XIBA proiektua

2008-04-01
“Ez da aski euskara lantzea, euskaraz aritzeko bideak jarri behar dira” irakurtzen genuen ‘Goza nazazu gehiago…’ atalean, Hik Hasi aldizkariaren 108.alean. Ahalegin horretan dihardu Euskaraz Bizi, ikastoletako hizkuntz normalizaziorako proiektuak, sorrera-sorreratik. Bertan, eremu ez-curricularrean esku-hartzeko estrategia eta egitasmoak bideratzen dira eta, batez ere, era askotarikoak diren ekimenei koherentzia eta kohesioa ematea da arduradunen helburu nagusia. Xiba proiektua ez da aparteko proiektua; bai, ordea,  euskal curriculumaren baitan, usadiozko euskal kirol eta jolasen sena iraunarazi nahi duen egitasmoa eta, guztiaren gainetik, aisialdi garaian gaztetxoen hizkuntz portaeran eragiteko egitasmoa; harreman ludikoetan euskaraz aritzeko aukera eskura jartzen duena, alegia.
Gaztetxoen eta gazteen aisialdirako ekimenak antolatuz, euskarak esparru hori ere irabaziko du, baldin eta taxuz eta sistematikoki aritzen asmatzen badugu. Egiteko horixe betetzen du Xiba proiektuak.
KRISTINA BOAN ETA HELENA BARAIBAR. IKASTOLEN ELKARTEA
 
 
Euskal joko eta jolasen transmisioa bermatzea, geure kultura bizitzea eta euskara bultzatzea dira Xiba proiektuaren helburu nagusiak, eta ongi pasatuz eta jolasen bidez lortzen dituzte helburu horiek.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren proiektua da Xiba eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabaltzen da. Hasieran, lurraldeko federazioek “Ikaspilota” izeneko eta euskal pilotan oinarritutako ekimena jarri zuten martxan, eta geroago, esparru hori zabaldu, eta euskal jolas eta jokoak lantzea erabaki zuten. Mikel Egibarrek indar handia eman dio proiektuari, teorizazio sakona eginez, proiektuko zimenduak finkatu ditu. Haren lankideek azpimarratu nahi izan dute 18/98 auzia dela eta espetxean dagoen arren, han ere lanean jarraitzen duela Xiba proiektuaren inguruan, curriculumerako ekarpenak landuz, besteak beste. Izan ere, proiektua aurrera eramateko hainbat arlo lantzen dituzte; ikerketaren arloan, euskal curriculuma lantzen dute, ikasmaterialak sortzen dituzte eta kontzeptuen lanketan ere ari dira. Horrez gain, irakasleei prestakuntza eskaintzen diete.
Guztira, 15 lagun ari dira lanean ekimen horretan eta guk, Eñaut Telleriarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Eñautek esan digunez, Xiba proiektua eskola orduetan eta eskolaz kanpoko orduetan landu daiteke: “Aisialdiari begira, 16 urtetik gorakoentzat herri arteko Xiba jaialdiak antolatzen ditugu. Lehendabizi sei jaialdi antolatzen ditugu Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Lapurdin, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Horietan edozein herrik har dezake parte eta taldeak, sei neskak eta sei mutilek osatzen dituzte. Hainbat joko eta jolas egiten dituzte eta puntu gehien lortzen dituztenek Euskal Herriko azken jaialdian hartzen dute parte. Iaz Idauze-Mendin, Zuberoan izan zen. Jaialdi polita izaten da, lehia egoten da, baina jai-giroa da nagusi eta egun osoko festa izaten da.” Apirilean bertan hasiko dira Xiba herri arteko jaialdiak.
Euskal jolas eta jokoak eskolan
Xibak Gorputz Heziketari buruzko ikuspuntu zehatza du, bestelako eredua proposatzen dute, eta oinarri teoriko hori bera jaso dute euskal curriculumean egin duten ekarpenean. Euskal curriculuma da, hain zuzen ere, Xibaren zutabe nagusia. “Gorputz Heziketa korrika saio bat egin eta izerdi pixka bat botatzea baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu, aukera gehiago ematen dituela eta, adibidez, haurra emozionalki nola dagoen jakiteko ere balio dezakeela. Ikuspuntu hori zabaltzeko baliatzen ditugu irakasleei eskaintzen dizkiegun prestakuntza saioak eta ikasleekin egiten ditugun jaialdiak”, esan digu Eñautek. 
DBHrako gainera, Gorputz Heziketarako programazio osoa dute; unitate didaktikoak, saioak... “Urte osorako programazioa da eta helburu zehatzak ezartzen ditu. Hainbat gai lantzen ditugu: neguarekin lotuz elurretako jarduerak, udarekin lotuz plaza dantzak, inauteriekin lotuz antzerkia eta dantza batzuk… Aurrerantzean hori guztia web orri batean argitaratzeko asmoa dugu, irakasleek materiala eskura izan dezaten”, aipatu du Eñautek.
Jaialdiei dagokienez, ikasleekin Xiba jaialdiak antolatzen eta dinamizatzen dituzte. Lurralde bakoitzak bere jaialdiak ditu, Gipuzkoan adibidez, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetatik hasi eta unibertsitateraino zabaltzen dute eskaintza, baina orokorrean, horrela antolatzen dituzte:
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailatan euskal jolas eta jokoak egiten dituzte. Ikasleak herriko plazan elkartzen dituzte eta adinari egokitutako hainbat jolas egiten dituzte: sagar biltzea, zaku-karrera, sokasaltoa…
Lehen Hezkuntzako 5. mailan, lehen ‘Ikaspilota’ zenari eutsi eta, pilota lantzen dute. Herriko pilotalekuan elkartzen dira eta hainbat jolas egiten dituzte. Helburua, pilotarekin lotutako jolasak ezagutzea eta pilotarekin gozatzea da.
Lehen Hezkuntzako 6. mailan bote luzea egiten dute. Gaur egun dauden pilota era guztien jatorria da bote luzea, taldeka jokatzen da eta hori berreskuratzeko lanean ari dira. Aurten gai horri buruzko CD-roma atera dute hainbat alderdi jasoz: historia, bilakaera, jokatzeko lekuak, hainbat jolas pedagogiko…
DBHn, euskal jolas eta jokoak lantzen dituzte eta DBHko 1. eta 2. mailan, sailkatu direnekin jaialdia egiten dute Senperen, Herri Urrats egunean. 
Hori guztia eta gehiago...
Jaialdi horiez gain, beste hainbat jarduera ere eskaintzen ditu Xibak. Gipuzkoako Herri-kirol Federazioarekin duten hitzarmenaren ondorioz, esaterako, ikastetxeetan Gorputz Heziketako saioak ematen dituzte. Saio horiek herri-kirolen gaineko interesa eta motibazioa piztea dute helburu. Bizkaian, Bilboko udalarekin ere eskuz-esku ari dira herri kirolak lantzen eta Seaskako ikastoletan ere, Lehen Hezkuntzan pilota eta euskal joko eta jolasen inguruko saioak eskaintzen dituzte. Araban, berriz, Arabako Foru Aldundiarekin duten hitzarmenaren ondorioz pilota lantzen dute. Arraunari buruzko jarduera ere eskaintzen dute; prestakuntza teorikoa ematen dute eta ondoren, arraunean aritzen dira ikasleekin batera.
Ikastetxeentzat elurretara irteerak ere eskaintzen dituzte begirale euskaldunekin. Bidarrain lehorreko egonaldia, Zuhatzan ur jardueren inguruko egonaldia eta, Bernedon eta Lekeition, berriz, pilota udalekuak egiten dituzte. Bardeetako bizikleta irteera ere eskaintzen dute. Eta ikastetxeetan jaialdiak antolatu nahi badituzte, horretarako ere laguntza eskaintzen dute, materiala utziz, jolas eta joko horiek dinamizatuz…
Horrez gain, aisialdiko eskola kirolaren esparrurako ere, eredu berritzailea proposatzen dute. Euskal Herri osorako eredua, hezitzailea, euskalduna, osasuntsua, partehartzailea, parekidea eta euskal kulturarekin bat egiten duena. Ez baitute uste gaur egungo ereduak, helburu horiek betetzen dituenik.
Bestalde, Naziomintegia eta Foroa dituzte. Bi gune horiek, Xiba proiektua aberasteko, gai zehatzen inguruko eztabaidaguneak dira. Naziomintegia irakasle eta hezkuntza arloan ari diren laguntzaile eta langileekin burutzen dute Altsasun. Foroa, euskal jolas, joko eta kirolen inguruko hainbat eragilerekin osatzen dute.