Begiratu eta irudikatu: Artistak eta ikasleak batu dituen erakusketa

2006-10-02

612+13 artistaren lanak egon ziren erakusgai Lizarrako kultur etxean maiatzean. 612 artistak Lizarrako ikastolako ikasleak ziren, eta gainerako 13ak Euskal Herriko artista ezagunak. Ikasturtean garatutako proiektu batek elkartu zituen denak, eta emaitza “Begiratu eta irudikatu” erakusketan ikusi zen.

 
 

Erakusketa bizia, koloretsua eta berezia izan zuten ikusgai maiatza osoan Lizarrako herritarrek. Alde batetik, Euskal Herriko 13 artista ezagunen lan bana zegoen, eta bestetik, ikastolako ikasleek lan horien inguruan egindako interpretazioak edo artelan berriak. 2 urteko haurrek izan ezik, ikastolako ikasle guztiek hartu zuten parte proiektuan, 3 urtetik 16 urtera artekoek. Ikasleak gustura sentitzen ziren euren lanak artisten lan originalen parean ikusita. Eta artistak ere bai, euren lan eta ideietatik zenbat obra berri sortu ziren ikusita.

Aniztasuna zen nagusi erakusketako hiru aretoetan. Artisten artean 100 urteko artistak eta artista gazteak zeuden, batzuk euskal kulturan ezagunak eta beste batzuk hasiberriak. Lanak ere denetarikoak ziren: figuratiboak, abstraktuak, espresionistak, eskulturak... Ondorioz, ikasleen erantzuna ere oso-oso zabala izan zen; ez mailaren eta artistaren arabera soilik, artista eta obra berak ere begirada eta espresio modu askotarikoak sortu zituen ikasleengan.

 

Ideiaren jatorria

Josu Reparaz Lizarrako ikastolako zuzendariak koordinatu zuen erakusketa eta proiektua, eta ideia nondik nora sortu zen azaldu digu: “2004an Nafarroa Oinez Lizarran ospatu genuenean, 85 artistaren lanekin osatutako erakusketa bat egin genuen. Tartean Nestor Basterretxea zegoen, eta harekin hizketan ari ginela hauxe esaten zuen: egokia ikusten zuela horrelako erakusketak egitea, baina beti artisten lanekin eta helduei begira egiten zirela, eta ez zirela iristen ikasleen geletara, ez zirela haiengana hurbiltzen. Horregatik, bere obrak edo beste batzuenak ikasleek ikustea nahiko zukeela zioen, haurrek interpretatzeko eta zer sortzen zien ikusteko. Haurrak ere artearen ikaskuntzan eta kontenplazioan inplikatzea egoki ikusten zuen”.

Hortik sortu zen ideia, eta Josu Reparaz zenbait artistarekin harremanetan jarri zen. 12k berehala eman zuten baiezkoa. “Hamahirugarrena, Francis Bartolozzi, iaz hil zen 100 urterekin. Nafarroan oso artista garrantzitsua izan da, batez ere haurren mundu plastikoa eraman zuelako bere mihiseetara, eta beti saiatu zelako haurrek bezala margotzen. Oso emakume sentikorra zen, eta egoki ikusi genuen proiektu honetan haren lan bat egotea. Familiarekin jarri ginen harremanetan eta oso jarrera baikorra agertu zuten hasiera-hasieratik”.

Artista bakoitzak obra bana eman zien ikastolakoei, bere lanen artean nahiko adierazgarria zen bat. Maila bakoitzak artista baten lana hartu zuen, eta hor abiatu zen artistaren eta ikasleen arteko erlazioa. 3 urtekoek, adibidez, Jose Luis Zumetaren koadro bat eduki zuten gelan, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoek Juan Gorritiren eskultura bat, eta DBH4koek Dora Salazarrena.

Ikasleek obra gelan eduki zuten, ikusi egin zuten, ukitu... Egilearen bizitzari eta lanari buruzko gauzak kontatu zitzaizkien. Eta ondoren, nahi zuten teknika erabiliz, lan horrek esaten ziena adierazten saiatu ziren. Haur bakoitza hunkitu edo harritu duena agertzen da bere lanean; haur bakoitzak sentitu duena kontatzen edo transmititzen du bere obrarekin. Batzuek originalarekiko fideltasunari eusten saiatu dira, eta beste asko gauza erabat berria eta desberdina egiten saiatu dira. “Adibiderik garbiena Nestor Basterretxearen “Hiri zuria” obra da. Artistak hiria zuri-beltza ikusten du, eta ikasleen artean gutxik egin dute zuria, koloreak sartu dituzte. Haurrek mundua koloretan ikusten dute eta hori erantzun diote artistari”.

 

Prozesua bera izan da interesgarria

Martxoan jaso zituzten obrak eta apirila bitartean aritu ziren lan honetan. Kasu batzuetan bi ordutan amaitu zuten euren obra, eta beste batzuetan denbora gehiago behar izan zuten. “Prozesu osoan izugarri inplikatu ziren. Izan ere, artelana gelan edukitzea, beraiengandik hurbil, oso polita izan da eta asko bizitu dute hori dena” dio zuzendariak.

“Orain ikasleen obrak mutu ikusten ditut eta pena da emaitza soilik ikustea, ez prozesu osoa. Irakasleek ere gauza bera diote”. Izan ere, esperientzia honetan garrantzitsuena lan horiek egin aurretik bizi izan duten guztia izan da. Denak ez dira deigarriak edo begira jotzeko modukoak, baina atzean izugarrizko lana dute, eta hori da irakasleek baloratzen dutena. “Ikasleek egin dutena zergatik egin duten kontatzen dutenean, orduan hartzen du benetan zentzua lanak. Eta hori guretzat oso-oso polita izan da. Ikasleek bizitu eta adierazi egin dute”. •

 

3 urtekoak Jose Luis ZUMETA Izenbururik gabea

Haurraren lanak oso adierazgarriak dira eta Zumetaren lanak horretarako jokoa ematen du: kolorearen erabilera, espresioa, askatasunaren erabilera... Haurrek egiteko moduko obra aukeratu zuten eta kolorearen hurbiltasuna landu.

 

3 urtekoak Jose Luis ZUMETA Izenbururik gabea

Haurraren lanak oso adierazgarriak dira eta Zumetaren lanak horretarako jokoa ematen du: kolorearen erabilera, espresioa, askatasunaren erabilera... Haurrek egiteko moduko obra aukeratu zuten eta kolorearen hurbiltasuna landu.

 

4 urtekoak Juan SUKILBIDE Garraiobideak

Maila honetan garraiobideak lantzen dira: airekoak, lurrekoak... Artelan hau haurren mundutik oso gertu dago. Haurrek teorian bazekiten zer diren garraiobideak eta zer garraio dauden. Lan honek ezagutza horri ikuspegi estetikoa gehitu zien.

 

5 urtekoak Mª Jose REKALDE Hirian

Maila honetan hiria lantzen da, eta lan honek hiriaren beste ikuspegi bat planteatzen duelako aukeratu zuten obra hau. Koadroan etxeak daude, jendea dago... collage bat da, eta azken finean, hiri bat ere hori da, collage bat.

 

LHko 1. maila Jesus Maria BEA Vicky

Koadroan hauxe ikusten da: haur batek marraztutako Vicky bikingoaren irudi bat. Hor zegoen erakargarritasuna, eta haur guztiek ikusi zuten irudi hori.

 

LHko 2. maila Jose Ramon AMONDARAIN Izenbururik gabea

Obra honetan margolari bat ikusten da eta margolari izateak zer esan nahi duen hausnartzeko baliatu zuten: nolakoa den margolariaren lanbidea, zer elementu dituen margolari batek; bihotza, paleta, eskua... eskua zikindu daitekeela, alkandora zikina daukala...

 

LHko 3. maila Nestor BASTERRETXEA Hiri zuria

Artistak hiria zuria ikusten du, eta haurrek koloreak sartu zituzten. Helduek eta haurrek ez dute berdin ikusten ez hiria eta ez mundua. Haurren sentimenduak eta ikuspegia ederki islatu ziren.

 

LHko 4. maila Juan GORRITI Oteizaren omenez

Juan Gorriti Jorge Oteizarengana joaten zenean honek hala esaten omen zion berarekin egoten zen Begoñari:- Begoña, atera itzazu aulki batzuk hauentzat.Eta Begoñaren erantzuna beti bera izaten omen zen:- Baina, Jorge, bi baino ez dauzkagu-eta: zu eserita zauden hori eta ni eserita nagoen hau!Horregatik, Gorritik “ezinezko aulkiak” deitu zien eta 13 egin zituen, Oteizaren Arantzazuko apostoluak bezala.Gelan eta erakusketan bi eduki zituzten, eta ikasleek hainbat material birziklatuz egin zituzten aulkiak. Joko handia eman zuen obra izan zen, eta Gorritiren barruko haurra bizirik dagoela ikusi zen.

 

LHko 5. maila Francis BARTOLOZZI Sarasate pasealekuan

Emakume sentikorra izan zen eta haurren marrazteko modua eta mundu plastikoa eraman zituen bere mihiseetara. Horregatik, proiektu honetarako egokia iruditu zitzaien.

 

LHko 6. maila Florencio ALONSO AW50 Erdigune ikusezina

Obrarik abstraktuena eta zailena. Lanaren konplexutasunagatik aukeratu zuten.

DBHko 1. maila Jose Ramon ANDA Romeo eta Julieta

Pieza kuriosoa da eta izena Oteizak jarria da. Anda bere etxeko ateetako heldulekuak egiten ari omen zen eta Oteizak ikusi zuenean, “Ai... ze polita, Romeo eta Julieta” esan omen zuen. Orduan eskultura moduan geratu zen eta izen hori jarri zion. Adin honetan, nerabezaroaren hasieran, lehenengo maitasun istorioak hasten dituzte gazteek eta oso iradokitzailea iruditu zitzaien eskultura hau, gazteek zer ikusten zuten adierazteko.

 

DBHko 2. maila Faustino AIZKORBE Makla

Nafarroan oso ezaguna den eskultore honek makla bat planteatzen du joko moduan: hirukiekin egindako zatiekin hexagono bat egin zuen. Modulu batzuk uztartuz eta konbinatuz, beste irudi geometriko batzuk atera daitezke. Adin honetan izugarrizko jokoa eman zuen; interpretazio asko egon ziren, originalarekiko oso desberdinak. Elaborazio prozesua oso aberatsa izan zen.

 

DBHko 3. maila Antonio ESLAVA Divina Comediako infernuaren XXII. kapitulua

Literaturako eskolan pasarte hori irakurri dute, deabrua eta infernua agertzen direna. Mundu hori oso gertu dago nerabeengandik eta bi ikuspegi ikusi dituzte: idatzitako artea eta arte plastikoa.

 

DBHko 4. maila Dora SALAZAR Gainean hegan egin

Egiteko nahiko konplexua den obra da. Eskultura ikaro bat da eta hegan egiteko prest dago. Nerabeek askatasun gogoa izaten dute adin honetan, eta euren psikologiatik hurbil dago. Horrez gain, adin honetan gai dira alanbrearekin lan egiteko..