Turingo (Italia) haur eskoletan ikasten.

2007-04-02

Haur Hezkuntzako praktikak egitera Italiara joan ziren Bilboko Eskurtze institutuko lau ikasle. Leonardo Da Vinci bekak erraztu zien aukera, eta Turingo Haur Eskoletako zuzendari Battista Quinto Borghi doktoreak ere bai, noski. Hark eman zizkien ikasleei ahalik eta baldintza hoberenetan ikasteko erraztasunak.

Han ikasitakoa, profesionalki nahiz pertsonalki, oso aberatsa izan da, eta horren lekuko dira Iratxe Etxebarriaren eta Eneritz Atutxaren ondorengo artikuluak.

 

 
 

Eneritz ATUTXA

ESKURTZE INSTITUTUKO IKASLEA

 

Hasieran hainbat kezka generamatzan gurekin, baina guztien artean bat zen nagusia: zergatik ez ote gara Reggio Emiliara joango? Ordura arte entzundako zein irakurritako guztiak bertara joatera bideratzen baikintuen. Dena dela, Turinera iritsi eta handik gutxira ahaztu genuen Reggio Emiliara joan behar hori, ikusi baikenuen Turinen geunden zentroetako hezkuntza eredutik sobera genuela ikasteko.

Behin hara heldutakoan, bakoitza asilo nido edo haur eskola desberdin batean kokatu gintuzten. Niri Turin erdialdean dagoen asilo nido Piazza Cavour suertatu zitzaidan.

Asilo nido haur eskolak 0-3 urteko haurrentzat soilik diren heinean, 3 urte betetakoan beste eskola batera joan beharra daukate haurrek, escuola elementalera.

Piazza Cavour haur eskola bi gela nagusitan dago banatuta: 4 hilabetetik urte eta erdi pasatxora arteko gela, laktanteak deritzona, eta beste gela batean adin hori eta escuola elementalera joan arteko tartea osatzen dutenena.

Eskola honetako gauzarik aipagarriena, eta oso interesgarria iruditzen zaidana, “figura de riferimento” da, hau da, atxikimendu irudia. Haurra eskolan hasi baino hamabost egun lehenago hezitzailea haren etxera joaten da (gurasoek hala nahi badute) haren familia, ingurunea, gustuko duena eta ez duena… ezagutzera, eskolatze prozesua ez dadin hain gogorra izan. Azken finean, hezitzaileak gurasoen eta eskolaren arteko zubi-lana egiten du, bera izango baita haurrarentzat erreferentziadun hezitzailea haur eskolan pasatuko dituen orduetan.

Beste alde batetik, eguneroko jardunean, hainbat ekintza eskaintzen zaizkie haurrei: irinaren eta buztinaren manipulazioa, jolas heuristikoa, urarekin jolastea, hirian zehar paseotxoak, museoetara bisitak, euripean ariketa desberdinak egitea…. Egunero hiru edo lau ekintza ematen zaizkie aukeran haurrei, eta beraiek aukeratzen dute eskaintza horretatik zertara jolastu edo zerekin gozatu nahi duten.

Jakina denez, kasu batzuetan hezitzaileak berak bideratzen du haurraren jolasa.

Alor honetan, ezin esan gabe utzi garbitasunaren gaia. Haurrak tenperarekin, buztinarekin edo irinarekin dela, sarritan zikintzen ziren. Kasu horietan, hezitzaileak, inolako arazorik gabe, haurra dutxatzen zuen eta arropak aldatzen zizkion. Horrela, bada, esan daiteke haurraren jarduna guztiz askea zela ezagutza prozesu horretan; zikintzea ez zen oztopo.

Ekintza horiez guztiez gain, eskolatik at beste hainbat aukera dituzte: ludoteka, laborategian (gai zehatz baten inguruan egiten diren ekintzak; harearekin esperimentatu, adibidez) eta liburutegietan antolatutako ekintzak. Horrekin lotuta, esan beharra dago zentro hauetan ez direla haurrentzako jarduerak soilik egiten, gurasoentzako jarduerak ere egiten dira. Guraso zein neba-arreba edota guztiek batera egin ditzaketen ekintzak izan daitezke, esate baterako, ipuinen irakurketa, haurrei zuzendutako masaje ikastaroak…

Dena dela, aipaturiko ekintza mordoa egunez egun ikusteak zeharo harritzen baninduen ere, benetako zirrara sortu zidana hezitzaileen haurrenganako arreta izan zen. Arreta esaten dudanean bere osotasunean ari naiz: hezitzaileek ez dute memento edo une bakar bat ere pasatzen uzten haurrari azalpenik eman gabe, edozein gauzak du bere zergatia, bai gatazka bat sortzen denean eta baita zoriondu behar denean ere. Ez nuen behin ere sumatu neke edo asperduraren seinalerik, ez behintzat haurren aurrean. Ikustekoak ziren haurren eta hezitzailearen arteko elkarrizketak, bai jolasean, bai eguneroko bizitzako gauzez ere: amama ez bazen gaia, egunean zehar egindako ekintzaren bat edo eskolako beste haur baten kasketaldia izan zitekeen. Haurrekin errespetu osoz jarduten zuten elkarrizketa etengabean.

Gauzak horrela, esan beharrik ez dago hemen ere horrelako hezitzaileak egongo direna, baina mementoz ez zait parean tokatu horrelakorik, ezta nire gelakideei ere. Behintzat ikasgelan eduki ditugun hainbat iritziren elkartrukean eta izandako esperientziak kontuan hartuz, ez du inork maila horretarainoko dedikaziorik aipatu.

Artikulutxo hau amaitzeko, bertako hezitzaile batek esandakoa aipatu nahi nuke: “haur bat eskolara datorrenean, motxila txiki batekin dator. Motxila txiki horretan bere bizitza laburrean bizi izandakoak ekartzen ditu, hortik ateratzen ditu bere irri eta haserreak. Guk, hezitzaileok, haur hori errespetu osoz hezi behar dugu bere ingurua kontuan hartuz. Haur bakoitzaren ibilbidean oihal bat ehuntzen dihardugu, bertan geratuko dira islaturik gainditu beharreko oztopo eta garaipenak”. Molto grazie, Cristina Bruneto.

 

Iratxe ETXEBARRIA

ESKURTZE INSTITUTUKO IKASLEA

 

Badira gauza batzuk bizitza osoan ahazten ez direnak, eta nire kasuan, horietariko bat da Turingo (Italia) Asilo Nido El Cerchion 1-3 urteko haurren gelan izandako hiru hilabeteko esperientzia. Bertara hurbiltzeko arrazoia Haur Hezkuntzako goi mailako zikloko praktikak burutzea izan zen. Eskurtze institutuak eman zigun aukera hori niri eta beste hiru kideri, Leonardo Da Vinci bekaren bidez. Bertan, sekulako bizipenak igarotzeko aukera aurkeztu zitzaigun. Inolako duda barik, hegazkina hartu eta aspaldian Italiako hiriburua izan zen Turinera hurbildu ginen.

Bertan ikusi eta ikasitakoa laburtzea ezinezkoa da, ordu arte nik bizitako esperientzia erabat desberdina zelako han bizitakoarekin alderatuta. Baina zerbaitek bereziki atentzioa eman bazidan, egiten ziren ekintzak izan ziren; eta ez lantegiak batik bat originalak zirelako (gorputzarekin margotu, yoga, urarekin esperimentatu...), baizik eta bilatzen ziren helburuek eta haur hezitzaileen arteko harreman sanoek haurraren segurtasuna eta ezagutza bilatzen zutelako.

Hasteko, haurren hezte prozesuan punturik garrantzitsuena adin desberdineko haurrak batera haztea dela esan beharra dago (1-3 urte). Horrela, zaharrenek txikienen garatze prozesua arintzen dute eta gazteenek handiengan arduratsuagoak izateko metxa eta laguntasunaren garrantzia pizten dituzte. Oinarria baldin badugu, adin desberdinekoen elkarreraginak garatze aberasgarriagoa sortzen du haurrengan, eta gu bide horretan ia-ia ikusle soil baino ez gara bihurtzen. Hezitzaileak ekintza aurrera eramateko materialak jartzen ditu eta haurrek manipulazioaren eta esperimentazioaren bitartez jorratzen dute lantegia. Hezitzaileak laguntzaren bat eman diezaieke haurrei ideia berriak emanez, baina sekula ez du esango “hau txarto eginda dago”, ez baitago eredu bat kopiatu beharrik. Haur bakoitzak bere burutapenak egiten ditu, eta guztia da posible: ez dago zikintzeko beldurrik, arropak alda daitezkeelako; egun batean haurrak ez badu gogorik ekintza bat egiteko, posible da bere kasa ibiltzea gainerakoak molestatzen ez baditu; beste ekintza bat egitera joateko aukera dago, bertan gustura ez badago. Guztia dago onartua ondokoari min ematen ez zaion bitartean eta errespetuan bizi diren artean.

Haurrak guk uste baino gauza gehiago egiteko gai dira, baina utzi egin behar zaie egiten, ahalik eta muga gutxien jarrita; erortzen bada altxatuko da, eta min hartzen badu, badaki negar egiten. Behar dutena da jakitea norbait izango dutela ondoan laguntzeko, horren beharra izanez gero. Horrek segurtasuna emango die eta trebetasun gehiago garatzeko aukera izango dute.

Zer egiteko dugu hezitzaileok honetan guztian? Bada, haurrari bere ideiak, kezkak, beharrak, sentimenduak... kanporatzen laguntzen dion pertsona izan behar dugu. Maitasun osoa ematen diogu haurrari besarkatuz, musukatuz, ondo hitz eginez eta EZ gutxi erabiliz. Zeren giza harremanek hartzen baitute protagonismo osoa, eta koloreak, zenbakiak edota ezkerra eta eskuina zein diren ikasteko astia izango dute geroago ere. Haurrak haur denean gozatzeko eta disfrutatzeko beharra eta eskubidea du.

Bukatzeko, zera esan beharra dut: Servais Eskolako (Asilo Nido “El Cechio”) hezitzaileek sendotasun osoz dioten moduan, ez dela Reggio Emilia haurrei zuzendutako proiektu berriak eta onak egiten dituen herri bakarra. Beste herri batzuek ere lan berean dihardute, haiek baino baliabide ekonomiko gutxiagorekin eta lanean jarraitzeko gogo handiarekin. Beraz, irakurleok, jakin dezazuela inoiz Cittá Di Torinora hurbilduz gero, ibilalditxo probetxagarri bat egin dezakezuela bertako edozein Asilo Nidotan eta denbora gutxian ohartuko zaretela kontatu dizuedan guztiaz.•