Sei hitz

2008-04-01
 
 
- Idatzi bi hitz. Bi hitz, nongoa zaren esateko beste.
Neskek mutilek baino letra txukunagoa dutela dio amonak. Nesken idazkera mailara heltzen den mutila ez dela parte onekoa aitonak. Ongi idazten duten mutilak ez omen dira fidatzekoak. Eta gaizki idazten duten neskak ere... Nire aiton-amonek asko dakite.
- Aitona, amona, ni. Hiru hitz, nongoa zaren esateko beste.
Omar argentinarra omen da. Nadia Errumaniarra. Ez nintzateke harrituko Oihana Bolikostako basoan sortua balitz. Amaiaren ama Txinatik etorri zela diote. Baina ez al gara jaiotzen garen herrikoak? Ezin al gara sustraitzen garen lurrekoak izan? Ama, zer da autodeterminazioa?
- Argentina, Errumania, Bolikosta, Txina. Lau hitz, nongoa zaren esateko beste.
Irakasleak dio Kepa ilargian bizi dela, Maider-en planeta bakarra futboleko baloia dela, Xabi prentsa-arrosako izarrek itsutzen dutela, eta beste guztiak satelite batzuk baizik ez garela. Tira, azken hori ez du esaten baina... Bera meteorito hutsa da. 
- Ilargia, planeta, izarra, satelitea, meteoritoa. Bost hitz, nongoa zaren esateko beste.
Lanbide bakoitzak bere idazkera omen du. Medikuek a eta o berdin idazten dituzte, horregatik da zaila farmazian lan egitea. Detektibeak oso txukunak dira, euren idazkera kodifikatua darabilten arren. Notarioak, aldiz, letra kaxkarrekoa baina zenbaki onekoa behar du, eta kirolaria, ez letra, ez zenbaki, firma errazekoa izanda nahikoa. Ez dakit nola idazten duten apaizek.
- Medikua, farmazista, detektibea, notarioa, kirolaria, apaiza. Sei hitz, nongoa zaren esateko beste.
Atzo hasi ginen idazten ikasten. Herenegun erosi zizkidan amak idazluma eta kuadro handidun orrialdeak. Sei hitz idazten dakizkit jada, eta nahikoa omen da Hendaiako ikastolakoa naizela garbi uzteko. Mundukoa izan nahi dudala esan diot amari, eta orri txuri-txuri bat jarri dit sudur puntan.
- Sei hitz, nongoa zaren esateko beste.
Idatzi dizkiot lehenengo sei hitzak. Eskerrak ez ziren zazpi. Nire lehen lerroa aldapa gora atera zait eta ez zatekeen zazpigarrenik kabituko. Bigarren aukera eskatu eta aldapa behera abiatu naiz. Kaka. Horregatik nago Hendaiako ikastolakoa izatera kondenatua. Irungoek zuzen-zuzen idazten ikasten omen dute, guk ez. Lasai egoteko, igotzen den oro jeisten dela esan dit aitak barrez. Askotan egiten du irri nik zergatik jakin gabe.
- Aita, tori orria. Sei hitz, nongoa zaren jakiteko beste.
Orria inprimagailuan sartu, sei hitz idatzi, eta bera ez Irungoa ez Hendaiakoa, PC-koa dela erantzun dit.