Elikadura ohitura osasungarriak hartzeak garrantzi handia du
Gero eta gehiago dira haur eta gaztetxoen artean gainpisua dutenak, eta baita argal egoteko jateari uko egiten diotenak ere. Presaka bizi gara eta horrek ez die gure sabelari eta gorputzari mesederik egiten. Askotan jotzen da aurrez prestatutako jakietara, eta jolastokietan eta parkeetan betiko ogitartekoak bollicaoei, phoskitosei eta gusanitoei pasatu die lekukoa. Horren aurrean, bestelako ohitura osasungarriak izateaz gain (ariketa fisikoa egitea, kasu), beharrezkoa da haur eta gazteak elikadura ohitura osasungarrietan haztea eta heztea.
Gipuzkoan berriki egindako ikerketa batek, Kilogip izenekoak, esaterako, 8 eta 15 urte bitarteko ikasleen bostetik batek gehiegizko pisua edo obesitatea duela dio. Arazoak eragin handiagoa du mutilengan neskengan baino (% 21 eta % 17,3, hurrenez hurren). Era berean, hamar ikasletik bederatzik ez dute behar adina frutarik eta barazkirik kontsumitzen eta haragi, arraultza eta gozo gehiegi jaten dute, baina ez dute beharrezkoa den arrain eta esneki kopururik hartzen. Gainera, adituek egunean bost otordu egitea gomendatzen duten arren, haurrek eta gazteek lau egiten dituzte normalean, hamaiketakorik ez baitute egiten askok eta askok. Barazkiak eta frutak izaten dira, bestalde, haurrek eta gazteek gutxien jaten dituzten elikagaiak.
Datuak kezkatzekoak dira, eta ezinbestekoa da, haurrei eta gazteei denetarik eta egoki jateak duen garrantzia jakinaraztea. Horretarako, beharrezkoa da elikaduraren gaineko heziketa egitea. Etxean eta eskolan elikadura orekatua izateak duen garrantzia transmititzea beharrezkoa da. Ikasgelak elikaduraren gaineko heziketa lantzeko leku egokiak izan daitezke, eta baita ikastetxeetako jangelak ere, ikasle askok bertan bazkaltzen baitute egunero.
Horrez gain, gero eta gehiago dira elikadura osasungarria bultzatzeko programak jarraitzen dituzten ikastetxeak. Horren adibide da, esaterako, Bihotz Bizi elkarteak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleei gosari osasungarriak egiten irakasteko abian jarri duen ekimena. Zazpigarren urtez abiatu dute aurten, eta hainbat ikaslek egoki gosaltzeko jarraibideak ikasiko dituzte. Elkarte horren arabera, hamar minutu nahikoa dira egoki gosaltzeko eta bost elikagai hartu behar dira: laboreak edo ogia, fruta edo zukua, esnekia edo esnekiren bat, proteinak eta oliba olioa. Astean bitan, berriz, txokolatea, marmelada edo kakaoa jan daitezke.
Jarraibide errazak dira, eta haurrak eta gazteak pixkanaka-pixkanaka ohiturak aldatzen joatea da helburua, guztiak osasuntsu egon daitezen.
Arantza Lorenzo: “Elikadura arloko heziketa ezinbestekoa dela uste dut”
Arantza Lorenzo dietista da, baina eskoletan ere aritzen da lanean, heziketa berezian, eta haur horiekin jangelan egotea egokitu zaionez, gertutik ezagutzen du Euskal Herriko ikastetxeetako jangelen funtzionamendua. Orain arte ikusi duena, ez du oso gustuko, izan ere, ez du uste jangelek, orohar, elikadura osasungarriaren ezaugarriak jarraitzen dituztenik. Elikadura osasungarriaren garrantziaz mintzatu gara Arantza Lorenzorekin, haren ustez ez diogu gaiari behar den seriotasunez heltzen, eta elikaduraren gaineko heziketa behar dela dio.
Elikadura osasungarria izatea garratzitsua da. Askotan hitz egiten da horri buruz, baina zer behar du elikadurak benetan osasungarria izan dadin?
Elikadura osasungarriaren inguruan teoria asko dago, baina ni zientifikoki onartuta dagoen horretan oinarritzen naiz. Zientifikoki frogatu da, elikadurak hiru baldintza bete behar dituela: lehenik, pertsonaren energia beharrak ase behar ditu; bigarrenik, energia hori modu orekatuan eskuratu behar dugu. Energia horren erdia, % 50 eta % 55 artean, karbohidratoek eskaini behar dute (ogia, pasta, arroza, zerealak, patatak…); horiek izan behar dira nagusi gure dietan. % 25-30 koipeetatik eskuratu behar dugu; badira koipe onak (barazki jatorrikoak direnak: oliba olioa, ekilore olioa, fruitu lehorretan dagoena, eta arrainak duena) eta kaltegarriak (animali jatorrikoak, eta koko eta palma olioak). Energiaren % 15 proteinetatik eskuratu behar dugu; proteinak, animali jatorriko produktu guztietan eta lekaleetan daude. Azkenik, hirugarren baldintza litzateke, mineral, bitamina eta zuntz beharrak ase behar ditugula. Zuntzak, gure gorputza garbitzen du. Bitaminak eta mineralak hainbat elikagaitan topa daitezke, bereziki, frutan eta barazkietan. Horiek ez dute energiarik ematen; bitaminek gorputza erregulatzen dute eta mineralek gure gorputza osatzen dute. Arazoa da, gure dietak askotan behar duguna baino energia gehiago duela, koipe eta azukre gehiegi, eta mineral eta bitamina gutxi. Desoreka hor legoke.
Horiek baldintza teorikoak dira, eta praktikan, nola jan beharko genuke?
Kopuruak pertsona bakoitzaren arabera zehaztu behar dira, egiten den kirolaren arabera edo norbere gorputzaren konstituzioaren arabera… Dena dela, ogia egunero jan behar da, gutxienez barra laurdena, zerealak ere egunero jan behar ditugu, patata ere bai eta baita olioa, frutak eta barazkiak ere. Haragia, arraina eta arraultza, berriz, bakoitza astean hiruzpalau aldiz. Gozoak oso tarteka jan beharko genituzke, haur eta gazteen kasuan astean behin, eta helduen kasuan, hobe ospakizunetara mugatuko bagenitu. Fruitu lehorrak ere onak dira, tarteka, adibidez, haurrei askarian jartzeko. Hestebeteak, askarian, astean gehienez lautan jarriko nituzke nik, eta gainerako egunetan gazta, txokolatea, irasagarra, latako hegaluzea edo antxoak…
Esaten ari zaren hori guztia eskolan ez da irakasten askotan. Informazio hori ikasleei helarazteko beharrik ikusten al duzu?
Bai. Behar izugarria ikusten dut, eta uste dut, bereziki, gurasoei helarazi behar zaiela. Ikasle batzuk txikiak dira oraindik zenbait gauza ulertzeko eta, gainera, etxean beste zerbait ikusten badute, hori jarraitzen dute. Gurasoei elikadura orekatuaren eta osasungarriaren oinarriak zein diren azaltzea oso garrantzitsua da. Gaur egun asko dira jangelan geratzen diren haurrak eta beharrezkoa da gurasoek zer bazkaldu duten jakitea, zer afaldu behar duten jakiteko. Askotan, haragia bazkaltzen dute, eta gero etxean, afaltzeko, haragia jaten dute berriz; hori ez da egokia. Gurasoek adi egon behar dutela uste dut.
Zer ikasi beharko lukete ikasleek elikadurari dagokionez? Zer jarraibide eman beharko litzaizkieke euren elikadurarekin konpromisoa hartzeko?
Nik uste dut, oinarrian, elikadura orekatuaren kontzeptu teorikoa ikasi beharko luketela. Karbohidratoak, proteinak… zer janaritan dauden jakin beharko lukete eta janari bakoitzaren osagarriak ezagutu beharko lituzkete, dieta antolatzen ikasteko. Adibidez, lekaleak jaten ditugun egunean, aurretik entsalada bat, zopa edo barazki plater bat jatea komeni dela jakitea, eta gauean konbinatzeko errazena arraina dela. Egun berean arraina eta haragia konbinatzen baditugu, proteina maila asko desorekatzen da, proteina gehiegi eta karbohidrato gutxiegi direlako… Ez dugu ohiturarik, eta jendeari zaila egiten zaio aldatzea, baina konbinazio batzuk ikastea, janari bakoitzaren osagaiak zein diren jakitea eta bakoitzak zer funtzio betetzen duen jakitea besterik ez da.
Gero eta gehiago jotzen du jendeak, ordea, jaki prestatuetara. Eta eskolan ohitura onak irakatsi arren litekeena da etxean gero horrelakorik ez jarraitzea…
Bai. Nik uste dut egia dela presaka bizi garela, eta sukaldaritzak denbora behar duela, baina, askotan, praktika falta besteriik ez da. Sukaldaritzak ez du hainbeste eskatzen, prestatzeko ohitura falta izaten da, sarritan. Dieta planifikatzea garrantzitsua da, hilabeteko plangintza egitea, beti ere malgutasunez, eta antolatuz gero, ez da hain zaila.
Eta hamaiketakoaren eta askariaren poltsan ere, gero eta bollicao gehiago ikusten da, betiko ogitartekoaren kaltetan.
Bai. Ni horrekin beldurtatuta nago. Eskoletan eta parkeetan haur asko ikusten dira egunero litxarreriak jaten, gusanitoak direla, bollicaoak direla… Eta ogitartekoa prestatzea ez da lana, sarritan, haurrarekin negoziatzeko alferkeria besterik ez da. Haurrak bollicaoa eskatzen dizu, eta eztabaidarik ez izateko, eman egiten diozu. Ogitartekoa prestatzeko, ogia zabaldu eta zerbait sartzea nahikoa da; hezteak, ordea, lana eskatzen du eta eztabaidarik ez izateko eta arazorik ez izateko, jende askok errazenera jotzen du. Lehengoan ere ama batek esaten zidan semea edo alaba zerbait eskatu eta eskatu ari zela, eta denbora gutxira ikusi nuen azkenean erosi egin ziola. Hor lana dago, eta borrokatu egin behar da.
Gozokiena etengabeko borroka da haurrekin, eta debekatzea ez da ona. Nola jokatu beharko litzateke?
Negoziatzea eta kalteak erakustea da onena, batez ere gozoki eta gominolekin. Hortzentzat oso kaltegarriak dira eta gorputzerako ere bai. Lehengoan alaba etorri zitzaidan haur batek hortz marroiak dituela esanaz, eta egia da, ustelduta ditu, gozoki gehiegi jaten duelako. Hortik hasita irakats dezakegu kalteak eragiten dituztela. Debekatu ez, baina asteburuetara mugatu, adibidez, diru kopuru bat jarri eta horrekin zerbait erosteko. Oreka bilatu behar da.
Haurren obesitate kasuek ere, gora egin dute azkenaldian. Ikusten al duzu horrelakorik?
Bai. Nik uste dut hazten ari direla eta arazo nagusia gozoak eta elikadurari buruzko oinarri batzuen ezagutza falta direla. Eskoletan bi muturrak ikusten ditugu maiz: obesitatea alde batetik, eta gehiegi argaltzera eramaten duten elikadura nahasteak, bestetik. Elikadura arloko heziketa ezinbestekoa dela uste dut.
Ibarrako Uzturpe ikastolako jangela. Bertako produktuak eta bertan eginak
Jangelari arreta berezia eskaintzen diote Ibarrako Uzturpe ikastolan. Garai batean, kanpoan egindako janaria ematen zieten ikasleei, baina, gaur egun, ikastolak sukaldari propioa du, eta bertan prestatzen dute eguneroko bazkaria. Bertako produktuak erabiltzen dituzte, barazkiak ikastola ondoko baserritarrari erosten dizkiote eta erosketak herrian egiten dituzte. Elikadura orekatua eskaintzen saiatzen dira, eta ikasleek, menu batzuekin harrituta geratzen diren arren, gustura bazkaltzen dute jangelan.
300 ikasle inguru ditu Ibarrako Uzturpe ikastolak, eta horietatik herena geratzen da, gutxi gorabehera, jangelan. Ikastola asko handitu da azken bost urteetan, linea bakarra izatetik, bi linea izatera pasa ziren, eta horrekin batera, nabarmen handitu zen jangelan gelditzen diren haur kopurua. Zenbait urtetan, osasun proiektua prestatu, eta elikadurari arreta berezia eskaini izan diote, eta bizikidetza proiektuarekin lotuta, jangelako giroa zaindu beharra zegoelaz ohartu ziren. Izan ere, Uzturpe ikastolan jangelak lotura zuzena du ikastolako gainerako ekintzekin.
Jangela handitzeak, zenbait aldaketa egiteko aitzakia eman zien eta lehen aldaketa, bazkaria bertan prestatzea izan zen, Ines Oria irakasle eta jangelako koordinatzaileak esan digunez: “Lehen janaria kanpotik ekartzen genuen, baina duela bost urte bertan prestatzen hasi ginen, ez baikeunden gustura ordura arte izandako esperientziarekin. D’elikatuz zentroarekin jarri ginen harremanetan jangelako zerbitzua hobetzeko, eta haiek informazio saioak eta hitzaldiak antolatu zituzten. Laguntza handia eskaini digute, eta baita ziurtasuna ere. Dietista baten aholkularitzapean hasi ginen, eta eta sukaldariaren aholkuak ere kontuan hartzen ditugu. Urtero egiten ditu proposamenak. Adibidez, iaz, animalien proteinarik gabeko eguna sartzen hasi ginen, hau da, arrainik eta haragirik gabeko eguna. Aurten, helburua, barazkiak ugaritzea da, ez soilik porrua eta lekak jatea. Haurrekin kosta egiten da hori, baina mota askotako barazkiak jatea nahi genuke, eta entsaladak sartzen hasi gara”. Uzturpeko jangelan, kalitatezko janaria ematen diete ikasleei eta osasuna zainduz aritzen dira, baina, horrez gain, bertako giroa azpimarratu du Inesek: “Jangelak gune atsegina izan behar du, lasaia. Jangela guztietan zarata handia izaten da, eta hemen ere builaka hitz egiten dute, baina gurean, orohar, giro ona dago. Horrek ere garrantzi handia du”.
Eguneko barazkiak ikastola ondoan dagoen baserritik eramaten dituzte jangelara, bertako produktuak eta garaian garaikoak erabiltzen saiatzen baitira. Jangelan jarraitzen duten eskema hau da: astean hirutan haragia dago (egun batean gorria, eta bi egunetan txuria), egun batean arraina eta bosgarren egunean, ez arrainik ezta haragirik ere. Egun horretan, entsalada eta arroza, edota barazkiak eta makarroiak jaten dituzte, adibidez. “Haurrei kosta egin zitzaien haragirik eta arrainik gabeko egun horretara ohitzea. Etxe askotan ez dago horrelako ohiturarik eta oraindik “Baina, biak?” moduko galderak entzuten ditugu. Izan ere, barazkiak eta ondoren garbantzuak jatea, lehenengo bi plater jatea iruditzen zaie. Baina ongi eta gustura jaten dute”, esan digu Inesek. Postrea, berriz, jogurta, fruta eta bertan prestatutakoak izaten dira.
Gurasoei ez diete esaten haurrek jan dutenaren arabera zer afaldu beharko luketen, baina sei urtez azpiko seme-alabak dituzten gurasoei, egunero bidaltzen diete zer moduz bazkaldu duten dioen informazio orria, eta hilero menuen koadroa bidaltzen diete etxera. Aurten, hezitzaileekin, ikasleekin eta gurasoekin jangelaren inguruko bilerak egiten hasi dira, haien iritziak jasotzeko eta hobetzeko proposamenik ba ote duten jakiteko. Gurasoei ikasturte hasieran jangelak nola funtzionatzen duen azaltzen diete eta jangelako hezitzaileekin, formazio saioa egiten dute. Ikasleekin, berriz, ikasturte hasieran ikasgela guztietan lantzen dituzte jangelako arauak; jangelan izan behar duten jarrera, hezitzaileekiko izan behar duten jarrera… Horrek guztiak jangelako giroa hobetzen laguntzen die.
Hezitzaileak epe luzerakoak izan daitezen saiatzen dira. “Gurasoak dira, baina zortzi urte baino gutxiagoko haurrik ez dute izan behar, bestela ez du funtzionatzen: haurrak ez du gurasoa hezitzaile gisa hartzen, etxeko ohiturak ikastolara ekartzen dituzte, haurrak ez dira ongi egokitzen eta hezitzaileek ere, ezin dute haien lana ongi bete”, aipatu du Inesek.
Baina, jangelan soilik ez, Uzturpeko ikasgeletan ere elikadura osasuntsuaren garrantzia azpimarratzen saiatzen dira. 5. mailatik gorako ikasleekin landu izan dute elikaduraren gaia, eta zenbait urtetan sukaldaritza tailerra ere izan dute. Gurasoentzako hitzaldiak antolatu izan dituzte eta ikasleek Ordiziako D’elikatuz zentroa bisitatu izan dute. Horrez gain, anorexiaren eta bulimiaren gaineko hitzaldiak ematen dizkiete ikasleei eta iaz, gosari osasuntsuak egiteko programan eman zuten izena.
Ibaiondo ikastetxea. Baratze ekologikoa hormigoi artean
Gasteizko Ibaiondo ikastetxean baratze ekologikoa egokitu dute. Ingurura begiratuta, errepideak, etxeak eta hormigoia besterik ikusten ez diren arren, natura oasi txiki bat dute ikasleek euren eskura urriaz geroztik. Zadorra Fundazioaren laguntzaz, eta Areitz Soroa baserri eskolak diseinatuta, baratze ekologikoa atondu dute eskolako jolastokiaren alboan. Balio pedagogiko handia du baratze ekologikoak, natura errespetatzen ikasteko eta bizitzaren zikloak ezagutzeko balio baitu, besteak beste. Elikadura osasungarriagoa ere izango dute hemendik aurrera ikasleek, Ibaiondoko jangelan bertako baratzeko produktuak prestatuko baituzte. Areitz Soroako Roberto Colinorekin izan ginen baratzearen inaugurazio egunean eta hark azaldu zigun zein den baratze ekologikoaren benetako balioa.
Zein da baratze ekologikoaren garrantzia?
Alde batetik, garapen jasangarria bultzatzen dugu, haurrek konposta egingo dutelako etxetik ekarritako materia organikoarekin; beraz, zabor hori ez da ez zabortegira ezta erraustegiren batera joango, zuzenean konposta sortuko dute. Bestalde, nekazaritza ekologiko mota hau muturrekoa da, ez delako ez ongarri kimikorik ez pestizidarik erabiltzen. Lurra beti materia organiko geruza batez estalia dago, hemen, belar geruza batez, baina gauza bera egin dezakegu konpostarekin edo etxetik ekarritako materia organikoarekin. Belar geruza hori palatxo batekin altxatzen da, eta horren azpian landatzen dira barazkiak. Izurririk ez dago, aldamenean lorategia dagoelako; lorategi berezia da landare usaingarriak ditu, eta horien bidez, zenbait zomorro eta intsektu erakartzen ditugu. Horiek, barazkiak jan ditzaketen intsektuak eta zomorroak jaten dituzte eta oreka lortzen dugu, kontrol biologikoa egiten dugu. Hemen ez dago makinarik, eta aitzurrik ere ez da erabiltzen, lurra zomorroen lanari esker mugitzen delako, eta solte geratzen delako. Belar txarrik ere ez da apenas hazten, eta hazten direnak sustrai eta guzti kentzea, erraza da. Zomorroei esker, gainera, konposta lortzen dugu eta gai organikoaren ziklo osoa ixten da baratzean bertan.
Zer ezaugarri berezi ditu eskola baterako diseinatutako baratze ekologikoak?
Batez ere, ikasturtean zehar landuko dituzte barazkiak, eta, horretarako, neguan negutegia izatea beharrezkoa da, hemen hotz handia egiten duelako. Udan, bestalde, jenderik ez dagoenez, ureztagailuak behar ditugu. Irakasleekin hitz egiten dugu haurrekin baratzea nola landu behar duten azaltzeko.
Formazio ikastaroak egin dituzue, beraz.
Bai. Ikastaroa antolatu dugu bai irakasleekin eta baita gurasoekin ere, baratze ekologikoa zer den eta zer logika duen ikasteko, eta eta ondoren haiek hori guztia haurrekin lantzeko.
Eta zer alderdi lantzen dituzue ikastaro horietan? Zer da garrantzitsuena?
Garrantzitsuena lurzorua zaindu behar dugula da, lurzorua bizi-bizirik izan behar dugula, eta horrekin, dena doan etortzen da ia-ia. Hemen produktibitatea oso handia da, diru gutxi inbertitu behar da, eta mantenua erraza da. Ez duzu ongarririk behar, gutxi ureztatu behar da, eta barazkien kalitatea oso ona da.
Beste esperientziarik baduzue Bizkaiko ikastetxe batzuetan. Emaitza onak lortu al dituzue?
Bai. Oso onak, eta hemen, Ibaiondon, gainera, baratzea eta jangela lotu nahi dituzte, eta bertatik ateratzen diren produktuak jangelan jango dituzte. Hori guretzat berria da, eta oso interesgarria. Eskola baratzea oso tresna interesgarria da irakasleentzat, curriculumeko hainbat arlo lantzeko aukera ematen duelako; matematikak, natura… Hasieran, beldur pixka bat izaten dute, lan handia izango dela pentsatzen dutelako, baina gero oso ongi moldatzen dira.
Horrelako proiektuek balio pedagogiko handia dute. Non islatzen da hori?
Gure mundua zaindu behar dugu, eta hori urrats bat da. Etxean eta eskolan ikasi behar da, eta eskoletan dauden baratzeek ekologikoak izan behar dute, ohiko baratzeetan ez delako horrelakorik ikasten, kontrakoa baizik. Hemen gainera ez dute ekoizpen berezirik behar, arazorik sortzen bada ez da ezer galtzen… Zer zaindu behar den, eta hori hain garrantzitsua zergatik den ikasten dute. Kontuan izan behar dugu landareek egiten dutena, geuk, zientzia gure eskura izanik ere, ezin dugula egin. Ez dugu landareekiko errespeturik eta hori ikastea beharrezkoa da, bertan bizitza dagoelako. Haurrek gauzen balioa ikasten dute era horretan.