Mendira! Mendira! Mendira!...

2006-10-02
 
 

“Mendira, mendira, mendira!!”, errepikatzen genion txikitan ikastolan gure maisuari. Ametsezko leiho ireki bat bezala ikusten genuen mendira joateko posibilitate hura. Mendia ihesa zen, gure ikastolako gelatik ihesaldi tinko bat. Inkotzienteki ikastolako eguneroko errutina gainditu nahiaren leiho irekia. Gelako ikasle guztiak ados jartzen ginen, eta gure asmoa maisua presionatzea zen, gehienetan ostiral arratsaldeetan. Batzuetan, oso gutxitan egia esanda, gure asmo haiek errealitate bihurtzen ziren. Orduan, ikasle guztiok, zezen bat plazaratzen den bezala, maldan gora abiatzen ginen mendiko bidea hartuz. Gertakizun haiek, lagunekin solasean, ikaragarriak ziren.

Goizeko hamarretan Tolosaldeko Alkiza herri txikira pozez abiatzear nago. Memento nahiko zaila bizitzen ari diren eskola txiki horietako batera, hain zuzen.
Esan bezala, ikasle izan nintzen urte askotan, eta oraingoan badirudi “maisu” lanak egiteko asmotan noala. Nirekin eta “irakasle” jarduteko intentzioarekin, Rikar dator baita ere.
- Kaixo guztioi, Josune ata Rikar gara. Zer moduz zaudete?
- ONGIIIIII!!!!! -erantzuten digute irrifartsu.
Beraien artean Manex gure iloba dago. 5 eta 12 urte bitarteko 13 ikasle aurrez aurre dauzkagu begirik kendu gabe.
- ETA ZUEK? -galdetzen digute.
- Oso ongi baita ere. Zuen ondoan, nola ez, beti ongi. Beno, gaur goizean zuen maisuak izango gaituzue. Ongi iruditzen al zaizue?
- BAI HORIXEEEEE!!!! -erantzuten digute.
Imajinazioa eta interesa sortu eta eragin nahian, bi motxilatzarretan geneukan guztia gelako zoruan utzi dugu: mendiko eta eskaladako tramankulu eta soka guztiak.
Maisu asko eduki izan ditut, ez bakarrik ikastolan edo geroko ikaskuntzetan. Guztiengandik beti gauza positiboak atera izan ditut. Beraz, errespetu handiz espero dut Alkizako mutil kaxkar hauei benetako solasaldi polita eskaintzea.
Badirudi “MENDIRA, MENDIRA, MENDIRA…” hitz miresgarri haiek aldarrikatu dizkietela nolabait gure 13 lagun kaxkar hauek beren irakasleei. Oraingoan Rikar eta biok, geure kondairekin, sokekin, katu-oinekin, mosketoiekin, arnesarekin, magnesio poltsekin… “mendiaren” ikuspegi pertsonala hurbildu behar diegu.
Aho zabalik, begiak finko, mugiezin daude denak. Gure kondaira barne-barnean sartzen ari zaiela dirudi. Ongi ba!
Beraien gelako leihoa oraingoan zabal-zabalik dago. Askatzen dut soka, korapilatzen dut gelako puntu finko batera eta leihotik kanpora botatzen dut. Poz handiz hartzen dute ikusten ari direna. Oraindik ez diet esan zer egin behar dugun, baina ederki ikasi dute ikaslana eta ziur dakite zer egingo duten gero. Zoratuta, ezin dute itxaron beren txanda ailegatu arte!!!
Motel, motel, leihotik kanpo “rapel” baten bitartez jaitsiz, kontatu diegun gure mendiko esperientzietatik “egungo” errealitatera bueltatzeko bidea hartzen dute denek.
Nik ere ikasle bihurtu behar dut berriro, eskaladan edo bizitzan ez baitago beste aukerarik aurrera egiteko.