Denon zeregina

2006-10-02
 
 

Euskararen indarberritzea askotariko pertsona, elkarte zein bestelakoen kezka iturri izan ohi da. Alabaina, ardura hori lagun hurkoaren esku uzteko jarrera ere egon ohi da bazterretan. Hainbatetan, irakasleen zeregina euskara ondo erakustea dela eta haur eta gazteen artean erabilera sustatzea, berriz, beste norbaitzuena zenbat aldiz entzun dugu gure ikastetxeetan, klaustro zein bestelakoetan? Euskara indarberritzeko askotariko jarduerak aurkeztean ez ote dugu sumatzen gure inguruan garrantzi urriko gai bati buruz ari garela eta ahalik lasterren bestelako gaietara, ustez garrantzi handiagoetara, igarotzeko gogoa, desioa, sarritan?

Fishmanek zioenez, “Ikaskuntzak, ikasbide eta ikastetxeak ez du bere lanaren jarraipen bermerik segurtatzen. Eskolatik bakarrik ezin espero liteke konponbiderik. Etxe-auzo-bizigiro multzo korapilatsu horren falta du eskolak. Hizkuntza ezin du eskolak bere kabuz eta bere eragin hutsez biziberritu”. Baina, hala izanagatik ere, gure hizkuntzaren indarberritze ahaleginean, dezakegunetik, denontzako lekua ez ezik guztion beharra dagoela azpimarratzea ere erabakigarria da.

Gauzak horrela, zer egin lezake eskolak gure hizkuntza indarberritzeko ahaleginean? Besteren artean, gela barruko jarduna hizkuntzen erabilera areagotzearekin uztartu beharko genuke, lehenbizi. Izan ere, hizkuntzak, haiek guztiak gauzak egiteko, askotariko jarduerak burutzeko baliatzen ditugun neurrian eskuratzen ditugu. Halaber, gela barruan zein kanpoan, haur eta gazteen jarreretan eta motibazioan eragitea, euskaraz jardun ahal izateko harreman-sareak eraikitzea eta sustatzea, erabilera-eremuak irabaztea eta abar jorra ditzakegun lan-ildoak dira.

Honakoak, baina, itsumustuan ezin gara litezke. Hargatik, denboran garatzeko eta eramateko moduko estrategia zehaztea komeni da, itolarria eragingo ez duena, lan iraunkor zein sistematizatua ahalbidetuko dituena eraikiz bidenabar. Inguruabar horretan, eskolan hizkuntzekiko egon litezkeen esku-hartze eremuak (ikus. koadroa) kontuan izanik, bakoitzean eragile d(ir)ena(k), bilaka lite(z)keena(k) ongi identifikatu zein lehentasunak-eta kontuan jarduerak ederto zehaztu beharko genituzke.

Esku-hartze eremuei dagokienez, bi eremu bereiz ditzakegu nagusiki; batetik, eremu pedagogikoa, ekintza pedagogikoarekin eta gela barruko elkarreragin didaktikoarekin erlazionatutako hizkuntzaren alderdiak biltzen dituena; eta bestetik, eremu instituzionala, ikastetxearen kudeaketa eta antolaketarekin ez ezik gelaz kanpoko zein inguruneko harremanarekin ere erlazionatutako hizkuntzaren alderdiak biltzen dituena.

Sail honek, iaz zein aurten, lehenago aitatutako esku-hartze eremuak kontuan, abian jar litezkeen estrategiak zein esperientziak aurkezteko saiakera eginen du. Gure xedea, beraz, ez da era isolatuan jarduerak eta esperientziak aurkeztea soil-soilik, plangintza eragingarri eta oso batean bateragarri eta aldi berean, eragile desberdinak tarteko direla, egin ditzakegun urratsez zenbait orientabide eskaintzea baizik. Ea hala den!

 

 

Eremu pedagogikoa: kurrikularra

kudeaketa pedagogikoa:

1.-Kurrikulu proiektua:

1.1.Hizkuntz arloko kurrikulu integratua.1.2. Beste arloetako kurrikuluak: hizkuntzen trataera instrumentala, globalizazioa eta abar. 2.-Egitasmo osagarriak:2.1. Euskara eta euskal kultura.2.2. Zehar lerroak. 3. Irakasleen prestakuntzaplanak: Hizkuntz hobekuntza, metodologia eta abar..

 

Interakzio didaktikoa

1.-Harremanak:

1.1. Arlo bakoitzeko harreman hizkuntza.1.2. Irakaslearen hizkuntz eredua eta hizkuntzekiko jarrera.1.3. Irakasle/ikasle arteko hizkuntz erabilera eta kalitatea.1.4. Ikasleen arteko hizkuntz erabilera eta kalitatea.2.-Baliabideak:2.1. Gelaren girotzea: horma-irudiak, kartelak, etab.2.2. Informazio iturrien eta bestelako baliabideen hizkuntza.

 

Eremu pedagogikoa: ez kurrikularra

1.-Jolasaldiak.

2.-Jantokia, garraioa, zerbitzuak.3.-Ikastorduz-kanpoko ekintzak.4.-Irakasleen arteko hizkuntz erabilera eta kalitatea.5.-Gainontzeko giza baliabideen hizkuntza.6.-Ikasleen arteko hizkuntz erabilera eta kalitatea.Ostadar ikerketa soziolinguistikoa

 

Eremu instituzionala: Eskola antolaketa

1.-Gobernu eta funtzionamendu-organoak.

2.-Ekonomia, administrazioa eta dokumentazioa.3.-Pertsonalaren hizkuntz profilak. 4.-Espazioen banaketa eta trataera.5.-Ikastetxeko errotulazio eta informazio guneak (errotulazioa, kartelak, iragarpen taulak, etab.).

 

Eremu instituzionala: Harremanak

Familia

1.-Eskola eta gurasoen arteko harremanak, irakaslea, eskola, etab.

2.-Familia barruko hizkuntz erabilera eta kalitatea.

 

Gizartea orokorrean

1.-Beste ikastetxeekiko

harremanak.2.-Herriko beste talde eta erakundeekiko harremanak.3.-Administrazioarekiko harremanak.4.-Bestelako ha-rremanak.