Zertan zara ona?

2010-02-03
 
 
Arreta galtzen du, ipurtarina da, eta lan gehiago egin dezake. Notak jasotzen nituen bakoitzean, nitaz definizio hori irakurtzen nuen. Bizitzako nire bigarren definizioa zen, lehenengoa “isiltzen ez den ume zikin hau” izan zela uste baitut. Hasiera batean inolako arazorik ez, dena gainditzen bainuen. Arretagabea eta ipurtarina izatearen kontu horrek grazia ere egiten zien gurasoei. Lan gehiago egin dezake horrek, ez. Dena azken egunerako uzteko ikasketa teknika klasikoak ez zituen asetzen nonbait. Egunero pixka bat egitearen aldekoak ziren. Kasu egin eta soinketarekin hasi nintzen. Egunero pixka bat futbolean jolasten. Eta orain hemen nago: logikaren arabera, futbolari izan beharko nukeen, baina ez, 18 urtera arte inoiz egin ez nuen gauza batean ari naiz. Aktore lanetan. Izan ere, eskolan ez nuen inoiz antzerkirik egin. Arraroa dirudi, baina horrela da. Agian, eskolaurrean zerbait… baina ez dut oroitzen. 
Orain, berriz, egundoko poza ematen dit, gutxi bada ere, antzerkia, musika edo dantza lantzen direla ikusteak, gaur egungo gizartearentzako izugarrizko garrantzia dutela iruditzen baitzait. Hezkuntzak norberak dituen gaitasunak garatzeko tresna izan behar du, horretarako motibazioa eta sormena landuz. Lagunei zertan diren txarrak galdetuz gero, dozena erdi bat erantzun jasoko dituzu di-da batean. Ni matematikan zero, adibidez.  Baina, onak zertan diren galdetuta, erantzuteko arazoak dituzte gehienek. Bizitzaren zati handi bat nahi ez duguna identifikatzen pasatzen dugu, nahi duguna deskubritzen pasa beharrean, eta hezkuntzak horretan lagundu behar du. 
Horregatik, oso frustragarria da, adibidez, mundua kantari, dantzan edo piratarena eginez deskubritu nahi duen haurrarentzat aulkian eserita egin behar izatea. Batzuk ipurtarinak gara eta, beraz, txarrak eserita egin behar den edozer gauzatan kontzentratzeko. Onak zertan garen edo zerekin gozatzen dugun deskubritzeko aukera dinamikoagoak izateak gehiagori irekitzen die atea. Eta ona da hori. Gure ezaugarri onenak topatzeak segurtasuna ematen duelako, horrek motibatu egiten duelako, eta motibazioak sormena garatzen duelako. 
Sormena da edozein egoerari aurre egiteko dagoen tresna baliagarriena. Ez artearekin zerikusia duten gauzetarako bakarrik, baita gaur egungo gizartean hain garrantzitsua den komunikaziorako, lan taldeen kudeaketarako, negozio bat abian jartzeko edo sukalde bat muntatzeko ere. Sormena eta motibazioa landuz, egoera eta ofizio guztietarako baliagarri den hezkuntza lortuko dugu. Bizitzari aurre egiteko prestatuko gaitu eta, agian, zoriontsu izateko. Bestela, irakasle izateko zerrendetan zain dauden lizentziadunak sortzen jarraituko dugu.•