Kronika

2006-10-02
 
 

Patxi Larrainzar Iruñeko ikastetxean 86 haurrek egin zuten aurrematrikula D ereduan, baina 75entzako lekua besterik ez dago.

Haur horien gurasoek seme-alabak auzoan ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu dute, baina badirudi Nafarroako Gobernuak D ereduan laugarren lerroa zabaltzeko ideia baztertu duela. Oztopoak oztopo, 2006-07 ikasturtea hasi da eta hamaika haur horiek Arrotxapeako ikastetxean hasi dute ikasturtea. Gurasoen Elkarteko ezohiko bilera batean hala erabakita, elkartearen gelara eraman dituzte haurrak, zuzendariaren oniritziarekin. Orain gurasoak plangintza berri baten zain daude. Hezkuntza Saileko kideekin bilera egiten saiatu badira ere, ez dute inolako erantzunik jaso. Beraz, ez dakite zer pasako den haur talde honekin, baina espero dute ikasturtea bertan amaitu ahal izatea.

D ereduak gora egin du Euskal Herri osoan

Ipar Euskal Herriko irakaskuntzan euskararen presentzia haziz doa. Gaur egun Iparraldean dauden 145 ikastetxetatik 55etan eskaintzen dituzte ikasketak euskaraz. Horietatik 25 dira Seaskaren ikastolak, eta horietan ikasketak osorik euskaraz egiten dira. Guztira 2.263 ikaslek ikasiko dute aurten ikastoletan, pasa den urtean baino 90 gehiagok.

Seaskak Baigorrin ireki berri duen ama eskola 12 haurrekin hasi da martxan. Herriko gurasoen ekimenez eta Basaizea Baigorriko kultur elkartearen laguntzaz abiatu da. Dena den, Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena sinatu zenetik lehen aldia izango da Seaskak bertako irakaslearen eta beste irakasle postu baten kostua beregain hartzen dituela.Bestalde, eskola publikoan sei ikasgela elebidun berri ireki dira; Arbonan, Bidarten, Getarian, Amorotzan, Baionako Malygarin eta Miarritzeko Thermes Salinesen. Euskal Hazia elkarte kristauak bost postu erdi elebidun zabaldu ditu, frantses hutsekoak kenduz. Euskarazko irakaskuntzaren presentzia hazi da, beraz.Abuztuaren 30ean ekin zioten Zuberoa, Lapurdi eta Baxenafarroako ikasleek ikasturteari. Nafarroakoek, ostera, irailaren 7an eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabakoek hilaren 8an. Nafarroan guztira 87.178 ikaslek hasi dute ikasturtea, % 24,8k D ereduan. G ereduan, berriz, % 53,4 ikasle daude eta A ereduan % 21,6. Campoy kontseilariak D ereduaren igoera goranzkoa dela esan du, baina igoera nahiko txikia da.Bien bitartean, Tontxu Camposek Debako Luzaro ikastetxean eman zion ikasturteari hasiera. Aurten, “eskola inklusiboa” indartzeko berrikuntza programak abian jarriko dituela aipatu du, herri txiki eta handietako ikasle guztiei arreta ona eskaini eta bermatzeko asmoz.Ereduei dagokienez, ikasleen % 44,2 arituko da D ereduan, iaz baino % 2 gehiago. B ereduan % 23,3, aurreko urtearekin alderatuz % 1 baino gutxiago igo da. Eta azkenik, A ereduan % 22,4k ikasiko dute.

 

Estatu frantsesa irakasle kopurua jaisteko egiten ari den politika salatzeko mobilizatu dira irakasleak

Hezkuntza publikoko hainbat sindikatuk, UNSA/Hezkuntza, FERC/CGT, FSU eta SGEN/CFDTk, greba antolatu zuten baliabideen murrizketa eta gelen itxiera salatzeko. Baionako Herriko etxearen aurrean elkartu ziren, presioa egin eta baliabide gehiago lortzeko asmoz.

Urtero, ikasturte hasieran, ohikoa den errealitate honen aurkako protestak izan ohi dira. Eta, urteroko erabakien ondorioak pilatzen doaz. Estatuak 8.700 lanpostu kentzea aurreikusia du. Zentroetan ikasleak gora egiten dute, baina irakasle postu gutxiago daude. Ikasgelak beraz, beteta daude.Horrez gain, tokian tokiko errealitateak ez direla kontuan hartzen aipatu dute, eta landa guneetan are agerikoagoa dela baliabide falta. Herri hizkuntzak ez direla aintzat hartzen diote, eta ondorioz, ez dagoela elebitasuna lantzeko baliabide egokirik. Ahalmen urriko haurren kasuan ere, baliabide askorik ez dela ematen aipatu dute.Pirinio Atlantikoetako Departamenduan ikasturte honetan pasa denean baino 300 haur gehiago matrikulatu dira, eta aurreko ikasturtean baino sei irakasle gutxiago daude.Biga Bai hezkuntza publikoko gurasoen elkartea kezkaturik dago. Izan ere, alde batetik gela anitz zabaldu dituzte euskarazko lerroan, 8 postu erdi berri irekiz, baina itxi ere egin dituzte eta 6 postu erdi kendu. Horrez gain, eredu publikoan bi kezka nagusi daude. Alde batetik, herri guztietara zabaldu nahi da eredua. Irakasle eta gurasoen elkarteak eskaintza eman den herri orotan bete dela esan du, eta eskaintza hori zabaldu behar dela. Bestalde, ikasleen euskara kalitatea bermatzea nahi dute. Izan ere, ikasleen euskara maila ez da neurtzen hezkuntza publikoan. Eta irakasleena ere ez, eta kasu anitzetan ez dute ez EGA ez euskara probarik gainditu. Horregatik, ikasleen euskara maila neurtzeko tresnak sortzeko eskatzen diote EEP Euskararen Erakunde Publikoari.

 

Gazte batek A ereduan ikasi eta euskara ikasi ez zuelako jarritako salaketa atzera bota du epaile batek.

Sopelako neska gazteak bere garaian Euskara irakasgaian nota onak izan arren, oinarrizko mailarik ez zuela lortu adierazi du. Horregatik, ekainean salaketa jarri zion Hezkuntza Sailari. 10.600 euro eskatzen dizkio horrek sortu dizkion kalte-ordainengatik. Azken bi urte hauetan euskaltegira joan da oinarrizko maila lortzeko eta lan eskaintza publikoetara aurkeztu ahal izateko. Gasteizko administrazioarekiko auzi epaileak, ostera, atzera bota du argudio hori. Emaitza onak lortzeak ez duela esan nahi EGA maila lortu behar denik. “Emaitza derrigortasunik” ez dagoela adierazi du. Bestalde, Hezkuntza Sailak bere funtzioak behar bezala bete dituela esan du, eta Sopelako ikastetxe publikoak “estandarren barruan” eskaini zuela bere zerbitzua.

Eva de Miguel erizain gaztearen abokatuak dio Euskal Hezkuntzaren Legea 1993koa dela eta ordutik ebaluazio jarraia egin beharra zegoela. Izan ere, egun agerikoa dela A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen, eta D ereduak ere nekez egiten duela. Abokatuaren iritziz, kasu honetan jurisprudentziarik ez da ezarri, eta beste epai bat izan dezaketen antzeko beste salaketa batzuk etor daitezke.