Kronika

2007-04-02
 
 

Nafarroako Gobernuak behin betiko onartu du Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumaren proiektua, Hezkuntza Kontseiluak oniritzia eman ostean.

Ikasleen gaitasun orokorrak zehazten ditu curriculumak eta horiek garatzeari ematen dio lehentasuna. Gaitasunen artean, hauek aipatzen dira: komunikatzeko gaitasuna, matematika arlokoa, ikasleek euren inguruarekin harremanak izateko gaitasuna, informazioaren arlokoa, gaitasun soziala, kulturaren eta artearen arlokoa, ikasten ikasteko gaitasuna eta ekimen pertsonala garatzeko gaitasuna.

Gaitasunekin batera, hizkuntzak modu integratuan garatzeari ematen dio pisua curriculum berriak. Hau da, edozein hizkuntza ikasteko metodologia berbera erabiltzea, antzeko edukiak lantzea eta koordinazioa edukitzea.Edukien arloan, Nafarroako geografia, historia eta kulturaren gaineko edukiei leku berezia egiten die.

 

Nafarroako irakaskuntza publikoan akordioa sinatu dute

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Luis Campoyk eta sindikatuek irakaskuntza publikoaren kalitatearen inguruko aurreakordioa sinatu dute.

Otsailaz geroztik aritu dira negoziatzen eta denei egokitu zaie zenbait gaietan amore ematea. Ratioen kasuan, esate baterako, gobernuaren proposamenak egin du aurrera: Haur eta Lehen Hezkuntzan 25 ikasleko gelak izango dira eta DBHn 30ekoak. Sindikatuek 23koak eta 25ekoak nahi zituzten, hurrenez hurren. Lanbide Heziketaren kasuan bi aldeak bat etorri dira eta 20 ikasleko gelak izango dira.Urte sabatikoaren kasuan, irakasleek urte sabatikoa hartzeko aukera izango dute baldintzak betez gero. 55 urtetik gorako irakasleen eskola kopurua jaitsi egingo da. Lanaldi osoa duten gainerako irakasleek Haur eta Lehen Hezkuntzan 50 minutuko 22 eskola emango dituzte astean, eta DBHn 17 ordu. Horrez gain, herrialdeko lau zentrotan jardunaldi malgua jarriko da martxan datorren ikasturterako eta ondoren emaitzak aztertuko dira.Hitzarmenaren iraupena lau urtekoa izango da. Gobernuak bost urteko iraupenekoa nahi zuen eta sindikatuek hiru urtekoa, baina prest agertu dira lau urtetarako adosteko.Gobernuko zerbitzu juridikoek eta ekonomikoek eman ondoren, apirilaren hasierarako sinatuta egongo da akordioa.

 

LAB eta ELA euren kabuz euskaragatik

Hitzarmenaren negoziazio prozesuan Afapna, CCOO, CSI-CSIF, EILAS eta UGT sindikatuak elkarrekin daude, LAB eta ELA ez, ostera. Negoziazioan beraien kontutik jarraitzea erabaki zuten hitzarmenean ez delako euskararen neurririk aipatu. Azkenean bi neurri hartu dira. Batetik, ikastetxe batean behin betiko daudenek eta bost urtetik gora daramatzatenek birziklatzeko ikastaroak egin ahal izango dituzte, gehienez bi ikasturtetan. Bigarrenik, ama hizkuntza euskara ez duten D ereduko 3 urteko haurrentzat bi orduko laguntza eskolak izanen dira, betiere taldean 20 ikasletik gora baldin badaude.

 

Eskola Karta aldatzea eskatzeko manifestazioa deitu du Hiru Saretak apirilaren 7rako

Inor gutxi geratu da pozik Ipar Euskal Herrian Frantziako Hezkuntzak datorren ikasturterako prestatu duen Eskola Kartarekin. Horregatik, Hiru Saretak manifestaziorako deia egin du. Apirilaren 7an izanen da Baionan.

Seaskak, Euskal Haziak eta Biga Bai erakundeek osatzen dute Hiru Sareta, ikastolak, eskola giristinoak eta eskola publiko elebidunak ordezkatuz, hurrenez hurren. Frantziako Hezkuntzak Euskararen Erakunde Publikoan hartu zituen konpromisoak ez dituela betetzen salatu dute. Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebidunaren garapena bultzatuko zituela hitz eman zuen, baina Eskola Kartan ez da horrelakorik islatu. Aitzitik, 27 lanpostu kentzea aurreikusi du eskola publikotan. Eskola giristinoei ere ez die laguntzarik gehitu eta ikastolei zazpi lanpostu eta erdi kendu dizkie.Bestalde, Ikas-Biko lehendakari Thierry Delobelek elkartearen Biltzar Nagusian aipatu zuenez, Ipar Euskal Herrian 150 ikastetxe publiko daude eta horietatik 55 gela dira elebidunak. Guztira 32 zentro dira postu murrizketak jasango dituztenak eta horietako 25 elebidunak dira. Elkartearen iritziz, Lehen Mailako egoera “onartezina” da eta, Bigarren Hezkuntzan ere hutsune handiak daude. Ikas-Bik Paueko Akademia Ikuskaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin bilera bat egitearen premia azpimarratu du.Max Brisson EEPko lehendakariak adierazi du Kontseilu Nagusiari eta Akademia Ikuskaritzari biltzeko deia egin diela, gai honen gainean solasteko.Euskal kulturaren aldeko herri artek sindikatuek ere Eskola Karta berraztertzeko eskatu diote Akademia Ikuskaritzari. Euren iritziz, “ezin dira baliatu Frantziako Hezkuntza Ministerioaren irizpideak irakasle lanpostuak banatzerakoan. Frantzian gela bakoitzean egon daitekeen haur kopurua baliatu du Akademiak Ipar Euskal Herriko hiru hezkuntza ereduei irakasle lanpostuak murrizteko, eta erabaki hori abian jarritako hizkuntza politikaren kontra doa”.

 

Eusko Jaurlaritzak ekainerako aurreikusitako lan eskaintza publikorako deialdia mantentzea erabaki du, sindikatuek 2008rako uztea eskatu dioten arren.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.100 lanpostu eskainiko dira. Urtarriletik bildu gabe zeuden Tontxu Campos Hezkuntza sailburua eta sindikatuak eta martxoak 12an berriz bildu ziren. Camposek une honetan soilik lan eskaintza publikoari buruz hitz egitea zuen xede, baina sindikatuei ez zitzaien proposamena gustatu, lan hitzarmena oraindik adostu gabe dagoelako. ELA, LAB, EILAS eta UGT sindikatuek lan eskaintza publikoa hurrengo ikasturte arte atzeratzeko eskatu dute, langileek ez dutelako denbora izango azterketak behar bezala prestatzeko. Sindikatuek hainbat irakasleri euren egonkortasuna bermatzea nahi dute, baina ez Hezkuntza Sailak nahi duen moduan, hau da, lan eskaintza publikoaren bitartez eta azterketak eginda. 2011an Espainiko Hezkuntzako Lege Organikoa aplikatuko da eta bitartean Hezkuntza Sailak ez duela irakasleen egonkortasuna bermatu nahi salatu dute sindikatuek.

Bestalde, lan hitzarmen berria eta osoa negoziatzea ezinbestekoa berretsi dute. CCOO ez dago gainerako sindikatuekin elkartuta Mahai Sektorialean, baina horrek ere azterketak atzeratzea eskatu du.