Hezkuntzak herri identitatean eta kohesioan lagundu behar du

2006-11-02

Gure hezkuntza guztiz zatituta, banatuta dago, eta batzuetan bazterketara bideratzen du.

Nola uler liteke gure herriak jasaten duen zatiketa? Egoera horrek laguntzen al du herritarren hezkuntza eskubideak bermatzen?Lagungarri al da desberdintasunak orekatzeko?

 

 
 

Hainbatetan hezkuntzak eraldatzailea izan behar duela entzun dugu, bizi dugun gizartean integratzeko balio behar duela eta herritarren desberdintasunen orekatzailea behar duela izan. Hau da, gizartea kohesionatzea dela hezkuntzaren egitekorik garrantzitsuenetakoa.

Gure hezkuntzari so egitean oso banatuta dagoela dakusagu. Lurraldearen zatiketari sareen arteko banaketa gehitzen zaio, horri hizkuntz ereduen hautaketa, kulturaren transmisio desorekatua, eskola eta unibertsitatearen arteko hesia...

Aldaketa handiak ematen ari dira munduan hainbat arlotan, eta baita arlo kulturalean ere. Etorkizunaren aberastasuna, kulturaniztasunaren globalizazioan ikusten dugu. Eta horren aldeko apustua da geurea. Zer egin dezakegu guk herri moduan? Zein izan liteke gure ekarpena?

Herri gisa hausnarketa propioa egiteko beharra ikusi zuen Nazio Garapen Biltzarreko hezkuntza batzordeak. Eta deialdi zabala egin ondoren, Euskal Herria aintzat hartzen duten hainbat pertsona elkartu izan da, urte t´erdiko hausnarketaren ondoren oinarrizko akordiora iritsi direlarik.

Orain, hain alor desberdineko (ikasle, guraso, hezitzaile, langile, eskola, aisia, unibertsitatea...) kideen artean lortu duten adostasuna gizarte osoari eskaintzen diote, herri eztabaida zabala sor dadin.

Akordioan, alde berritzaileak eskaintzen dira, besteak beste: euskal herritarren hezkuntza eskubideak eta Euskal Herriko hezkuntza publikoaren kontzeptua. Era berean, ildo horiekin bat egiten duten heziguneen artean Hezkuntza Publikoaren Elkargunea sortzea proposatzen da.

Eskertzekoa da egin den ahalegina; oso abiapuntu desberdineko eragileak, eztabaidaren bidez, oinarrizko puntu batzuk adosteko gai izan baitira.

Erakunde edo hezkuntza eragile bakoitzak izango du bere hezkuntza proiektua, baina akordioaren bertutea eta indarra sorburu desberdinak norabide berean jartzean datza.

Posible al da herri proiektuaz edo kohesioaz hitz egitea bi hizkuntz komunitate, euskara ezagutzen dutenena eta ez dutenena, sortzen baditugu?

Hitz egin al liteke normalizazioaz edota integrazioaz neska-mutil guztiek ez badute gure kultura ezagutzeko aukerarik?

Zer ekarpen egin genezake gure hezkuntza antolaketa ez badago herritarren beharretara egokitua?

Hortxe dugu eztabaida sozialerako gonbidapena. Erantzun dezagun!