Gutxien espero duzunean…

2008-11-01
 
 
Bai, betidanik izan dut oroimen txarra eta hortaz, urriak dira haurtzaroaz ditudan oroitzapenak… are gutxiago eskolari lotutakoak. Hala ere, gogoan dut klaseko argiena ez nintzela ni. Argalena bai akaso, gaizki elikaturiko neska baten itxura bainuen. Ahoa nabarmena nuen, begiak eta sudurra galantak, eta jakina, horiek aurpegi estu hartan kokatzean, sudurrak berebiziko protagonismoa hartzen zuen. Ez sudurrak soilik, baita usaimenak ere. Gogoan dut jendea usaindu nahian edonoren atzetik ibiltzen nintzela, eta oraindik ere, sudurzuloetan gordeak ditut eskolako usainak. Beldurrak sorrarazten duen izerdiaren usaina (irakasleek beldurtu egiten ninduten), mojen usain garratza, edota komun haiek aireratzen zuten gernu eta borragoma usain hura. Usaimen arazo horiek markatu zuten nolabait nire haurtzaroa, baita nire egunerokotasuna ere.
Urteak pasatu ziren eta nerabezarora heldu nintzenean ez nuen artean koadrilarik. Horrela iritsi nintzen garai hartako Batxilergoko 4.mailara. Gogoan dut klasera irakasle berri bat iritsi zeneko eguna. Gainontzeko irakasleak baino gazteagoa zen. Ezberdina. Arbelera hurbildu eta bere burua aurkeztu zuen. Hegoaldetik zetorren, ez dakit zehatz-mehatz nondik, eta bere izena arbelean idatzi zuen: AGAPITO. Barrez lehertu ginen izen hura irakurtzean. Hala ere, gizon horrek asko lagundu zidan. Nire arazoetaz jabetu eta niri bost minutu eskaini ostean, zortzi urtetan inork ezin izan zuena ulertarazi zidan. Zein garrantzitsua den gauzak ikuspuntu ezberdinetatik azaltzea, izan ere, denok ez baitugu bizitza modu berean ikusten.
Urte hartan grebak eguneroko ogi bihurtu ziren, lehenengo ikasleek eta geroago, irakasleek bultzatutakoak. Klasean edozein jolas zitzaigun baliagarri: “zaldi” saltoa, xakea, karta jokoak... Urte hartan ohartu nintzen jolastea zeinen gustuko nuen, eta jolasak eguneroko bizitzan duen garrantziaz konturatzen lagundu zidan. Klasekideok ez genuen ikasle on talde bat osatzen, baina harmoniarik ez zitzaigun falta ongi pasatzeko. Hala, greba egun batean, Ordiziako igerilekura joateko plana egin genuen. Nik ez nuen bainujantzirik, hori banekien, baina nola edo hala zerbait egin behar nuen. Armairuetan begira hasi eta nire ahizpa zaharrenaren bikini bat aurkitu nuen. Zaharra zen, lore gorri handi batzuekin. Beheko aldean belaunetarainoko galtza moduko batzuk zituen, eta goiko aldean, aldiz, bularrak ondo markatzen zituen kazola itxurako sujetadorea. Horrela sartu nintzen igerilekura. Ikaskideek, hasiera batean, harrituta begiratu zidaten, baina ez ninduten inola ere lotsarazi. Urte hartan, talde baten partaide nintzela sentitu nuen. Horixe nahi nuen, eta halaxe sentitu nuen. Eta gaur ere talde baten parte naizela sentitzen dut. Horregatik, urte hura sozialki oso emankorra izan zen niretzat.