baina bakoitzak bere modura ulertzen du zoriontsu izate hori. Eta gure zoriontasunaren ideia hemen lantzen denarekin bat dator: naturarekin ahalik eta harremanik estuena izatea, hemen egiten diren moduko ekintzak egitea, horrelako leku goxo batean eta horrelako irakasle batekin. Ezer kendu gabe beste inori, hori garbi gera bedi. Baina guk gure ideia edo ildoa jarraitu nahi genuen.Zein dira zuen ideia horiek?
Miriam Txintxurreta.- Azken finean, kontuan izatea haurraren garapena eta horren arabera zerbait eskaintzea. Beste modu batera esanda, haurrari loratzen uztea. Azken batean haurra hazitxo bat da eta guk egin behar duguna da ahalik eta ondoen ureztatu, maitatu, eguzkia eman eta loratzen utzi. Ez gauzak eman, baizik eta berari utzi poliki-poliki, maitasunez hazten. Adin bakoitzean haurrak behar batzuk ditu eta horiei erantzuten saiatzen da Waldorf pedagogia. Esate baterako, antzerkia 3. DBHn lantzen da. Zergatik? Adin horretan nerabezaroan daude, burmuinean izugarrizko iraultza sortzen zaie, ezinegona, jarrera pasiboa, kaleko argota... eta antzerkiak osatzeko aukera ematen die: barrutik atera eta munduaren aurrean kokatu behar dute, ganoraz eta dotore egin behar dute berba... Jose Antonio.- Maitasuna. Nik hori hizki handiz jarriko nuke. Hori oso garrantzitsua da, bai lanarekiko maitasuna, eta batez ere haurrarekikoa. Beste bi ideia askatasuna eta errespetua dira. Haurra pertsona bat da. Geure burua maitatzen badugu, haurra ere maitatu eta errespetatu egin behar dugu. Miriam.- Eta irudimena eta fantasia lantzea. Txikitan jolasaren bidez lantzen dira eta oso garrantzitsua da, gerora pentsamendu sortzailerako bidea ematen baitu. Irudimena askatasunerako atea dela esan dezakegu; aldez aurretik ezarritako zerbait norberak beste era batera irudikatzea da.Nolakoa da gurasoen inplikazioa?
Jose Antonio.- Harreman oso-oso estua dugu. Hasteko, guk geuk sortu dugu eskola, eta horrek zerbait esan nahi du. Gogoa, jarrera irekia eta kontzientzia badaude, eta badakigu proiektu honek aurrera egiteko denon indarra eta lana behar dela. Eskolarekin batera, guraso eskola sortu dugu eta guraso guztiok gaude hor. Eta baita datorren urtean haurra hona ekartzeko asmoa duten batzuk ere. Gainera, ez da gure seme-alabentzat soilik nahi dugun proiektua, baizik eta gerora ere beste haurrentzat eta gizartearentzat ere bai. Idoia.- Inplikazio maila desberdina izan daiteke: batek egurrezko mahaia egingo du, besteak bere baserrira eramango gaitu, besteak alfonbrak ekarriko ditu... baina gutxieneko bat behar da. Eta horrek denak koherentzia bat eskatzen du, hau da, etxean jarraipen bat izatea, bestela ez du zentzurik.Zeri deitzen diozue etxeko jarraipena?
Idoia.- Eskolako ideiak edo fisolofiarekin bat etortzea etxeko jarduna ere, koherentzia izatea eskolan lantzen denarekin; esate baterako, lasaitasuna ematea, erritmoak zaintzea (jatorduak beti ordu berdinetan...), arropa zaintzea... Eskolan harrizko eta egurrezko jostailuak erabiltzen badira, gero etxean denak plastikozkoak ez izatea. Jose Antonio.- Hori egin ezean ez du zentzurik horrelako eskola “arraro” batera ekartzea haurra. Ni Waldorf irakasle bat izango banintz, ez nuke arazorik izango guraso bati esateko hobe lukeela haurra hona ez ekartzea jarraipenik egin ezean. Zeren bestela, haurrak bi mundu bizi beharko lituzke eta hori oso arriskutsua da. Koherentzia egon dadila eta ikus dezatela zu ere ahalegintzen zarela. Legedi aldetik, zein egoeratan zaudete? Jose Antonio.- Gurasook sortu dugu, gure iniziatibaz. Familia batek utzitako etxe batean gaude. Behin-behineko tokia da eta beste bat bilatzen ari gara eskualde edo inguru horretan. Hezitzailea eta kostuak ere gurasoen bizkar gelditzen dira. Gure helburua Hezkuntza Sailarekin kontzertu bat lortzea da. Herrialde batzuetan Waldorf eskolak publikoak dira. Berez bakoitzak nahi duen hezkuntza edukitzeko eskubidea du, bestela ez dago pedagogia askatasunik. Eta zentzu horretan, guk hau nahi dugu.Nola ikusten duzue jarraipena?
Jose Antonio.- Gure helburua jarraitzea da, ikusiko dugu zer gertatzen den. Dena dela, ez bada posible, eta haurrek beste eskola batera joan behar badute, ez da ezer gertatzen. Alderantziz, hobe hasierako urteetan hemen egon izana.Zer eskaini dizue esperientzia honek?
Jose Antonio.- Gure alaba hona etorri eta lehenengo egunetik oso ongi sentitu da, ez du egokitzapen prozesurik behar izan. Asteburuetan ere eskolara etorri nahi izaten du. Zoratzen dago. Eta pentsa gu nola gauden bera horrela ikusita. Bide onetik doan sentsazioa daukagu, eta horrek izugarrizko lasaitasuna ematen digu. Idoia.- Nirea ere oso gustura dabil. Ez du etxera joan nahi izaten. Hitz egiten ikasten ari da, eta pertsona izen bi ikasi ditu oraingoz, izebarena eta irakaslearena. Etxean gustura egiten dugu jarraipena, eta guraso gisa guretzat ere ona dela uste dut. Pertsonalki bete egiten nau eta gauzak beste modu batera hartzen ditut orain, beste modu batera ikusten ditut haurrak. Miriam.- Nik, hezitzaile gisa, zerbait ona egiten ari garen sentsazioa daukat, bai ni eta bai gurasoak. Izugarrizko zortea eduki dugu proiektuaren hasieran egotearekin; hasierako lanak asko dira, baina beste kalitate bat du horrek. Haurrek ikusi egiten dituzte gurasoak esekitokia jartzen, lokarriak lotzen laguntzen, jolas garaian eurak zaintzen, irakaslea gurasoei laguntza eskatzen... eta hori oso gauza handia da, batez ere bizi dugun indibidualismo garai honetan.WALDORF FORMAZIOA
Waldorf eskolan hezitzaile gisa aritzeko prestakuntza berezia egin behar da. Euskal Herrian ez dago berau egiteko aukerarik: Madrilen eta Vigon gaztelaniaz, Bartzelonan katalanez eta Parisen frantsesez. Hiru urteko formazioa da. Lehendabizikoa autoformaziorako izaten da; bigarrenean metodologia lantzen da; eta hirugarrenean didaktika. Maila bakoitza zortzi ataletan banatuta dago eta bakoitzaren inguruan hitzaldi bat egoten da. Mundu osoko hizlariak izaten dira; sarritan 40 urtetan irakasle izandako 70 urteko pertsonak. Hizlari guztiak esperientziadunak izan ohi dira. Lantzen diren gaiak: antropologia, psikologia, motrizitatea, hizketa, haurraren garapen kognitiboa, haurraren garapen emozionala, zentzumenak, musika heziketa, eskulanak, ipuinak, buztina, egurra, nekazaritza, pintura, haurraren behaketa, etxeko lanak, jolas librearen garrantzia, antroposofia, norbere heziketa eta Waldorf eskoletan praktikak. Helburua: hezitzailearen askatasuna, iniziatiba eta sormena dira pedagogia honen oinarri. Haurrak hezteak lan pertsonal sakona eskatzen dio helduari. Gai izan behar du ikasleen heltze prozesuak antzemateko, eta naturako fenomenoez eta gure garaiko eragin zientifiko, historiko eta sozialez jabetzeko.