Nolako pedagogia da “geurea”?

2006-04-01

Herri gisa gure ekarpen pedagogikoa egitea dagokigu. Euskal identitatea eta herritarren kohesioa lortzea dira, gure ustez, lehenetsi behar direnak. Eta “geure” pedagogiak horri erantzun beharko lioke.

 
 

Euskal pedagogia nolakoa den galdetuz gero, zera erantzungo genuke: euskaraz aritzen dena, eta mundu zabaleko ekarpen pedagogiko berriak gurera ekarri eta eskolako ezaugarrietara egokitzen dituena.

Seguraski, ez genuke jakingo ezer gehiago esaten. Nahiz eta beste zerbait ere badela sumatu. Alegia, guk erabiltzen dugun estiloa-edo.
Jarrai dezagun “euskal” hori aztertzen eta “geure” estiloan sakontzen. Zerekin aurkitzen gara hezteko orduan?
Hezitzaileok eta gure neska-mutilak nahaste-borraste batean bizi gara. Batzuetan zazpi herrialde dira, beste batzuetan hiru, bat, lau edo sei. Euskaraz irakasten dugu gure hizkuntza delakoan eta kalean frantzesa eta gaztelania dira nagusi; interneten, ingelesa; telebistan pilo bat…
Izan ere, Euskal Herria herri txiki bat da. Bi estatu handien barnean kokaturik dagoena, bere hizkuntza eta kultura gutxiagotuak dituena. Estatu bakoitzak bere hizkuntza eta kultur edukiak hautatu, sakralizatu eta ezarri ditu, gure Herriaren izaera kulturala eta soziala kontuan hartu gabe.
Herri gisa gure ekarpen pedagogikoa egitea dagokigu. Euskal Herriko hizkuntza eta kultura gutxiagotuak normalizaziora eramaten laguntzea. Euskal identitatea eta herritarren kohesioa lortzea dira, gure ustez, lehenetsi behar direnak. Eta “geure” pedagogiak horri erantzun beharko lioke.
Eguneroko lanean ari garenean, ez al diogu, neurri batean, nahi horri erantzuten? Lagungarria litzateke gure pedagogoen lana ezagutzea. Pedagogo nabarmenik ez badugu ere, azter dezagun hasierako andereño haiek eta ondorengoek haurrekin zuten harremana, nola irakasten zuten, zer balio transmititzen zituzten, nola euskalduntzen zuten, etorkinak bertakoekin elkarbizitzen nola jartzen zituzten, zein helbururekin hezten zuten eta zentro bakoitzeko komunitateak zer funtzio betetzen zuen. Eta azter dezagun, baita ere, gaur egun hezitzaileok egiten duguna.
Azter ditzagun hain ezagun ez diren pedagogo langile horiek. Euskal hezkuntzaren garapenean elkarrekin aritzeak zer garrantzia izan zuen, eta duen. Ohartuko gara, seguruenik, pedagogoez baino mugimendu pedagogikoaz hitz egitea zuzenagoa izango dela, gure estiloan.