Kronika

2006-06-01
 
 

Ikas-Bik, urteroko jaia ospatzearekin batera, aurten 20 urte bete ditu eta hori ere ospatu du.

Ehunka lagun bildu ziren Donibane Lohitzunen. Ospakizunekin batera, hogei urteotako ibilbideari gainbegirada bat eman zioten.

Euskarazko eredu elebiduna ezartzeko garaian, Hezkuntza Misterioaren jarrera itxiarekin egin dute topo urte hauetan eta izugarri kostatu izan da gela elebidunak irekitzea eta mantentzea. Orain, Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerarekin, gauzak alda daitezkeela somatzen dute. Erakunde horretako lehendakari Max Brissonek jaialdian parte hartu zuen, eta 2006-2010eko hizkuntza politika zehazten ari direla adierazi zuen. Hemendik aitzina gatazkarik gabe egin ahalko dela aurrera iragarri zuen.

Nafarroako hezkuntza sindikatuek greba deitu dute sare publikoan

Nafarroako hezkuntzako sindikatua guztiek bat egin dute maiatzaren 31rako greba deialdia egiteko. Orain arte Hezkuntza Departamentuarekin hizketan ari ziren 6.000 irakasleren lan baldintzak arautzen dituen akordioa egiteko. Izan ere, 2001-2004koa agortuta dago eta ez dute berririk sinatu. Administrazioaren jarrera ikusirik, ordea, negoziazio mahaia utzi eta kalera ateratzea erabaki dute, administrazioari jarrera alda dezan eskatzeko. Sindikatuen esanetan, “baldintza baxuenetan negoziatu nahi du, eta abiapuntua orain arteko akordioa baino baxuagoa da”. Horregatik, “orain arteko baldintzak beteko dituela bermatu arte idatziz”, ez direla itzuliko negoziazio mahaia adierazi dute sindikatuek.

Elortzibarren ikastolarik ez oraingoz

Herriko administrazioaren trabak jasan ditu Elortzibarko Ikastolen Batzordeak ere. Noain eta Elortz inguruko guraso talde bat ikastola sortu nahian dabil, gaur egun euskaraz ikasi nahi baldin badute Iruñeko ikastetxe publikoetara edo Zizur Txikiko San Fermin ikastolara joan beharra baitute. Dena dela, ahalegina bere horretan utzi dute mementoz, lursail egoki bat erosteko zailtasunak direla-eta. Prentsa ohar baten bidez Udalaren trabak salatu dituzte.

Euskal eskola publiko berriaren aldeko jai arrakastatsua

Maiatzaren 21ean 25.000 lagunetik gora elkartu ziren euskal eskola publiko berriaren aldeko jaian. Sortzen-Ikasbatuazek eta Patxi Larrainzar ikastetxeko gurasoek antolatuta, jaia eta aldarrikapena batu ziren. Edonola ere, hutsune bat nabaritu zuten: aurten, azken urteetan ez bezala, Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk ez da joan. Nafarroako Gobernuari dagokionez, betiko moduan, ez du inor bidali.

“Bai Eskolak Euskalduntzeari!” berretsi dute ozen herritarrek

Urtarrilean hasitako kanpaina manifestaldi jendetsuarekin amaitu da. Herritarren aldetik babes handia jaso du. Jasotako sinadurak hainbat erakunderi aurkeztuko dizkiete antolatzaileek, bai haiek eta bai gainerako eragileek ere konpromisoak har ditzaten helburua lortzeko: euskalduntzen duen hezkuntza politika ezartzea.

EILASek kongresu orokorra eta LABek nazio biltzarra ospatu dituzte

EILASek VIII. kongresua burutu berri du eta datozen urteetako lan ildoak zehaztu dituzte. Horrekin batera, Kontseilu Nazionaleko, Idazkaritza Nazionaleko eta Nazio Batzorde Iraunkorreko kide berriak izendatu dituzte.
Kongresuaren ondoren erabakitako agiriak 126 puntu ditu, eta besteak beste, honako gaiak jorratzen ditu: euskara, eleaniztasuna, curriculum propioa, etorkinen artatzea, lan arriskuen prebentzioa eta Bolognako prozesua. Gai nagusia, ordea, hezkuntza sistema propioarena da. Berau diseinatzeko eta garatzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta horren barruan, sare publikoa indartzea da EILASen xedea. “Irakaskuntza publikoak izan behar du hezkuntza sistemaren ardatz nagusia, hori berretsi dugu, hori baita dauden desorekei aurre egiteko modu bakarra. Horrekin esan nahi dugu administrazio publikoak izan behar duela zentroen jabe. Kudeaketa demokratikoa bermatu behar du, gainera, eta guztion eskubideak bermatu”.
LAB sindikatuak ere nazio biltzarra egin du “Irakaskuntza euskalduntzeko proposamena” aurkezteko. Urte eta erdi jardun dira Euskal Herri osoko irakaskuntza ereduetako euskararen egoera eta urteotako emaitzak aztertzen. Une honetan krisi egoeran gaudela ohartarazi dute. Aurrera begirako plangintza berri bat aurkeztu dute, eta lau zutabe izango ditu: politikoa, akademikoa, kulturala eta soziala. Horietako bakoitzean eman beharreko hainbat neurri eta datozen lau urterako lan ildoak ere zehaztu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 23 lanbide ziklo kentzeko erabakia hartu du.

Arrazoia ikasle kopuru baxua izan da. “Ziklo horietan behar adinako ikasle kopururik ez dago, eta dauden baliabideak hobeto erabiltzeko” hartu du erabakia Hezkuntza Sailak.

Orain dela urte batzuk talde bat osatzeko gutxienez 10 ikasle behar zirela erabaki zen, eta sarritan kopuru hori bete ez arren, taldeak osatu izan dira. Zentzu horretan, azken hilabeteetan kontrol zehatzagoak egin dituzte hori neurtzeko eta saihesteko.
Zikloak kentzeak ez omen du aurrekontu murrizketarik ekarriko.
Sindikatuak kezkatuta agertu dira erabakiarekin. Guztiek adierazi dute Hezkuntza Sailak ez duela inorekin kontsultatu eta erabakia bere aldetik hartu duela. Horrez gain, ziklo horietako irakasleekin zer gertatuko den ez dakite, eta horrek ere kezka eragin du. Azken urteetan ziklo horiek izan duten eboluzioa zein den jakin nahi dute.