Eguna edukiak irakasten pasatzen bada, nondik atera denbora haurren kezkak, sentimenduak, arazoak... lantzeko?

2006-12-02

- Maisu, nire gurasoak banatu egin dira.

- A bai?... Atera... Gizarte, 45. orrialdea.

 

 
 

Sarritan alderdi emozionalari ez zaio esplizituki arretarik jartzen, ez dago horretaz hitz egiteko lekurik. Etxean hitz egiten dutela uste izaten dugu, baina haurrak etxetik kanpora ere ordu asko pasatzen dituzte eta interes asko dituzte. Askotan zera entzuten da: “haur honek arazoak baldin baditu, joan dadila orientatzailearengana edo psikologoarengana”. Zergatik lotzen dugu alderdi emozionala beti arazoekin? Batzuetan hala izango da, arazoren bat edukiko du, baina ez beti. Besterik gabe, sentitzen denaz hitz egiteko beharra ere izan daiteke.

Badago beste kontu bat ere: edukiak eta alderdi emozionala bereiztu egiten ditugu. Badirudi horiek aparte landu behar direla eskolan, eta horregatik esaten da ez dagoela denborarik. Batzuetan hala diote irakasleek: “ezin dugu denbora guztian gauza horiekin aritu, beti asanbladak eginez, terapeutak bagina bezala”.

Ni ez naiz denbora guztian gauza horiekin egoten, nire ikastetxean denetik egiten baitute: psikomotrizitatea, margotu, asanbladak, matematikako ariketa… denetik. Behin matematikako ariketa bat egiten ari garen bitartean bat-batean neska batek hala esan zuen: “gure etxean lehen lau ginen eta orain hiru”. Hori matematika da. Nondik zetorkion matematika neska horri? Zertan ari zen pentsatzen? Hilabete zen gurasoak banandu zitzaizkiola eta negarrez hasi zen. Orduan, zer egiten duzu? Utzi eta beste profesional bat etorri zain gelditu? Nor etorriko da zure aurrean dagoen hori ukitzera? Une horretan bertan sortu da egoera, ezin diozu isilik egoteko esan eta besterik gabe aurrera jarraitu. Nahiz eta gainerako ikasleak jeloskor jarri, nik besoetan hartu nuen. Hori izan zen bururatu zitzaidan lehenengo gauza. Izan ere, ez dizu ezer pentsatzeko denborarik ematen; egin behar duzuna egiten duzu, eta gero pentsatzen duzu egokia izan den edo ez. Memento hartan hori zen behar zuena. Eta hala esan nion: “penaz zaude, baina poliki-poliki gutxituko zaizu. Gainera, askotan ikusten duzu, atzo ere bila etorri zitzaizun”. Ezin nuen askoz gehiago egin, baina ezin nion “isil zaitez” esan eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu. Zenbat denbora pasa nuen horretan? Bi minutu?

Aurrean daukagun taldea fisikaz hitz egiteko soilik baldin bada, fisikaz baino ez dugu hitz egingo. Eta nahiz eta gu gaizki sentitu edo egon, ez dugu ezer esango. Orduan, zertarako balio digu fisikak?

Alderdi emozionala oso present dago haurrengan. Eta lehen esan dudan moduan, beti ez dago arazoekin lotuta. Egun batean hala esan zidan neska batek: “ni oso gustura nago hemen”. “Pozten naiz”, erantzun nion. “Gela gustuko al duzu?”. “Ez, hau gustatzen zait!”, erantzun zidan lagun bat seinalatuz. Gainerakoa ez zitzaion axola: ez gela, ez eskola, ez ezer. Neska bat gustatzen zitzaion eta horregatik, merezi zuen han egotea. Kasu honetan ez zegoen inolako arazorik, baina entzun egin behar zitzaion neska horri; entzun eta esan: “a ze zortea zurea. Lagun on bat daukazu eta hura dagoen lekuan gustura egoten zara. Nik ere badauzkak lagunak”. Kontua da horrelako egoerak eguneroko jardunean barneratzea. Ez dute denbora tarte handia eskatzen, ez da terapia. Sentitzen duguna esaten badugu, lasaiago egongo gara. Hori da kontua.

Zergatik da garrantzitsua alderdi emozionala lantzea

Haurrek egiten dituzten komentarioak apuntatzeko ohitura daukat. Zeren gero eta garbiago daukat gelan gertatzen den orok alderdi emozionalarekin zerikusia duela. “Beheko pisua” deitzen diot alderdi emozionalari, norberaren barruan egosten den guztiari, ikaragarri gustatzen zaigun guztiari, beldurra ematen digun guztiari, segurtasun eza sortzen digun guztiari, zalantza eta desio guztiei. Iceberg-aren punta ikusten den moduan, burua ikusten zaigu guri, baina azpian hori guztia dago, askoz handiago dena eta behean dagoena. Askotan sentitzen dut taldea mugitzen duena, lan egiteko gogoa sortzen duena eta interesgarria dena beheko pisu horretatik ateratzen dela. Eta ez hainbeste ikastearen mundutik, hots, goiko pisua deitzen diodan horretatik. Ez diot meriturik kentzen ikasteari, beharrezkoa baita bizitzen jarraitzeko. Baina izan dadila beheko sustraiekin lotura duen ikasketa. Zeren lotura hori ez baldin badago, ikasteagatik ikastea da, azterketetan bezala. Behin azterketa egindakoan, ahaztu egiten da. Aitzitik, benetan desio dugulako ikasten badugu, barrutik irteten zaigulako, beste kontu bat da. Nahi dugulako ikasten dugu eta ez zaigu ahanzten. Beheko pisuari “testu emozionala” deitzen diot, benetan garrantzitsua den testua. Eta kanpokoa “pretexto” izango litzateke, aitzakia, beheko pisura jaisteko aitzakia ematen diguna.

Gure gelan aitzakia horietaz baliatzen gara beheko pisura jaisteko eta hor egosten ari dena lantzeko. Eta hori proiektuen bidez egiten dugu: izurdeak, ahotik kea botatzen duten dragoiak, hezurrak, karramarroak... Horiek “pretextoak” izango lirateke, baina testua, hau da, benetan arduratzen gaituen mapa emozionala, beste bat da. Esate baterako, izurdeak lantzen ari ginenean, gelako hiru haurren amak haurdun zeuden eta haur horiek denbora guztian horretaz ari ziren hizketan. Anai-arreba txikiagoak zituzten gainerakoak, jeloskortasun solidarioak bultzaturik, gauzak esplikatzen hasi zitzaizkien: “ikusiko duzu, jaiotzen denean, halako edo holako egingo dizu”. Mugimendu edo egoera hark hiru ikasleri eragiten zien eta horien beheko pisuan oso present zegoen anai, arreba edo ahizpa bat edukiko zutela. Baina beste askok dagoeneko bazeukaten, eta bazekiten zertaz ari ziren hizketan. Beraz, talde osoa inplikatu zen eta haurretaz hitz egiten zen bakoitzean denbora tarte bat utzi behar zen, beti baitzeukan norbaitek zerbait esateko.

Horretaz guztiaz hitz egitea eta hori ikustea ez da haurren gaiaren inguruan sortzen den elkarrizketa soil baten fruitua, ez da irakasleak esandakoa soilik. Hor azpian beste hari batzuk daude, azpian trama bat osatuz joaten da eta beheko pisuak lotzen ditu, hots, bakoitzaren arlo pertsonala.

Une hartan izurdeen proiektua ari ginen lantzen eta kanpotik begiratuta hala zirudien. Baina haurren gaiarekin zeudenek, izurdekumeei soilik begiratzen zieten. Lantzen ditugun gaien arabera, bakoitzak ildo bati edo beste bati heltzen dio, bere beheko pisuaren arabera. Eta noski, horren arabera, talde batean gauza bat ateratzen da eta beste batean beste bat. Beti ezin da udazkeneko zuhaitza egin, nahiz eta udazkena izan beti ez baita gauza bera gertatzen.

Beste batean familia batek istripu bat izan zuen eta gure gelako Emilio zegoen bertan. Bere anaiarekin eta aitarekin zihoan autoan. Ondo portatuko zirela hitz eman zioten aitari eta ez zuten ez uhalik lotu ez aulkitxoan jarri. Aitak, behingoagatik, utzi egin zien. Atzetik beste auto batek jo zituen eta seme txikienak femurra hautsi zuen. Aita lur jota zegoen, errudun sentitzen zelako. Eta baita Emilio ere, gure gelakoa, berak proposatu baitzuen lotu gabe joatea. Bere errua zela zioen. Familia oso hunkituta zegoen eta Emiliok ezin zuen margotu, erabat urduri zegoen eta etengabe hitz egiten zuen horretaz. Egoera horretan, beste haur batek proposamen natural bat egin zuen: “hobe dugu horretaz jakitea, garrantzitsua baita. Begira nola dagoen Emilio lur jota. Ikas dezagun hezurrei buruz, ea konpon daitezkeen edo ez”. Irtenbideak bilatzea proposatzen zuen. Nik proposamena babestu nuen eta botaketa egin ondoren baiezkoa atera zen. Beraz, hezurren gainean lan egiten hasi ginen, eta bide batez, Emilioren aitari autoetako aulkiez hitz egitera etortzeko esan genion. Berak proposatu zuen eta nik baiezkoa eman nion. Aulki batekin eta uhalarekin etorri zen eta hainbat azalpen eman zituen: nola lotu behar den, “behingoagatik” ez lotzeagatik zer gerta daitekeen… Beste ama bat erradiologoa zen eta hura ere etorri zen.

Gai hau lantzerakoan asko ikasi zuten hezurrei buruz, noski, baina baita beste hainbat gauza ere. Sentitzen zutena ahoz adierazteko denbora izan zuten: “niri honek beldurra ematen dit”, “nik ez dut hil nahi”, “niri pena eman dit”… Beren sentimenduak adierazteko, besteei laguntzeko eta bizitzan gertatzen diren gauza horiek ikusteko denbora eduki zuten: jaiotza, heriotza, elkar jotzea, iseka egitea, laguntzea, baztertzea, kexatzea, gezurrak esatea, lagunei molestatzea, frustrazioak gainditzea… Hori dena lantzen aritu ginen, beheko pisukoa.

Laneko proiektu guztien iturburuan norbaiten kezka, gertatzen zaiona, kuriositatea… egoten da beti, zerbait berea, bere bizitza pertsonal, afektibo eta familiarrekoa.Beste modu batera esanda, konturatzen nintzen goiko pisuko gauzak landuz, beheko pisuko gauzak ateratzen direla. Garrantzitsua da goitik behera eta behetik gora ibiltzeko gaitasuna edukitzea, hau da, ikasten ari garen horrekin malguak izatea urpean igeri egiteko aukera izan dezagun edo behean dagoen zerbaitek kezkatzen bagaitu gora ateratzeko.

 

Proiektuak egokiak dira

Modu honetara lan egiteko proiektuak oso egokiak dira. Proiektuekin lan egin gabe ere landu daiteke arlo emozionala, baina niri askoz errazagoa suertatzen zait proiektuekin. Programazio estandar bat jarraituz gero, alegia, fitxak egiten arituz gero eta zerbait emozionala ateraz gero, lantzen al da? Bai, landu daiteke, baina ez dakit zer sor daitekeen fitxak egiten arituta. Gometxa gorria goian eta berdea behean jartzen ari den haur bati ez dakit zer kezka edo sentimendu sortuko zaion. Haatik, beraiei bururatzen zaizkien gaiak lantzen baldin badira, askoz ere aukera gehiago dago arlo afektiboari lotutako kontuak ateratzeko.

Modu honetara lan eginda, bizitzan ikasten den moduan ikasten da: zerbait ikastea edo jakitea interesatzen zaigunean, mugitu egiten gara. Plater bat nola prestatu jakin nahi badugu, lagun bati galdetzen diogu, gero beste bati, esandakoa egiten dugu, gaizki ateratzen zaigu, berriro probatzen dugu, hobeto ateratzen zaigu eta egiteko modu hori hartzen dugu gogoan, idatzi eta buruz ikasi.

Eskolan modu berean egiten dugu lan, baina taldean. Eta horrek ikasketa prozesua aberastu egiten du. Irakasleak ere motibatuta ikusteak ikasleak animatu egiten ditu. Eta zer esanik ez familiek ere parte hartzen badute. Gurasoek gaia interesgarria dela ikusten badute eta semea edo alaba erabat motibatuta eta inplikatuta dagoela, beraiek ere buru-belarri sartzen dira.

Lan egiteko modu honen gakoak zera dira: bizitzan ikasten den moduan ikasten dela (zerbait nahi dugu, bilatu egiten dugu eta gero idatzi eta ikasi), baina taldean, hots, lagunen, gurasoen eta irakasleen parte-hartzearekin. Esate baterako, marrazoei buruzko proiektua ez ginen hasi curriculumak hala markatzen zuelako edo testu liburuan hori lantzen zelako. Abiapuntua haur baten kezka izan zen: itsasoan gehiago ez zuela igeri egingo esan zuen, Alacanten marrazoak zeudela jakin zuelako. Berehala zabaldu zen beldurra eta bere lagunek ere ez zirela bainatuko esan zuten. “Baina nola ezetz?” esan nien, “agian ez dira egongo marrazoak”. Nik une hartan ez nekien bazeuden edo ez. Orduan, batek horri buruzko informazioa biltzea proposatu zuen, zerbait gertukoa eta ukitzen ziona zela ikusi zuelako. Horrela, marrazoen inguruko proiektuarekin hasi ginen. Bere lagunek jarraitu egin zioten, eta ondorioz, gela osoak.

Beste batzuetan, gertatzen den zerbait izaten da proiektu bat hasteko arrazoia. Haurren gaiarekin, esate baterako, arlo asko ukitu ziren, haurren interesak ere aldatu egiten zirelako: batzuetan haurrak sabelean nola sartzen ziren zen kezka; beste batzuetan ez zuten ezer jakin nahi haurnaldiko prozesuaz, baizik eta beraiek jaioberriak zireneko edo txiki-txikiak zireneko gauzetaz hitz egin nahi izaten zuten. Beraien ondoren beste bat zetorrela ikusita, beraietaz hitz egiteko beharra sentitzen zuten. Gurasoei inkesta bat pasa genien, txikitan egiten zituzten gauzen berri jakiteko: zer bihurrikeria egiten zituzten, zer jaten zuten eta zer ez, zein musika mota gustatzen zitzaien, nolakoa zen euren gela, argazkiak eta arropak ba al zituzten... Bildutako txikitako arropak gelan zintzilikatu genituen, beraiek txikitan nolakoak ziren gogoratu nahi baitzuten. Kasu hartan, proiektuari “lehen, gu jaioberriak ginenean” izena jarri genion.

Lan egiteko puntu klabeak

Esan dudan moduan, proiektuetan lan egiteari abantailak ikusten dizkiot. Nik neuk horrela egiten dut lan, eta lan egiteko modu horren ezaugarriak honako hauetan laburbilduko lirateke:

- Autonomia: haurrari aukeratzeko, ekiteko, manipulatzeko, esperimentatzeko, aurkikuntzak egiteko, okertzeko... autonomia eman behar zaio.

- Jakin-minetik abiatu behar da, eta haurrak berezkoa du jakin-mina. Haur batek galdera bat egiten duenean, irakasleak ez dio erantzun behar, baizik eta taldean planteatu galdera. Horrela, denen jakin-mina elikatzen da.

- Irakaslearen dezentralizazioa: irakaleak ahalik eta gardenena izan behar du, haurrek bakarrik eraman ditzakete aurrera euren eztabaidak.

- Mundu emozionalaren inklusioa: beraiei sortzen zaizkien gaiak lantzea askoz ere aberatsagoa da. Garrantzitsua da arlo emozionala lantzea. •