Busturialdeko Eskola Txikiak

2006-10-02

Azkeneko bi urteetan Busturialdeko lau eskola txikiek jaialdi bat antolatu dute udaberri aldera, hainbat helburu lortu nahian. Arteagako Montorre, Busturialdeko Ucelay, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako Ikastetxe Publikoa dira eskola txiki horiek. Gure herrietako eskolentzat garrantzitsua den ekitaldia aprobetxatuz, gizartearen aurrean hainbat asmo eta gogoeta aldarrikatu beharrean gaude.

 
 

Zaila izaten da eskolarik gabeko herri bat irudikatzea, ikastetxea herri baten arima delako. Ikastetxe horiek duten berezitasun edota ezaugarri nagusia ikasle kopuru murriztuak dituztela da. Eskola horietan ez da egoten adin bakoitzeko ikasle nahikorik gela bana izateko, eta gela bakoitzean adin desberdineko ikasleak bildu behar izaten dira. Herri txikietako eskolen kontra erabili izan diren argudio nagusiak hezkuntza kalitateari eta ekonomiari lotu izan zaizkio. Alde batetik, kalitatearen inguruan planteatzen den kezka nagusia ikasleen aniztasuna da; alegia, nola moldatu gela barruan adin desberdineko ikasleekin ikaste-prozesu egokia lortu ahal izateko. Gaur egungo eskolan, talde lanaz, pedagogia aktiboaz, balioez eta aniztasunaz hitz egiten da. Horretan oinarrituta, eskola txikia eskola modernoa da. Ikaste prozesuan aniztasun horrek aberastasuna dakar, eta ez da ikusi behar oztopo gisa edota gurasoen kezka moduan. Askotan familiak arduratuta egoten dira euren seme-alabek eskola txikietan ikasten badute, batzuen iritziz, horrek eragina izan dezakeelako etorkizunean. Horien ustez, eskola txikietan hezitako haurrek etorkizun hurbilean sozializazio gaitasun gutxi izan dezakete. Baina uste hori saihestu egin behar da, arlo horri dagokionez eskola txikiek gainerako eskolek bezalako lorpenak edukitzen baitituzte. Batzuek eskolaren kalitatea tamainaren arabera neurtzen dute, eta ez, eskolaren kalitateak ez dauka zerikusirik bere tamainarekin.

Batzuek uste dute, eskola txikietan haur gutxi elkartzeak, gerora haur horiek gizarteratzeko beharko dituzten gaitasunetan eskasia eragin dezakeela. Bada, kezka hori izan dezaketenei honako hau ohartaraz diezaiekegu: guztiz kontrako lorpenak eskuratzen direla, eskola txikietan sortzen den egoera naturalaren ondorioz. Izan ere, eskola hauetan haur helduenek hartzen dute naturalki haur txikienak zaindu, gidatu eta babesteko ardura, neba-arreba txikiagoei garai bateko senide askoko familietan ematen zitzaien arreta berberarekin. Haur txikienek, helduenen ereduak hartzen dituzte eta, haien arteko harremanak eta jokoak ahalbidetzeko erabili behar dituzten mekanismo guztiak martxan jartzeko gaitasunak sakondu eta aurrera egiteko aukera gehiago izaten dute. Eskola txikietan haur nagusienek gazteenei erakusten diete, eta gaiak azaldu behar horrek edukiak hobeto menderatzea eskatzen die ikasleei. Gainera, haurra bera non egongo da hobeto bere ikasle bizitzako lehen urteetan bere ingurunean bertan baino? Pertsona guztiontzat, eta haurrentzat gehiago, oso garrantzitsua da gertuko erreferentzien baitan garatzea bere ezagutza eta nortasuna. Beraz, ikasle asko ez izatearen desabantaila ongi baino hobeto osatzen du eguneroko ariketa hezitzaile eta aberasgarri horrek. Urte askotako esperientziak baieztatzen digunez, hamabi urterekin, hurrengo eskolara iristean, haur hauek ez dute inolako arazorik izaten lagunekin elkarbizitza oparoa gauzatzeko edo beste esparru batzuetan bizi eta hezitako haurren mailako emaitzak lortzeko.

Urteekin eskolen egoera nabarmen hobetu da, prestigioa irabazi dute eta zerbitzu berriak zabaldu dituzte. Eskoletako irakasleen artean harremanak sendotu dira, eta baita ikasleen artean ere. Komunikazio teknologia berriek aldaketa asko bideratu dituzte eskoletan. Espezializazioari eta hornikuntzari lotuta egon daitekeen kezka uxatu beharra dago. Eskola handi zein txiki, espezialista berberak daude (musika, ingelesa, hezkuntza fisikoa, aholkularia, laguntzailea, etorkinen hizkuntza indartzeko irakaslea, logopeda, heziketa bereziko irakaslea eta abar). Eta hornikuntzari dagokionez, eskola handien egoerarekin konparatuz gero, ez dago desberdintasun handirik. Eskola txikietan baliabide gutxiago dagoen arren, horiek erabiltzeko aukera gehiago ere badago; jantokiak antolatzen, garraio egokiak bilatzen, haurtzaindegiak moldatzen eta eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzen gabiltza etengabe eskola txikietan. Eskola txikietan estamentu guztien artean dagoen hurbiltasunagatik, edota hobeto esanda, arreta zuzenagatik, sortzen diren harremanengatik, haurren aniztasunari eman ahal zaion trataeragatik, erabiltzen diren didaktika aurrerakoiengatik, eta abarrengatik, eskola horiek kalitate handikoak direla esan dezakegu.

Gure ikastetxeak guztiz integraturik daude herriko bizitzan, haur, guraso eta herritarren artean harreman estuak sortuz. Horretarako, urtean zehar hainbat ekitaldi, ospakizun eta jaialdi burutzen dira: Gabonak, inauteriak, lehiaketak, proiektuak, irteerak elkarrekin, jolas kooperatiboak eta abar. Orain arte egindako bi edizioetan arrakasta izan dugunez eskolen arteko giroaren aldetik, eta eskola txikienentzat gure arteko elkarlana ezinbestekoa denez, Busturialdeko Eskola Txikietako Jaialdi garrantzitsu honen antolakuntzari irrikaz ekingo diogu, urte askotan jarraipena izan dezan. •

 

 

HAMARREKO HANDIA

Doinua: “Txepetxa”. edo “ Mutil koxkor bat”

 

Busturialdeko neska-mutilakgabiltza ikasi nahirik horretarako gure ahaleginaksarri ez daude alperrik famili giro gure artean adin guztiak nahasirik herri hauetan eskola barik ez dago zer eginik eskola txiki zabalik eta herri txikiak bizirikeskola txiki zabalik eta herri txikiak bizirik