Datorren otsailean hizkuntz ereduen legea eztabaidatuko omen da da Gasteizko Legebiltzarrean

2006-10-02

“Nire alabak 8 urte daramatza eskolan eta ez du euskaraz hitz egiten oraindik” (Luz Alba etorkin kolonbiarra).

“Euskalduntze prozesuan eskolak egiten du egin behar duena, orain, gizarteari eskatu behar zaio berea egitea” (EAEko politikoa).

 

 
 

Hizkuntz ereduak ezarri zirenean, edozein zelarik ere aukeratutako eredua (A, B edo D), 16 urterekin ikasle guztiek euskara ezagutuko zutela eta erraztasunez hitz egiteko gai izango zirela esan zen. Horrela jaso zen legean. Eta legeak ez du bere helburua bete.

Porrota nabarmena izan da. EAEko aurreko Hezkuntza Sailak egindako ebaluazioaren arabera, D ereduan ikasi dutenen artean 2/3ak soilik gainditu du hizkuntzaren ezagutza neurtzeko Europan homologatuta dagoen froga. Hau da, ALTE froga.Zer egin horren aurrean? Euskara ezagutzeko helburua betetzen ez denez, neurri zehatz eta sakonak hartu beharko liratekeela deritzogu.Herritar horien eskubideak ukatzen eta urratzen ari dira. Ikasle guztiei bermatzen zaie gaztelania ongi ezagutzea. Zergatik ez, ordea, euskara?Duela urte batzuk Urola-Kostan egindako ikerketa baten arabera, etxean euskaraz hitz eginez eta eskolan euskaraz (D eredua) ikasiz, 12 urterekin bi hizkuntzak (gaztelania eta euskara) maila beretsuan aurkitzen omen ziren erabilerari dagokionez. Eta 12 urtetik aurrera gaztelaniaren alde igotzen zen.Esan dugu, bi hizkuntzen ezagutza bermatu nahi bada, neurri sakonak hartu behar dira. Zer neurri mota baina?

1.- Legedi esparruan, euskara gaztelaniaren parean jarri. Gaur egun, Espainiako Konstituzioak gaztelania jakitera derrigortzen gaitu denok. EAEko estatutuak, berriz, euskara hizkuntz ofiziala izendatzen badu ere, ez du derrigorrez ezagutzera behartzen. Euskara eskubidezko, aukerazko hizkuntza baino ez da.

2.- Eskola hizkuntza euskara izatea. Katalunian katalana eta Galizan galiziera diren moduan.

3.- Gaztelaniaren nagusitasuna hain handia izanik (prentsa, kaleko hizkuntza nagusia, lan harremanak, instituzioak, merkatua, telebista, interneta...), esparru guztietan eragingo duen herri plangintza gauzatzea ezinbestekoa da (familia-eskola-kalea-lana-komunikabideak).

4.- Irakasle berri guztiak bi hizkuntza ofizialetan ongi trebatuak egotea. Hurrengo hamar urteetan EAEko irakasleen erdia erretiratu egingo da, eta berri ugari sartu. Goian aipatu neurriekin ez da ziurtatuko, seguruenik, bi hizkuntzen oreka. Baina neurri horiek gabe ez dela lortuko ziur gaude.Itxurakeriarik ez! Har ditzagun behar-beharrezko diren neurriak. Babes ditzagun herritarren hizkuntz eskubideak. Izan gaitezen behingoz ausartak eta koherenteak.