Nazioarteko hezkuntza. Egoerak eta erronkak
Europako hezkuntzaren egoera
Europako herrialde guztietan hezkuntza arazoek maiztasun handiz azaltzen jarraitzen dute, bereziki eskola eremuan.
Finlandia eta Japonia eskola emaitza onak dituzten herrialdeak dira, eta nazioarteko beste herrialdeekin alderatuta oso ongi sailkatuta daude. Horietan ere, ordea, arduratuta daude zenbait eskolek duten funtzionamenduarekin. Oso kezkatuta daude eskola porrotarekin, indarkeriarekin, eskola uzten duten ikasleen kopuruarekin, giza eskubideen errespetuarekin, eta beste hainbat hezkuntza arazorekin ere.
Azken aldian hizkuntza bera erabiltzen ari direla antzematen da; baita politika bateratuak ere, besteak beste, malgutasunaren, autonomiaren eta emaitzen kontrolaren bidean. Orain arte, Europako hezkuntza politikaren ardatz nagusia aukera berdintasuna, integrazioa eta jendarte kohesioa ziren. Une honetan, badirudi aldatzen ari dela, eta, helburu nagusiak, lehiakortasuna eta lehia ekonomikoa direla.
Europak ez dauka batasun etnikorik, ez dauka jendarte kohesiorik, ez politikorik, ez linguistikorik, ez hezitzailerik ezta kulturalik ere. Gure kontinenteak, inmigrazio handia du. Ondorioz, aldaketa demografiko handiak izaten ari da, eta horrek eragin argia du hezkuntza sistemetan. Bestalde, Europak gero eta biztanleria zaharragoa du, eta kontinente barruko inmigrazioa gero eta handiagoa da.
Europako Batzordeak ezagutzan oinarritutako ekonomia berriak ekarriko dituen aldaketak eta erronkak onartu zituen Lisboan (Portugal), 2000. urtean. Ondorengo helburu estrategikoa hitzartu zuen 2010. urterako: “Ezagutzan oinarritutako munduko ekonomia lehiakorrena eta dinamikoena bilakatzea: lanpostu hobe eta gehiagorekin, eta jendarte kohesio handiagoarekin ekonomikoki modu jasangarrian hazteko gai izanik”.
2010ean gaude eta aurrerapen batzuk gauzatu badira ere, ipar Europan (Suedia, Suomi…) nagusiki, ez da aurreikusitakoa bete. Helburuak lortzekotan, irakaskuntza hobetu beharko litzateke izugarri; baita haren kalitatea ere.
Horrez gain, berdintasun soziala ere hobetu beharko litzateke. Izan ere, Europako Batasuneko estatu pobreenetan (Portugal, Grezia eta Espainia) biztanleen errentaren arteko desberdintasuna handia da, estatu aberatsenetan, aldiz, aldeak txikiagoak dira (Danimarka, Suedia, Suomi, Austria…).
Nola antolatu Hezkuntza? Hezitzaileak, familia, komunikabideak...
Europa, orokorrean, hezkuntza sistemen dezentralizazio eta malgutasunerako bidean dabil. Dena den, jatorri dezentralizatzailea duten hainbat herrialdeetan (Alemania, Belgika, Danimarka, Erresuma Batua) zentralizaziorako joera izaten dute zenbaitetan. Aitzitik, zentralizaziorako ohitura eta antolakuntza orokorra duten herrialdeetan, Espainian eta Frantzian esaterako, dezentralizaziorako behar nabarmena antzematen da.
Bereziki Europa iparraldeko herrialdeetan, udalek hezkuntza eskuduntza asko dituzte. Espainian eta Frantzian, berriz, herrietako administrazioek funtzio gutxi dute sektorean.
Europako hezkuntza modu sistemiko eta malguagoan ulertu behar da. 90eko hamarkadaren hasieran, Suediako zenbait ikertzailek proposatu zuten hezkuntza sistemek ez zutela hain zurrunak izan behar. Orain arte, hezkuntza, bere ibilbidetik behin bakarrik pasatzen zen trena izan da. Hau da, trena galtzen zuen edonor salduta geratzen zen. Hezkuntza sistemak, ordea, etengabe harremanetan egongo den sare zabala behar du. Nahi dugunean edo komeni zaigunean tren hori hartu eta uzteko aukera eman behar du hezkuntza sistemak. Horrek guztiak, baina, malgutasun handia eskatzen du, komunitateari hezkuntza zerbitzu ona eskaini behar zaio, jendarte erakundeen adostasuna bilatu behar da, sektore pribatua eta publikoa batu behar dira, enpresak, hedabideak...
Irakasleen egitekoa
Azken urteetan hezkuntzaren dezentralizazio mailakatua gauzatzeko ahaleginak egin dira. Eta, orokorrean, jendartearen esku ahalmen gehiago uzteko saiakera egin da. Araudi berriek emandako aholkuak bide horretan doaz; eskumenak esparru nazionaletik eskualde edo erkidegoetara dezentralizatzea gomendatzen dute. Eta horietatik, ondoren, udaletara pasatu daitezela. Baina, bereziki, ikastetxeetara ailegatu behar dute eskumenek: horrela, hezkuntza komunitateak parte hartze handiagoa izango baitu hartu beharreko erabakietan.
Bien bitartean, irakasleak ezagutzaren gidaria eta jarraitzailea izan behar du, eta teknologia berriek lagundu egin behar diote. Besteak beste, edukiekin itota ibili beharrean, beren ikaskuntzaz arduratzeko aukera izan dezaten. Hau da, irakasleek ere ikasten ikas dezaten.
Sarritan drogekin edo indarkeriarekin lotutako jendarte arazoak konpondu beharko dira. Horiei irtenbidea ematea ez da irakasle bakar baten lana, irakasle taldearena eta ikastetxearena baizik. Hori guztia lortzeko, gaur egun, herrialde eskandinaviarretan egiten den bezalaxe, ezinbestekoa da ikastetxeei autonomia gehiago ematea . Zuzendariei eta gidaritza gaitasuna duten teknikariei indar edo botere gehiago eman behar zaie. Azken batean, ikastetxeek ikaskuntza erakundeak izan behar baitute.
UNESCOk behin baino gehiagotan nabarmendu du, egoera horretan, irakasleak ez direla arazoa, irtenbidea baizik. Hain zuzen ere, beraiek dira hezkuntzaren kalitatearen eragile nagusiak. Irakasleen lankidetza eta onarpena kontuan hartu gabe alferrik litzateke hezkuntzaren erreforma egitea . Horrela egin diren erreformek ez dute sekula arrakastarik izan Europan.
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen baitan dauden Europako hainbat herrialde aberatsetan kezkatuta daude dagoeneko irakasleak falta zaizkielako edo etorkizunean faltako zaizkiela nabaritu dutelako. Besteak beste, Ingalaterra, Gales, Herbehereak, Belgikako hainbat komunitate, Danimarka, Austria eta abar pairatzen ari dira irakasle eskasia. Herrialde horietako irakasleek sarritan sentitu dute beraien lanari ez zaiola behar besteko garrantzia ematen. Eta, era berean, beren lana gero eta mugatuagoa dagoela sentitzen dute; hau da, euren autonomia eta sormena murrizten doazela sentitzen dute, gero eta arau eta kontrol gehiago ezartzen dizkietelako.
Ez dago zalantzarik irakasleak duen jarrerak zuzenean eragiten duela ikasleengandik lortzen den etekinean. Horrexegatik, Norvegian eta Finlandian esaterako, maisu-maistra eta ikasleen arteko elkar eragina ezinbestekoa da. Irakasleek, komunikatzeko, motibatzeko, bideratzeko, babesteko eta abar duten modua erabakigarria da ikasleen errendimenduan. Azken batean, irakasle txar batek ikasleak gai baten inguruan izan dezakeen interes apurra guztiz zapuztu dezake. Irakasle on batek, berriz, badaki zer egin behar duen ikasleengan jakin-mina eta interesa pizteko: esperientzia berriak eskaintzen ditu, ikasleak eman dituen urratsak goraipatzen ditu, arrakasta lortu ez arren lanean jarrai dezan akuilatzen du eta abar.
Bestalde, aipatu dugu ikastetxeek ikaskuntza erakundeak izan behar dutela. Hori horrela izango bada, ziurrenik beharrezkoa izango da eskolaren eta familiaren arteko kontratu berri bat. Kontutan izan behar baitugu familia asko aldatu dela, eta, bitartean, eskolek garai batekoen oso antzekoak izaten jarraitzen dutela, oinarrizkoenean behintzat.
Irakasle idealaren profilari dagokionez, akaso, gauza gehitxo egin behar ditu; edo, behintzat, izan behar dituen konpetentzien zerrenda luzeegia dela esan daiteke. Besteak beste, honakoa izan behar du: balioaniztuna, aditua, aldatzen lagundu behar du, gogoetarako joera izan behar du, ikertzailea, intelektuala, kritikoa eta abar. Gainera, edukiak menderatu behar ditu, ikaskuntza bultzatu behar du, curriculuma interpretatu eta ezarri behar du, talde bakoitzari dagozkion eduki eta metodologia egokienak hautatu behar ditu, tokiko kultura eta errealitatea ulertu behar ditu, kultura aniztasunean oinarritutako hezkuntza bultzatu behar du, elkarrizketa sustatu behar du, teoria eta praktika uztartu behar ditu, besteak beste. Era berean, talde lana bideratu behar du, proiektu berritzaileak egiteko proposamenak egin behar ditu etengabe. Bien bitartean, ikasleek izan ditzaketen jendarte arazoak, osasunari dagozkionak edo arazo afektiboak antzeman behar ditu, eta, ahal izanez gero , konpondu. Gainera, ikasleei lagundu behar die sortzaileak izaten, arazoei aurrea hartzen eta egoera berrietara egokitzen, kritikoak izaten, arazoak identifikatzen eta irtenbideak bilatzen. Eta horrekin guztiarekin nahiko ez balitz, gurasoen parte-hartzea sustatu behar da, irakasle bakoitzak bere beharrak eta arazoak ere izango dituela kontuan hartu behar da...
Eta noski, eginkizun horiekin guztiekin batera irakasle batek teknologia berriak menperatu behar ditu. Munduan gertatzen diren arazoen ezagutza zabala eta sakona izan behar du, eta nola ez, ikaskuntza gidatzeko gai izan behar du.
Irakaslearen konpetentzien zerrenda amaigabe hori, baina, are gehiago luza daiteke. Esaterako, inmigrazioak hezkuntzan sortzen dituen arazoei ere aurre egin behar baitzaie. Zerrenda luze horrek, zalantzarik gabe, edozein pertsonaren mugak gainditzen ditu. Horixe al da Europako egungo hezkuntza politikekin eraiki nahi dugun agertokia? Horixe al da sortu nahi dugun irakaslea?
Zorionez, oraino, ez dago zehaztuta irakasle batek eta ikastetxe batek nolakoak izan behar duten. Atea zabalik dago, eta horixe zehaztea da herrialde bakoitzak duen erronka nagusia. Beharbada, lehenik eta behin, irakasleek egiten duten lana aitortu beharko litzateke, eta egindako lanaren arabera merezi duten diru-saria eman. Irakasleei arreta gehiago jartzea beharrezkoa da, hezkuntzaren gaineko edozein hobekuntza egin baino lehen.
Horrela egin ezean, irakaslearen lanak balioa galduko du eta hezkuntzako langile soil bat baino ez da bilakatuko. Europa osoa kontuan hartuta soldata baxua duen langilea izango da, gainera. Eta sarritan, administrazioarentzat, bere helburuak eta proiektuak gauzatzeko bidean traba baino ez da izango.
Askorentzat, irakaslearen lana krisian dago, eta egoera horrek egonezina sortu du ia Europa guztian. Eta, antza, Espainiako eta Frantziako estatuetan Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean somatzen da gehien.
Erronkak, familian, eskolan eta hedabideetan
Etengabe aldatzen ari diren jendarte eta lan munduari hausnarketa, koherentzia eta arrazionaltasuna eskain diezaiekete hezitzaileek. Baina etorkizunean Europak izango dituen erronkak ez dira eskola eremura mugatzen. Erronka horiek ikastetxeetan ez ezik, familian, hedabideetan, lan munduan eta jendartean bertan egongo dira.
Familiek beren seme-alaben hezkuntza gero eta alboratuago dutelako kezka oso zabalduta dago, eta familiek ezin dute ardura hori baztertu. Seme-alabei nahi dutena egiten utzi, eta, aldi berean, irakasleei ohitura txar horiek zuzentzeko eta hiritar onak bilakatzeko eskatzen ari dira. Eta helburua lortzen ez denean, errua telebistarena eta eskolarena izaten da. Zenbait herrialdetan, irakasleen erdiak baino gehiagok uste du familiek ez diotela behar besteko arreta jartzen seme-alaben hezkuntzari.
Baina eskolak eta familiak, bakarrik, ezin diote erronka guztiei aurre egin, eta enpresa pribatu eta publikoen inplikazio falta ere somatzen da. Ez diote etorkizunari begiratzen, eta ez diete jaramonik egiten hezkuntzarekin dituzten konpromisoei.
Bestalde, hedabideek ere ardura handia dute. Komenigarria litzateke, gutxienez, ikus-entzunezko merkatuak hedatzen dituen balioak errespetuarekin, hiritartasunarekin, tolerantziarekin eta demokraziarekin etengabe ez kontrajartzea. Haurrentzat egindako saioen gabezia izugarria da, eta ia ezinezkoa da telebista hezitzaileaz hitz egitea. Behar baino gehiagotan, hedabideek haurrentzat inondik inora eredugarriak ez diren pertsonak eta egoerak proposatzen dituzte jarraitu beharreko eredu edo idolo gisa.
Europako hezkuntza erronka nagusiak
Federico Mayor Zaragoza UNESCOko zuzendari ohiak bederatzi erronka proposatu zituen 2020. urteko hezkuntzari begira:
1. Irakasleriaren konpetentzien etengabeko eguneratzea. Hezkuntzaren kalitatea, irakasleen kalitatea eta dedikazioaren baitan dago. Baita ikasleekin eta haien familiekin dituzten harremanen baitan ere.
2. Irakasgai guztietako eduki hezitzaileak. Hiritar arduratsuen jarrerak lantzeko beharrezkoak diren balioei eta hiritartasun-heziketari arreta berezia jarriz. Azken urteetan, matematikak eta hizkuntzek berariazko garrantzia izan dute Europako Batasunean, ia beti ziklotan egituratuta.
3. Sare elektronikoak ikaskuntzarako tresna lagungarri gisa barneratu eta baliatu behar dira. Beti ere, kontuan izanda, horietara sarbidea ez izateak bazterketa sor dezakeela.
4. Hezkuntza testuinguruen ulermena aldatu behar da. Ezagutza berrien ekarpenak kontuan eduki beharko lirateke, baita prozesu kognitiboen kontrola eta horien gaineko ikerketak ere.
5. Etengabe garatzen ari den ezagutza garaikideari arretaz begiratu behar zaio. Lehentasuna izan behar dute, batetik, ezagutza zientifikoak; eta, bestetik, erreferentzia kultural, etniko eta anitzak eraikitzeko aukera eskainiko duten ezagutza historiko eta sozialek.
6. Bizitza osoan zehar jakin behar da heziketari eta ikaskuntzari eskaintzen zaion denboraren eta lanari edo aisialdiari eskaintzen zaion denboraren arteko harremana kudeatzen .
7. Hezkuntza erakundeek kudeaketa arinagoa eta ez hain hierarkikoa izan beharko lukete. Horrela, hezkuntza enpresa autonomoagoak bilakatzeko. Hezkuntza erakunde publiko zein pribatuek aktiboagoak, dinamikoak eta burujabeak izan beharko lukete.
8. Botere publikoaren parte hartzeak hezkuntza sistementzako estrategiak ezarri beharko lituzke. Besteak beste, finantziazio sistema berriak pentsatuz eta hezkuntzaren alorreko elkarlana eta akordioak ezarriz: esaterako, komunikazioarekin eta edizioarekin harremana duten enpresekin hitz eginez.
9. Hezkuntza erakunde ezberdinak, formalak, informalak, urrutikoak eta abar garatu beharko dira. Eta, gainera, ikuspuntuen aniztasuna baliatu beharko lukete elkar aberasteko. Horrela, baliabideetara edo teknologia berrietara ailegatzeko etengabe hazten ari diren ezberdintasunek sortutako erronkak gainditu ahal izango dituzte.
Analfabetismoa munduan
Thailandiako Jomtien hirian egin zen 1990ean UNESCOren Munduko Hezkuntzaren Biltzarra. Oinarrizko hezkuntza haur, gazte eta heldu guztien esku jartzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu zuten orduan
Nazio Batuen Erakundeko kide diren herrialde guztiek.
Hamar urte beranduago, Dakarren (Senegal) egin zen Munduko Hezkuntzaren Foroa Guztientzako hezkuntza: gure konpromisoak bete lelopean. Biltzar hartan, hezkuntzari dagokionez, honakoa adostu zuten nazioarteko agintariek: oinarrizko lehen hezkuntza unibertsala bihurtzea.
Hitzetatik konpromisora
Dakarreko foro hartan, hamar urte lehenago Jomtienen adostutakoak garatzeko akordio politikoak zehaztu zituzten. Horrela, 2000-2015 urteen artean munduko pobrezia murrizteko estrategia orokor baten baitan, sei helburu nagusi ezarri zituzten guztientzako oinarrizko hezkuntza lortzeko.
Gaur egun, mundu osoan 80 milioi haur inguru daude (%60 neskak) oinarrizko hezkuntza jasotzeko aukerarik gabe. Gainera, herrialde guztietan (industrializatuak edo garapen bidean daudenak), analfabetismo funtzionala oso arazo larria da. Egun 800 milioi dira alfabetatu gabeko helduak munduan.
Bestalde, 100 milioi haur baina gehiagok eta milaka helduk ez dute lortzen oinarrizko hezkuntza amaitzea; eta beste milaka dira amaitu arren beharrezko ezagutza eta oinarrizko gaitasunak bereganatzen ez dituztenak.
Helburuak betetzeko epea, baina, amaitzen ari da. Izan ere, 2015ean jarri zuten muga Dakarren egindako foroan, eta bost urte baino ez dira falta. Joan den urtarrilaren 19an UNESCOk kaleratutako hezkuntzaren inguruko txostenaren arabera, oso murritza da helburuak erdiesteko aukera. Datu horien arabera, orain arteko erritmoan jarraituz gero 2015en 56 milioi haur baino gehiago egongo dira eskolatu gabe. Eta egoera hori herrialde txiroenek pairatuko dute bereziki: “Herrialde aberatsak krisialditik ateratzeko bidea egiten ari diren bitartean, herrialde txiro askok atzerakada somatuko dute beraien hezkuntza sistemetan. Ezin dugu haur belaunaldi oso bat galdu eta pobreziatik irteteko aukera eman diezaiekeen hezkuntzarik gabe utzi”, adierazi zuen Irina Bokova UNESCOko zuzendari nagusiak.
Dakarren hartutako konpromisoak
1.- Lehengo haurtzaroaren heziketa eta babes integrala zabaldu eta hobetu, bereziki haur ahulenentzat eta laguntza gehien behar dutenentzat.
2.-Munduko haur guztiek 2015a baino lehen kalitatezko, doako eta derrigorrezko Lehen Hezkuntzarako sarbidea izan dezaten eta amai dezaten arduratu. Bereziki, egoera zailetan dauden edo gutxiengo etniko bateko kide diren neska-mutilentzat.
3.- Gazte eta heldu guztien ikaskuntza beharrei erantzun, hezkuntza egoki baterako bidezko sarbidea eta bizitza osorako prestakuntza programak eskainiz.
4.- Alfabetatutako helduen kopurua, batez ere emakumeena, 2015. urterako %50 igotzea. Eta, ere berean, heldu horiei guztiei oinarrizko eta etengabeko hezkutzarako bidezko sarbidea erraztea.
5.- Lehen eta Bigarren Hezkuntzan generoen arteko ezberdintasunak deuseztatu 2005. urterako eta hezkuntzaren alorrean genero berdintasuna lortu 2015a baino lehen. Bereziki, neska guztiei kalitatezko oinarrizko hezkuntzarako sarbidea eta errendimendua bermatuz.
6.- Hezkuntzaren alderdi kualitatibo guztiak hobetu behar dira. Bereziki irakurketa, idazketa, aritmetika eta oinarrizko konpetentzien ikasketan emaitzak lortu ahal izateko helburuarekin parametro altuenak ziurtatuz.
Konpromiso horiek guztiek alfabetizazioa dute helburu. Azken batean, ezberdintasunei eta pobreziari aurre egiteko ezinbesteko faktorea delako.
Lisboako ituna
Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeek, 2007ko abenduan, Lisboan (Portugal) adostu zuten itunak honako artikuluak biltzen ditu hezkuntzari dagokionean:
Hezkuntza, Lanbide Heziketa, gazteak eta kirola
165. artikulua
1. Batasunak kalitatezko hezkuntzari lagunduko dio. Batasuneko kideen arteko elkarlana sustatuz, eta beharrezkoa izango balitz, herrialde horien ekimenak lagunduz eta osatuz. Betiere, bakoitzak bere hezkuntza sistemaren antolaketaren eta edukien gainean duen ardura eta herrialde bakoitzeko aniztasun kulturala eta linguistikoa errespetatuz.
Batasunak kirolaren alderdi europearrak sustatzen lagunduko du bere ezaugarri zehatzak kontuan hartuz. Besteak beste, boluntarioen lanean oinarritutako egitura eta bere funtzio sozial eta hezitzaileak.
2. Batasunaren lana ondorengo
alorretara bideratuko da:
— irakaskuntzan dimentsio europearra garatzea, bereziki batasuneko kideak diren herrialdeetan hizkuntzen ikaskuntzaren eta hedapenaren bitartez,
— ikasle eta irakasleen mugikortasunari lagundu, bereziki tituluen eta ikasketa aldien aitorpen akademikoa sustatuz,
— ikasketa zentroen arteko elkarlana bultzatuz,
— Batasuneko kide diren estatuen artean prestakuntza sistemen inguruko informazio eta esperientzien trukaketa areagotuz,
— gazteen eta jendarte hezitzaileen trukeak areagotzen saiatu, eta, era berean, gazteek Europako bizitza demokratikoan gehiago parte har dezaten butzatuz,
— urruneko hezkuntzaren garapena sustatuz,
— kirolaren dimentsio europearra garatu, lehiatzeko aukera pertsona guztiei zabalduz eta kirol erakundeen arteko elkarlana sustatuz. Eta, bereziki, kirolari gazteen segurtasun fisikoa eta morala babestuz.
3. Batasunak eta bere kide guztiek elkarlana sustatuko dute gainerako herrialdeekin, eta hezkuntza zein kirol gaietan eskumena duten nazioarteko erakundeekin, eta bereziki Europako Batzordearekin.
166. artikulua
1. Estatu bakoitzak lanbide heziketaren alorrean egiten dituen ekimenak indartu eta osatuko dituen politika garatuko du Batasunak. Betiere, estatu bakoitzak Lanbide Heziketaren edukien eta antolamenduaren inguruan duen ardura errespetatuz.
2. Batasunaren lana ondorengo
alorretara bideratuko da:
— eraldaketa industrialen egokitzapena erraztea, bereziki heziketa eta birmoldaketa profesionalaren bidez,
— hasierako Lanbide Heziketa eta Heziketa Iraunkorra hobetzea, lan merkaturako sarrera profesionala errazteko,
— informazio profesionala eskuratzeko modua erraztu, eta hezitzaile zein prestakuntzan dauden pertsonen mugikortasuna erraztu, bereziki gazteen kasuan,
- irakaskuntza zentro eta enpresen arteko elkarlana piztu prestakuntzako gaien inguruan,
- Batasuneko kide diren estatuen artean prestakuntza sistemen inguruko informazio eta esperientzien trukaketa areagotu.
3. Batasunak eta bere kide guztiek elkarlana sustatuko dute gainerako herrialdeekin, eta baita Lanbide Heziketaren alorrean eskumena duten nazioarteko erakundeekin ere.