La Inmaculada ikastetxea, Hernani : Ikasle etorkinak etxekotzen

2006-06-01

Ez dira nolanahiko kopuruak Hernaniko La Inmaculada ikastetxekoak: ikasleen % 30 etorkinak dira, eta 17-19 nazionalitate desberdin nahasten dira. Gizartean desilusio garaia bizitzen ari dira etorkin asko, errealitatea ez baita telebistan agertzen den bezain polita. Arrotza den herrialde batean bizimodua aurrera atera behar dute, eta baita euren seme-alabek ere. Denak eskolan biltzen dira, eta egoera horretan egosten ari denaren lekuko bat da Inmaculada ikastetxea.

 
 

Hernaniko mojen ikastetxera etortzen diren etorkin guztiak ez dira irailean hasten; ikasturtean zehar ere hasten dira, etorri ahala. Badakite une horretan nola egin harrera. Hasteko, etorri berriari proba bat egiten zaio maila akademikoa ikusteko, eta horrela, zein taldetan sartuko den eta ikasle horrekin nola lan egingo duten erabakitzen dute. Itzultzailea behar badu, eskatu egiten dute. Ez badu behar, gelara bidaltzen dute eta Integrazio gelako irakaslea arduratzen da. Egun berean gurasoekin solasaldi bat egiten dute dokumentuak eta abar egiteko.

Gelara joandakoan, ikasleak nondik datorren azaltzen die gainerakoei, herrialdea mapan kokatzen dute, hango banderarekin egiten diote harrera... Ikasleak ohituta daude, askok egoera bera bizi izan baitute, eta interes handia agertzen dute. Etorri berria babestua sentitzen da.

Integrazio gela

10 urte arteko haurrekin ez dagoela arazorik edo zailtasunik dio Maite Martinez zuzendariak. “Gelan sartzen ditugu eta erabat murgiltzen dira. 15 egunean euskaraz hitz egiten hasten dira, eta ez dago inolako arazorik”.
Adin horretatik aurrera egoera aldatu egiten da. “Askoz gehiago kostatzen zaie egokitzea. Eragin handia dute dakarten maila kulturalak, familiaren kulturak, jatorriak, familiaren egokitzeak... Egokitzeko epe bat eman behar zaie, eta hori errespetatzea funtsezkoa da euren bizi espazioa berreskura dezaten”. Horregatik, Euskara, Gorputz Hezkuntza, Informatika, Musika, Ingelesa eta Matematika gela arruntean egiten dituzte gainerako ikasleekin batera (B eredu indartuan). Baina beste ikasgaietan gelatik irten eta Integrazio gelara joaten dira.
Hango irakaslea da Maiteder Requejo: “Gela honetan euskararen maila pixka bat jaitsi egiten da, eta hasieran gaztelaniaz egiten zaie. Edukiei dagokienez, euren mailaren arabera egiten da lan. Ikasliburuak ere gaztelaniaz zein euskaraz izaten dituzte”.
Euskara eta gaztelania, gaztelania eta euskara. Dilema horren aurrean Maite zuzendariak irizpideak argi ditu: “Lehendabizi euren beharrei erantzun behar zaie: zein aukera eta baldintzatzaile dituzten ikusi behar da, eta nola atera aurrera. Hizkuntza ereduaren gainetik pertsona dagoela uste dugu”.
Hori dena gaztelania dakiten ikasle etorkinekin. Baina beste batzuek hori ere ez dakite, eta kasu horretan, Integrazio gelara joan aurretik, itzultzailearekin egoten dira gelan daudenean. “Horien kasuan, lehendabizi gaztelania irakasten zaie, eta gero Integrazio gelara joaten direnean hasten dira euskararekin” dio zuzendariak. “Kontua ez da gaztelania euskara baino garrantzitsuagoa izatea, baizik eta ez dagoela euskarazko itzultzailerik. Gaztelania dakiten txinatarrak, errusiarrak... badaude, baina euskararik ez dakite. Guk komunikaziorako hizkuntza bat nahi dugu, eta ez zaigu aukerarik gelditzen”.

Itzultzaile gutxi, bai kopuruz eta bai denboraz

Orain dela hiru urte itzultzailea behar zuten 50 haur zeuden Gipuzkoan; gaur egun 200, eta jatorri askotarikoak: bulgariarrak, moldaviarrak, ukrainarrak, errusiarrak, uzbekistandarrak, mongoliarrak, txinatarrak, marokoarrak... Hizkuntza horiek eta euskara dakizkien itzultzailerik ez dago.
Lehen sei hilabetean egoten ziren itzultzaileak haur bakoitzarekin, astean egun bat. Alegia, hutsaren hurrengoa. Eta orain, are gutxiago: hiru hilabete soilik. “Orain arte itzultzaile errusiar eta txinatar bana eduki ditugu” dio Maitek. “Uzbekistango ikaslearentzat ez dugu itzultzailerik eduki. Zorionez, etorri diren arabiarrek bazekiten gaztelania pixka bat eta ez dugu arabierako itzultzailerik behar izan. Normalean, itzultzailea joan arren, haren beharrean gelditzen dira ikasleak”.

Baliabide falta

“Gaur egun laguntza bera jasotzen dute sei etorkin dituen zentro batek eta 80 dituenak: hezitzaile bat astean 23 ordurako. Laguntza bera dute; berdin dio etorkin kopuruak edota jatorri askotarikoak edukitzeak” azaltzen digu Maitek. Zorionez, badute abantaila bat. “Hemen komunitate bat bizi gara eta erretiroa hartutako ahizpak ditugunez, haiek laguntzen digute”.
Urte hauetako esperientziarekin garbi ikusten dute pertsona bakoitza desberdina dela eta bakoitzarekin zerbait berria asmatu behar dela. Ez dago denentzat balio duen eredurik. Ezin da sistema bat bilatu denentzat. Ikasle bakoitzak banakako arreta eskatzen du.
Familia etorkinekin lan egitea oso konplexua da
Familiak eta eskolak ildo berean jardutea garrantzitsua dela diote bi hezitzaileek, baina egiteko zaila dela ere ikusten dute. Etorkinen kasuan, familiaz baino amaz hitz egitea egokiagoa litzateke, ama baita garrantzitsua; aita egon daiteke, edo ez, edo orain bai eta gero ez. Etorkinen seme-alabek ordu asko pasatzen dituzte etxean bakarrik gurasoak lanean daudelako. Ondorioz, telebistan ordu asko, play-stationean goizaldera arte…, ez dago kontrolik. “Familia eta eskola ez goaz batera, eta hori nabaritu egiten da. Familian hezten da, eta eskolaren zeregina batez ere akademikoa da. Hezitzailea ere bai, baina familiak funtzionatzen ez duenean” dio Maitek.
“Guraso eskolek derrigorrezkoak izan beharko lukete” Maitederren iritziz. “Hemengo guraso eskolara ikasle ohien gurasoak etortzen dira, ez oraingo ikasleenak. Ordutegi arazoak ere handiak izaten dira bilerak egiteko”.

Haurren barne mundua

Ikasleen arazo asko euren barruko munduarekin, duten historiarekin eta emozioekin lotuta daude. Horregatik hasi dira alderdi hori ere lantzen. “Akademikoki gaizki daudela ikusten dugu, ez dutela arretarik jartzen, ez dutela lanik egiten… Baina zergatik? Barruko arrazoiak ikusi behar ditugu laguntzeko, eta horretan hasi gara” zehaztu du zuzendariak. •

Nola landu erlijio aniztasuna gelan?

DBHko 3. mailako gela batean Erlijioa irakasten du Maitek. 19 ikasle daude, eta horietatik 10 Integrazio gelara joaten dira. Ekuadortarra, kubatarra, marokoarra, txinatarra, moldaviarra, errusiarra, ukrainarra eta errumaniarra daude. Jatorriz Hernanikoak 8 dira. Kultur aniztasun handieneko gela da. Erlijioari dagokionez, ortodoxoa, katolikoa, musulmana, sintoista, protestantea, ebanjelista, mormoia..., nahiz eta errealitatean eurek paso egiten duten.

Nahaste-borraste horretan erlijio katolikoaren ikasgai-zerrendak ez du zentzurik. Noski, La Inmaculada ikastetxe erlijiosoa denez, ez dute ikasgai-zerrenda hori apurtzen, baina beste erlijioak eta kulturak berreskuratu eta lantzen dituzte. “Ekumenismoa lantzen dugu, hau da, batzen gaituena eta ez banatzen gaituena. Esate baterako, aitortzaren gaia lantzen dugunean, erlijio bakoitzaren barruan adiskidetasunaren sinboloak zein diren ikusten dugu: katolikoak aitortza egiten dute, musulmanak mezkitako imanarekin hitz egitera joaten dira, beste batek bilerak egiten dituztela esan zuen, eta artzainak hitz egiten diela... Modu horretara, sinboloak partekatzen ditugu eta denak sentitzen dira garrantzitsu eurena azaltzen”.
Bi ikasle musulman eduki zituenean Korana ekartzen zuten eta hura lantzen zuten beraiek, gainerakoak Biblia lantzen zuten bitartean.“Ez dut sentitzen inolaz ere hori ikasgai-zerrendatik at dagoenik; errespetua landu behar da, desberdintasunak onartu eta batzen gaituzten gauzak landu”.